Mendia

Osoro eta Hernandezentzat Euskadiko txapela Izaban

Alba Xandri eta Joan Freixa katalanek irabazi dute igandean jokatutako Izabako triatloia

2014ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Joan Freixa eta Alba Xandri izan dira nagusi igandean jokatu zen Izabako (Nafarroa) neguko triatloian; jokoan zeuden, halaber, Espainiako koparako laugarren eta azken proba puntuagarria eta Euskadiko txapelketa ere. Izabako proban eta gizonezkoetan, Raul Roda nafarra izan zen euskal ordezkari onena, Freixaren atzetik bigarren postuan sailkatuta. Emakumezkoetan, Gemma Hernandez triatloilaria (Zumarraga, 1978) izan zen lehen euskal ordezkaria. Euskadiko Txapelketan, Pello Osorok eta Gemma Hernandezek eraman zuten txapela. Osoro eibartarra bosgarren izan zen helmugan.

Parte hartzaileek 8,5 km egin zituzten korrika Izabako kaleetan barrena; ondoren, beste 22 km errepidean eski pistetara igotzeko; eta, azkenik, 10 km iraupen eskian, Roncalia El Ferial eski pistetan.

Maila handiko lasterkariekin lehian aritu ostean, zazpigarren postuan amaitu zuen proba Gemma Hernandezek, eta hark jantzi zuen Euskadiko txapela. «Nesken lasterketan, hasieratik Espainiako kopako proben buruan ibili diren triatletek eraman zuten pisua. Soraya Garcia asturiarra oso indartsu atera zen, eta, haren atzetik, minutu bateko tartean beste sei neska joan ginen. Banekien trantsizioan zegoela koska, bizikletako taldetxoa osatzeko eta igoera bakarrik ez egiteko. Kostata, baina bigarren postutik bosgarren postura bitarteko nesken taldetxoan sartu nintzen», esan du.

Hernandez ez omen da horren iaioa eskian, eta probaren azken zati horretara ahalik eta ondoen iristea zen haren nahia. «Taldekideen eski maila kontuan hartuta, banekien ez neukala zer eginik lasterketan, baina Euskadiko Txapelketa ziurtatzea zen nire helburua. Eskiko zatira bosgarren postuan iritsi nintzen, eskian beste bi postu galdu nituen, baina Euskadiko txapela lortu nuen, eta oso pozik nago», esan du.

Zumarragarra udako triatloietan aritzen da batez ere, eta negukoak udakoen prestakizun gisa baliatzen ditu. Hain zuzen ere, Izabako proba izan da zumarragarrarentzat neguko azken lasterketa, eta hemendik aurrera udako lasterketetan murgilduko da. Apirilaren 27an egingo du udako lehen proba: Terres del Ebreko (Katalunia) ironman erdian (2,5 km igerian, 80 km bizikletan eta 20 km korrika) parte hartuko du. Euskal ordezkari asko izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.