Mendia

Ehunmilietako eta G2Hko izen emateak, martxa onean

Ekainaren 3an amaituko da Beasaingo EHM (168 km) eta G2H (88 km) ultratrailetan izena emateko epea

Jose Vicente Benito 2011ko bigarren sailkatua —ezkerrean—, Otzaurtera iristen. ARKAITZ APALATEGI / GOIERRIKO HITZA.
2014ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Bi hilabete eta erdi falta dira Euskal Herriko iraupen luzeko bi lasterketa nagusietarako: uztailaren 11tik 13ra bitarte jokatuko dira Ehunmiliak (168 km) eta Goierriko Bi Handiak (88 km), Beasainen, Gipuzkoan. Orain arte jasotako eskaerak ikusita, probak inoizko jendetsuenak izango dira, eta antolatzaileek gogorarazi dute izena emateko epea ekainaren 3ra arte egongo dela zabalik.

Bost urte beteko dituzte aurten Euskal Herriko bi ultratrail nagusiek. Uztaileko bigarren asteburuan mendizalez eta jarraitzailez beteko dira Aralar mendigunea eta Aizkorri-Aratz parke naturala. Bostehundik gora pertsonak emana dute izena bi proba handietan: 279k Ehunmilietan eta 228k G2Hn. Bostehun partaidekoa da muga bakoitzean. Antolatzaileen esanetan, «parte hartze markak hautsiko» dituzte. Pozik daude proba izaten ari den harrera dela eta, eta aitortu dute «emaitza onak» eman dituela izen ematea aurreratu dutenei prezioa merkatzeak. Izena eman nahi dutenek 165 euro ordaindu behar dituzte Ehunmilietarako, eta 95 euro Goierriko Bi Handietarako. Mediku ziurtagiria ere bidali behar dute.

Berrikuntza: GPS irrati-baliza

Partaide kopurua handitzeak lana areagotuko die, baina indartsu eta buru-belarri ari dira azken prestakizunetan. «Antolakuntzarentzat, azken hiru hilabeteak izaten dira gogorrenak. Probaren eguna gerturatzen den heinean, segurtasunarekin eta logistikarekin zerikusia duten arloak lotzen saiatzen gara eta», azaldu dute. Ildo horretan, berritasun bat izango da aurten: Ehunmilietan parte hartzen duten lasterkariek GPS irrati-baliza bat eramango dute aldean. Tresna horri esker, antolatzaileek une oro jakingo dute parte hartzaile guztien posizioa zein den, eta horrek areagotu egingo du «korrikalarien segurtasuna». Probaren jarraitzaileentzat ere abantaila izango da: «Proba Internetez ikusi nahi dutenek zehazki jakin ahal izango dute lasterketaren egoera eta lasterkarien posizioa, une oro eta denbora errealean», azaldu dute.

Ehunmiliak eta G2H Beasainen hasi eta amaituko dira, uztaileko bigarren asteburuan. Iaz Imanol Aleson (22:59:19) eta Nerea Martinez (28:07:47) izan ziren azkarrenak lasterketa luzean; Iñaki Catalan (11:05:07) eta Silvia Trigueros, berriz, G2Hn (13:15:40).

Ez dira Euskal Herriko ultratrail bakarrak. Maiatzaren 3an izango dira Apuko Extreme (90 km), Apuko Long Trail (65 km) eta Apuko Maratoia (42 km), Zaramillon (Bizkaia). Gaur amaituko da proba horietan izena emateko epea. Ekainaren 14an izango da, berriz, Hiru Handiak, Gopegin (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.