Testu osoa
LEHEN PEREDIKÜA

1 - Honki jin züer oroer
Herritarrer eta arrotzer
Arrastiri hon züer dener
Pastoraltzaile hain fideler

2 - Egünko gure süjeta
Ez zaikezüe epikoa
Eskolan ez beit'ikasten
Bereterretxen ixtoria

3 - Haatik sei menteen ondotik
Norbaitek ontsa hontürik
Bereterretxen kantorea
Herrian beti bizirik

4 - Haren bertso ederrekin
Arrunt gira trajerian
Ikusiz gure begiez
Zer zen agitü gaü hartan

5 - Aitonen semeak auher
Engañatzen ziren gerlan
Agaramuntesak alde bat
Beaumontesak bestaldean

6 - Jakintsünen arabera
Bereterretxen ehailea
Beaumontesa zen Kontea
Mauleko Jauregi zaina

7 - Bereterretxek haütatürik
Agaramuntesen aldea
Haiek hobeki züelakoz
Artatzen jente ttipia

8 - Zer agitü zen xüxenki
Nork badaki erraiteko
Memento nahasi haüetan
Agitürik holako franko

9 - Bardin Lerin Konteari
Kostatü zaion Margarita
Ezpeldoiko etxek'alaba
Bereterretxen lagüngeia

10 - Etzen gero gaitz Jaun baten
Ogendant ekar araztea
Larraintar gizon gaztea
Axuria otsoaren kontra

11 - Hots Bereterretx Larraintarra
Jaun horren bortizkerian
Adinik hoberenean
Hil zen Ezpeldoi altean

12 - Nola beitügü ikusi
Hala hontü pastorala
Ez bada xüxen xüxena
Bizi dadil'alegia

13 - Ütziko düt perediküa
Has dadila pastorala
Egon dadin gogoetan
Bereterretxen trajeria

SATAN GEHIENAK : Sü eta Ke


14 - Ikusten düka nik bezala
Hortxe den jentezionea
Fite abüsioneari para
Lanari oro eskapa

Ke
15 - Bai eta guretako haütü
Üzten haüt horien nahastera
Banoak haritz baten itzaleala
Klüxka baten egitera


16 - Ago baratx auher ejerra
Lan eginareki arrunt prest
Nausiak biak igorri gütik
Ordüan egon hadi heben eneki

Ke
17 - Okay okay no problema
Hik gizonak nik emazteak
Bena lehenik biak zoin lehent
Ahalke ditean Basabürüko dantzariak

Jelkaldi 1

 

1438 : Erramü egüna
Done Jakeseko erromesak Larrainen

Jakob zaharra
18 - Adiskideak pausa gitean
Arrastiri bat Herri hontan
Hol'entzünen dügü meza
Erramüren ohoretan

Klovis
19 - Zonbat ürrats aztaletan
Ta hor'hainbeste aitzinean
Galiziako izarrak
Noiz düzkegü lühartzean

Künegonde
20 - Egün oroz emekiñi
Hüllantzen gütük haüetarik
Ez gütükek ez lehenak
Xenda horietan ebilirik

21 - Ikusten düzüeia gerla
Zer tristeziak bazterretan
Familiak beren artean
Nahasirik eta herran

Düka
22 - Heben bi familia handi
Aspaldian dütük gerlan
Üs'agitzen den bezala
Bestea beti ogendant

Jelkaldi 2

Meza ondo Larrainen

Zabalette Apeza
23 - Honki jin herri hontara
Erromes adiskideak
Ikusirik züen oinak
Esprabi zütüe bideak

Marisantz
24 - Tziauzte orai gur'etxerat
Axuria dügü labean
Bihar ontsa pixkortürik
Kurri ziteen bortüetan

Duka
25 - Eüskaldünen batzarria
Baganakin haütü zela
Plazer dükegü züekilan
Erramüren gozatzea

Maltako zaldüna
26 - Iruñan erregiñari
Salatüko deiogü klarki
Hebenko aitonen semeak
Zoin diren bortiz züeki

Laboraria
27 - Nahiz ez den ihor xuri
Mauleko Jaun kapitaina
Denetan den gaixtoena
Arrunt oroer mehatxüa

Lou romeiro
A onde irà meu romero
Meu romero a onde irà
Camino de Compostela
Non sei si ali chegarà
O seus pés cheos de sangre
Xa non poden meis andar
Va tocado o pobre vello
Non sei si ali chegarà
Si agora non teno forzas
Meu Santiago m'as darà
Chegaron a Compostela
E foron a Catedral
Si queres tira'm a vida
Podes' m a Senor tirar
Porqué moreréi contento
N'esta Santa Catedral

Hitzak : ezezagüna
Ahaidea : P.-P. B.
Moldaketa : Juana Etchegoin

Jelkaldi 3

Musde Lerin (Jaun Kontea) arranbelariekin

Musde Lerin
28 - Orkatz eder hau ehorik
Goatzan arrunt errearaztera
Ligiko ostatüetan
Higa dezagün egüna

Draküla
29 - Egüna eta gaüa bardin
Jateko hon ardo berri
Gero pullarda ejerrer
Ais'egiteko batzarri

Donjon
30 - Basabürü hontan gaurgoiti
Legea ezpataren püntan
Lotsaraz dezagün jentea
Nor den nausi asma dezan

Menauxote
31 - Agaramuntek uste dik
Alte düala Herria
Bena zer da popülüa
Uxuuu egin eta ikara

Musde Lerin
32 - Joanen gitziok ülüntzean
Oihanalat nardatzera
Txesta dezan zorrotz denez
Gure ezpaten mihia
Oro erriz

ASTELEHENA

Jelkaldi 4

Bataila Haunzeko oihanean

Gexan Agaramunt
33 - Zer ari hiz hor oihan hontan
Ez dük aski hihaurenetan
Deusere ez dük errespetatzen Bizioa oro aharran

Musde Lerin
34 - Beti marrakaz hiz Gexan
Hi gizon karana ni tzarra
Bailakatzen dük popülüa
Altxa dadin ene kontra

Gexan Agaramunt
35 - Badakik nik bezain ontsa
Hogei jakilen aitzinean
Onartü dükala bakea
Lüküze-ki ber denboran

Musde Lerin
36 - Ützak Lüküze den leküan
Bürüz bürü gütük mementoan
Hi bezain züzendün beniz
Basabürüko lürretan
Bataila Haunzeko oihanean

Jelkaldi 5

Haunzen, Gexan Agaramuntesen etxen

Gexan Agaramunt
37 - Debrü Lerin arnegata
Ohore gabeko gizona
Eho diküzü etxezain bat
T'ebatsi haren bohorra

Doña Inglesa
38 - Gezürra eta mendeküa
Musde Lerin-en Kredoak
Ezi eman bezain sarri
Jaten dütü bere hitzak

Bereterretx
39 - Hamarretan pürü bakea
Egin düzüe "horiekilan"
Baia ezpain mütürretik
Eza gogor sabelean

Margarita
40 - Musde Gexan Basabürüan
Jentea etsitzen ari düzü
Haboroxik alte dütützü
Zütan kontatzen dizügü

Musde Arranzeta
41 - Sinets dezagün bakean
Ez diralakoz honik gerlak
Behar ditützügü mintz'arazi
Bi aldeko bürüzagiak

Bereterretx
42 - Goatzan orai bertan etxerat
Margarita tziauri eneki
Oihana ez delakoz segür
Lagüntzen zütüt bid'erdi

Jelkaldi 6

Margarita eta Musde Lerin

Musde Lerin
43 - Zelüko Jauna zer düt hau
Izarretarik eroririk
Zoazte aitzina ni ützirik
Jinenko beniz ondotik

44 - Nontik horra zir'ederra
Eta zer düzü izena
Zük badakizü nor nizan
Entzünik arauz ene fama

Margarita
45 - Nork etzütü ezagützen
Musde Lerin Jaun Kontea
Bena badakit Jauneki
Ez dela haizü elestatzea

Musde Lerin
46 - Ez bazira ahal mintzatzen
Kanta dezagün ordüan
Ikusiz zure begiak
Trebe zirateke bertsokan

Kanta biek

Ama batek ote sortüa zütü
Ama batek ote sortüa zütü
Ederra zirela itxüra badüzü
Ez da zelüetan izarrik agertü
Itxüra bera düana hartü
Ez bortü gorenetan
Elürrik pausatü
Garbitarzün bera düanik hartü
Jauna mintzo zira profeta bezala
Üdüri zaüt badüzüla eskola
E'nezazüla beraz sobera flata
Joan behar bainiz serora
Komentü batetarat betikoz banoa
Ikas ahal dezadan zelüko bidea
Ezta komentüetan, ez da bakarrik han
Nihor bizi denik oi bere plazeretan
Ez ezar bürüan joaiteko bertan
Egon zite egon libertatean
Nik pena banikezü ikus bazintzat han
Reiahetan barnen hurtzen nigarretan

Hitzak eta ahaidea : Herrikoiak

ASTEARTEA

Jelkaldi 7

Margarita eta Bereterretx

Margarita
47 - Atzo etxeko hargian
Hi ützirik ordüan berean
Kürütxatü diat Musde Lerin
Orano beniz ikaran

48 - Ez nitzok aisa ezkapi
Erranik seroratzeko
Xedea nükeala balinba
Bakearen ükeiteko

Bereterretx
49 - Ez düzü orai zeditüko
Zütan ezarririk soa
Beitaki ere ingoitik
Haunzen aldeko zirela

50 - Beti heben gainti düzü
Jenteer mehatsü egiten
Oldartü behar dizügü
Ez düa ordaria merexitzen

51 - Bihar goizean Liginagan
Gexan-eki gei dizügü
Armatü hogei bat gizon
Ikus dezan hor girela pürü

Margarita
52 - Ikusten bahai erditan
Kasü emak otoi hiri
Ehai ütziko bakean
Zitala beita Jaun hori

Bereterretx
53 - Margarita ontsa badakit
Biak girela arrisküan
Bena behar dügüa egon
Esküak kürütxe etxean

54 - Berri honez üda hontan
Ezkontzen ahal gütüketzü
Badakizü nola nizan
Aspaldian horren haidürü

Margarita
55 - Entzün gitzala zelüak
Denbora nahasi horietan
Zer date gure geroa
Beltzdüra bat düat bihotzean

Jelkaldi 8

Lamiñak

Ligiko zübüa

Ühaitzaren gainetik igaraiteko, aspaldidanik
Ligiarrek zübü baten egitea aipatzen züen. Bena
günea hain hilbidezko zelakoz, holako lan baten
abiaraztera nihor ez zen ausartzen. Egün batez,
azkenekoz, Gamereko karbe batetan bizi ziren
Gillen izeneko lamiñak behartü zütüen. Lamiñek,
zübüaren eraikitzea hitzeman züen gaü batez lehen
oilarra kantatzen hasi beno lehen. Ordaintze gisa,
Ligiarsa gazte baten arima, herritarrer galtegin
zeien.
Bazko astean, Ligiko ollar güziak xarmatü ondoan,
txestü honean lanean hasi ziren. Ühaitzatik biltzen
zütüen harriak pikatzen eta esküz eskü igaranarazten
zütüen bezala entzüten ziren : "To Gillen !
Aitzina hadi Gillen ! Eman ezadak Gillen ! Beste
harri hau har ezadak Gillen !..." eta hola tai gabe
lanean aritzez, zübüak bertan itxüra ederra hartü
züan. Lamiña batek azken harria esküan züalarik,
uste gabe izigarri bat agitü zen, orano arraultzean
zen txitxa bat kantatzen hasi zen. Ordüan, Gillenek
harria hurealat erortera ützi züan eta kexüan oihükatü:
arraultze hau errün düan oiloa debrüak eraman
baleza, gure lan saria galdü dügü..." eta murmuzikaz
lamiña güziak beren karbealat ützüli
ziren. Ligiko zübüan, geroztik beti harri bat ments
da eta lekü hortan beste harri baten etxekaraztea
ihork ez dü orano kausitü...

ASTEAZKENA

Jelkaldi 9

Bataila Liginagan

Gexan
56 - Berriz hortxe gütük bürüz bürü
Ez hiz sartüko oihan hontan
Aserik nük hire balentriaz
Egon hadi pettarrean

Musde Lerin
57 - Ikusten diat zerbait berri
Hortxe hire lagünetan
Laborari zonbait bildü dütük
Bereterretx haüen erditan

Gexan
58 - Hortan baratzen ahal gütük
Gibeltzen bahiz ixtantean
Aharra ala bakea
Orai hire esküetan

Musde Lerin
59 - Uste badük züen aitzinean
Mauleko Jaun kapitaina
Gibeltüko dela lotsaz
Txainkü hiz bürütik gaixoa

Bataila

Jelkaldi 10

Lextarreko kortean

Johan d'Espès
60 - Noiz arte behar düzkegü
Aitonen semeen gerletan
Galdü semerik hoberenak
Eta bizitü hersdüran

Gillem Arnaude
61 - Ez bada Basabürüan
Heben Maule üngürüan
Egün oroz nigarretan
Familiak hil herrietan

Tristan Abbadie
62 - Jada hartzen deizküe oro
Üztak eta kabaleak
Behar dütügüa ützi ere
Jauntto horier gure haurrak

Jean de Caxau
63 - Gerla zibila hüllan da
Etxeak zaizkü hüstüko
Ez bada jiten bakea
Xiberoa oro galdüko

Menaud de Barhène
64 - Behatzen zütüet oro
Entzüten züen oharrak
Bihar berean San Antonin
Biltzen dira bi familiak

Jean de Miglos
65 - Nafarroako erregiñak
Arbasoen tratatüa
Nahi dü arraberritü
Ezarri berriz bakea

Gixarnaute
66 - Noiz date egün eder hura
Gizonak beren züzenetan
Bizi anaitarzünean
Algarren errespetüan

Denek kanta

Herrian bizitzeko balada
Gosearen bortxazko lür puska hürrünez
Aments egin ondoan lekü eta günez
Treinak betetzen dira ümezürtz ülünez
Baratzea hersatzen ikusten dügünez
Galtatzen dereiküe gaur auhen ezagünez
Ekaitzaren kolpeaz bürüak plegatzen
Sükaltetako ateak banazka zerratzen
Asün eta kaparrak azkenik hedatzen
Bakartarzüna zaükü soetan lerratzen
Zühainak ditüztela errotik segatzen
Erran deiküe beti behar zela joan
Ahalaz gazte gazte lan adin goxoan
Herrian bizitzerik ez zela gogoan
Ta baratzen direnak sütondo xokoan
Ttatit egoiten dira agurrak ahoan
Txoriñoa bezala hoztürik hezürrak
Habiak altxatzeko biltzean egürrak
Kanta detzagün kanta bortüko elürrak
Alorretan harriak egiak gezürrak
Bilaiz izanik ere gure dira lürrak

Hitzak : Itxaro Borda
Ahaidea : P.-P. B.
Moldaketa : Juana Etchegoin

OSTEGUNA

Jelkaldi 11

San Antoni gainean

Blanka Erregiña
67 - Bildü gira mendi hontan
Arbasoen izenean
Bakearen berritzeko
Bi familien artean

68 - Iruña artino ezagün da
Züen herraren oiharzüna
Erraiten deizüet klarki
Galdü düzüe adimena

Apezküpüa
69 - Behar del'algar maitatü
Jinkoak deigü erraiten
Ikas dezagün lehenik
Gühauren artean süportatzen

Jean d'Aragon
70 - Bizi zidee aisantzean
Herria aldiz nekezian
Etsenplü hon baten partez
Gaitza dü begien bixtan

Apezküpüa
71 - Ez da sekülan berantegi
Bakearen egiteko
Ürrikiaren indarrak
Mündüa dü salbaltüko
Esküak eman bi parteek

Oroek kanta

Agur Agaramontesak
Agur Agaramontesak
Agur ere Beaumontesak
Agur San Antoni
Aidea sano da San Antoni gainean
Txapela berriak xuri hegia
Jinik girenaz geroz bake egitera
Dezagün egüntto bat iragan alagera
Ditzagün armak pausa bai eta jar gustüan
Orok algarrekin jan eta edan
Egündanik aitzina libro girateke
Trankilin jokatzeko nork gure aferetan

Hitzak eta ahaidea : Etxahun-Iruri

Jelkaldi 12

Mauleko Türketak

Trebes
72 - San Antonin ontsa aserik
Or'adiskide axalez
Bakea eginen diñe bai
Egün batez edo biez

Begilüz
73 - Jin baledi orai bakea
Gerlarik ez soldadorik ez
Nola bizi ginate gü
Soldadorik ez ofiziorik ez

Gilika
74 - Jokatzen diñat ingoitik
Lerinek ahatzerik düala
Gainen eman düan hitza
Mozkorren elea al'haizea

Gibelka
75 - Goatzan orai Jauregira
Jauntto horren aholkatzera
Fite konprenitüko düan
Non den bere interesa

Jelkaldi 13

Ostirale saintü Larrainen

Zabaleta apeza
76 - Haurrideak biltzen gira
Pasioneko ostiralean
Kürütxearen misterioan
Kristoren heriotzean

77 - Kanta dezagün oroek
Biziaren esperantxa
Ezi gaüaren ondotik
Jinen betzaügü argia
Vexilla regis
Orai gerlako bandera
Dü alferitzak ahürrera
Orai nabaritüz doa
Kürütxe misterioa
Zoinetan haragiaren
Egileak gaitz igaren
Bait'egonik hedatürik
Oin esküak itzatürik
Agur o zur kürütxea
Zoinetan beita en'ustea
Orai pasione denboran
Jauna dütenak gogoan
Jüstotarik jüstoago
Egizkik et'aitzinago
Gaizkiegiler ützezaek pena
Gaizki eginez zor dütena
Hiri Jinko hirurküna
Güziek gehien dügüna
Gog'orok bide bezala
Elesari demaiala
Gü hihauren herioaz
Kürütxe misteriosaz
Salbatü gütükalakoz
Xüxen gitzak sekülakoz

Hitzak : Allande Oihenartek ützülirik
Ahaidea : P.-P. B.

Jelkaldi 14

Iratiko artzainak

Pette
78 - Gizonen bihotz gogorrak
Itzatürik Jesus Kristo
Egün ere esküaldeetan
Badateke kürütxe franko

Marti
79 - Ta handi mandiak gostüan
Trankil handi kontzentzia
Beren krimak ahatzerik
Joanen Bazkoen egitera

Job
80 - Adiskideak behar dügü
Halere alageratü
Bedatsearen arnasak
Bazterrak dereizgü berpiztü

Gartxot
81 - Ez da bizia zeditzen
Gizonen ükaldietan
Gizentzen deigü bortüa
Urte oroz tenorean

Maddia
82 - Laster lürbeltz bortü gora
Partitzeko tenorea
Ütziko dügü pettarra
Guri olako bakea
Artzainen kantorea
Bedatsearen heltzean
Eki berriaren argian
Apaintzen gure oihanak
Bortüak eta baratzeak
Sasietan xoxoa delarik hasten kantan
Sapa igitzen zühain idorretan
Biziaren misterio handia
Urte oroz amiagarria
Agur Jaun Abondantzia
Hitza bezala jin zirena
Negü beltzaren leihotik
Maizetan zuri pentsatürik
Orai bezti ezatzü gerezitzeak sagartzeak
Alagera maitearen bularrak
Kanta dezagün xoriek bezala
Natürari bakoitxak zor deiogüna
Berriz hiretzat artzaina
Olasarietako bizia
Zoriona ez beita ezina
Gaüaz lo hona balinbada
Jaun Konteak ez beitaki horren saria
Gaixto date bere bizi güzia
Fortünarik ez beita besterik
Bakoitxak bere libertatea

Hitzak eta ahaidea : P.-P. B.

NESKENEGÜN SAINTÜ

Jelkaldi 15

Bereterretx eta Margarita

Bereterretx
83 - Zer zoriona Margarita
Zure hebentxe ikustea
Zü etxean sartü baiko
Denentzat alegrantzia

Margarita
84 - Ait’etamen partez badiat
Arraultz'opil eta ezti
Bihar bazkoren egitera
Jin gei beitügü osabareki

Bereterretx
85 - Eta gero algarreki
Mahaint'eder bat etxean
Margarita ene izarra
Kezka güzien aizea

Biek kanta

Zoin eder den arratsean
Zoin eder den arratsean
Art'izarraren begia
Hego aldetik jeikitzen
Mariñelen argia
Bai egiazki eder dago
Zelü zolan zohardia
Zü miletan ederrago
Ene maite maitea
Izarrak dira zelüko
Milaka aingürüen begiak
Gizonen begiratzeko
Artzain Honak ezarriak
Zü bixtarat agertzean
Piztürik beren argia
Sartzen dira ülünpean
Ene maite maitea
Ez dü hain maite izarrak
Zelüetan ebiltea
Bedatsean ez erleak
Baratzeko lilia
Ez dü hala goiz argiak
Loriatzen txori eijerra
Nola ni zü ikusteak
Ene maite maitea
Maitea zure kantüala
Hüllantzea bezain sarri
Maite zütüt erraitea
Ez nüzü aisa atrebi
Ahalke bat bihotzean
Eleak hor ezpainetan
Korpitza sükar handian
Ene maite maitea
Bihar Bazko igantea
Hartarik landa berehala
Jondane Johane liliak
Haüekin gure ezkontza
Maitea zer zoriona
Ber kanberan lokartzea
Ahatzerik mündü hotza
Ene maite maitea

Hitzak eta ahaidea : P.-P. B.

Jelkadi 16

Musde Lerin Jaun Kontea Bereterretxean

Musde Lerin
86 - Planta zitee üngürüan
Ez dadin ihes gordaxka
Bazko mezpera ohoretan
Habian dükegü txoria

Donjon
87 - Eginen deiogü agurra
Bazk'egünek'oparia
Bat gütiago kokietan
Lehian düt ene ezpata

Draküla
88 - Basabürü hontan sobera
Agaramuntesen alte elkirik
Lots'arazten badütügü aski
Ttatit dizkiagü ondotik

Menauxote
89 - Hebenko errebeleki
Ez dik behar diskütatü
Bat zeha eta besteak so
Harritürik oro ükürü

Musde Lerin
90 - Bereterretx aigü bortala
Ützüliren hiz berehala
Behar deiat zerbait erran
Beitakit etxen hizala

Jelkaldi 17

Marisantz, neskatoa eta Bereterretx

Neskatoa
91 - Dozena bat arma gizon
Hortxe dütützü bort'aitzinean
Ama saintüa zer itsusiak
Beren kara gaixtoekin

Marisantz
92 - Badakit ontsa nor diren
Debrü Lerin makal tzarra
Errespetatüko düa
Neskenegün saintü gaüa

Bereterretx
93 - Ama indazüt atorra
Agian sekülakoa
Ez düzüe axolarik
Nik dit ondotik Kontea

Marisantz
94 - Eskapa hadi sabaietik
Gizon horrek dik debrütik
Agaramuntesak badakikek
Gero zer egin ondotik

Bereterretx
95 - Ez nizüe lotsaraziko
Hartüko dit jin beharra
Lekützen baniz ordüan bai
Suntsitzen dizü etxea

Musde Lerin
96 - O Bereterretx iratzar hadi
Ala nihaurk behar düt jin
Sartzen bagira sükaltean
Kasü kalte ez dügün egin

Jelkaldi 18

Bereterretx eta Musde Lerin Jaun Kontea

Bereterretx
97 - Hortxe nüzü Musde Lerin
Zer da zure zerbütxüko
Zer dükezü gütarik plazer
Ahalaz dügü kunplitüko

Musde Lerin
98 - Laket nük Ligin ihizen
Han beita orein eijerrik
Bat beste ororen gainetik
Hire funtsetan laketürik

99 - Beti ezkapatzen zeitak
Arin beidütü jauziak
Joanen gütük algarreki
Beidazkik haren pausagiak

Bereterretx
100 - Lotsa nüzü Jaun Kontea
Basa dügün kabalea
Nahi bazünü haren partez
Ehün basurden gordagia

101 - Bardin orkatz edo erbi
Zure balükegü aisa
Bena orein eme hura
Jada düzü ihiztekatüa

Musde Lerin
102 - Behar düta kunprenitü
Errefüsatzen deitakala
Holako gaüza ttipia
Penazten naük bai egia

103 - Goatzan ordüan gogoz gainti
Argiko hara heltzekotan
Orai dükek tenorea
Ikusiko düagü nor hizan

Jelkaldi 19

Bereterretxen hiltzea Ezpeldoiko hargian

Bereterretx
104 - Badakiat norat ari nizan
Beidakit ontsa zer hizan
Bizitürik xüxenean
Ez nük salgei azkenean

Musde Lerin
105 - Hortxe dügüla gizona
Azkenean agertzen dena
Badakiat aspaldi hontan
Haunzen bereterra hizala

Bereterretx
106 - Ez dük min baizik ereiten
Egoxten jente ttipia
Bena badütük jaunen jaunak
Laster dükek erortzea

Musde Lerin
107 - Pfuiii ! entzüten düzüeia hori
Gizontto honen tupeta
Zer hiz hi ene aitzinean
Esküetan diat hire bizia

Bereterretx
108 - Egün badük ahal hori
Bizia ez beita gurea
Agian uste beno lehen
Hik ere dükek tenorea

Bereterretxek Kanta

O zelüko Jinko Jauna
Zuri hersatzen nüzü
Azken oren izigarri hontan
Argi egin izadazüt
Amodioaren krüdela
Zertako naük inganatü
Ustez maite bat banüala ta
Haren gatik hil behar düt
Margarita Margarita
Ez naüzüa entzüten
Zure etxondoaren aitzinean
Orai naüe ehaiten
Ene ametsa behin züzün
Zurekilan esposatzea
Horen partzez orai nik dizüt
Hain tristeki hiltzea
Ene korpitzaren aitzinean
Argitü datekilarik
Nahi dit belarika zitean
Bi begiak bustirik

Donjon
109 - Ixil hadi kokillota
Aski gütük mesperetxatü
Goraintzi debrü txarrari
Ez dük besterik merexitü
Sar Margarita eta gero, herritarrak.
Herritarrek Bereterretx eramaiten astoaren gainen


BAZKO EGÜNA

Jelkaldi 20

Marisantz eta Musde Lerin Maulen

Guarda
110 - Jaun Kontea hortxe düzü
Emazteñi hau ondotik
Bereterretxen ama dela
Ez dizü beste elerik

Musde Lerin
111 - Zer nahi dün emaztea
Mintza hadi fite fitea
Apez deiak sonatürik
Abiatzen beniz mezala

Marisantz
112 - Eraman düzü gaü hontan
Bereterretx ene semea
Konpreni ezazü Jauna
Nola nizan arrenküra

Musde Lerin
113 - Hik bahüana semerik
Bereterretxez besterik
Hilik dün Ezpeldoi altean
Abil eraikan bizirik

Elki Lerin eta guarda
Kanta

Marisantzen lasterra
Maule gaztelüan bego
Ezpeldoitarren ingüma
Bake oihü aize hego
Elürrean odol lüma
Bai Marisantzen lasterrak
Ürratsa llabürtzeraino
Nahasi dütü bazterrak
Lakarritik Mauleraino
Non da non ene semea
Galtatü dü hats llabürretan
Eta joan emaztea
Herioa bihotzean

Hitzak : Itxaro Borda
Ahaidea : P.-P. B.
Moldaketa : Juana Etchegoin

Satan gehienak : Sü eta Ke


114 - Oritzen hiza zer astea
Xiberoa oro sü eta ke
Herra ederrak bazterretan
Eta zonbat odol ixurte

Ke
115 - Bai bena egün kontent
Izan diteala Xiberotarrak
Ez bagünü Lerin basatü
Ez zükean trajeriaren pastarik


116 - Xiberotarrek atzamanen düe
Beti zerbait abüsatzeko
Bena gü behar ere hor gütük
Gatz amiñi baten barreiatzeko

Ke
117 - Arren egünko aski lan
Dantzañi bat eta parti
Hitz hartü diat pullarda bateki
Ez beidüt holakorik oraino ikusi

Jelkaldi 21

Mauleko türketak

Besagainka
118 - Kasü Lerinen izarra
Ez denez itzaltzen ari
Han 'tün haidürü pettarean
Mila Frantses güdakari

Kotagorri
119 - Adio Lerin urde tzarra
Ta gora orai Jean de Foix
Gizona gizona beita
Afera bardin badoa

Beltza
120 - Lerinen ilusionea
Xiberoa alte zükeala
Bortizkerian galdüko düan
Indar gosez ebatsia

Txipa
121 - Hea goatzan Frantzeser bürüz
Ikus ditzagün haien bürüak
Gure biharko adixkideak
T'agian etziko etsaiak

Jelkaldi 22

Bataila Mauleko gaztelüan

Jean de Foix
122 - Aspaldian gogoan nüan
Espantoen sarraraztera
Mauleko basurde horri
Orai jin zitak egüna

Estrac
123 - Hebenko herritar güti
Joanen zitzok lagüntzera
Fite soil dükek gaztelüan
Arrato zahar bat bezala

Comminges
124 - Hainbeste krima eginik
Gerla zibila piztürik
Düdatzen diat Xiberoan
Ixur dadin nigar handirik

Lautrec
125 - Jakin diat ez dik aspaldi
Gexan Agaramuntesen ahotik
Eho züala motiko bat
Jeloskeriak pusatürik

Lomagne
126 - Hebenko jenteek aspaldian
Galtatzen düe bakea
Bena Lerin-ek betidanik
Traditü dik hitz emana

Bataila eta hil Lerin Jaun Kontea
Kiristiek kanta

Orai badügü bitoria
Gitean erretira
Goitü dügü etsaia
Kapitain güdükaria
Jinkoak eman deikü grazia
Dezagün erremestia
Azkenean hola agitzen
Tiranoak erorten
Jentea beita oldartzen
Züzenak behin kausitzen
Bortizkeriaren mosko beltzak
Galdürik bere hegalak

Hitzak eta ahaidea : Herrikoia

ÜDAN

Jelkaldi 23

Done Jakeseko erromesek eta Herritarrek pausatzen
harrizko oritgarria Etxebarren eta bertsetak kantatzen

Marti, Etxebarreko aüzapeza
127 - Adixkideak bildü gira
Heben lekü triste hontan
Inozent baten odola
Ixuri den güne bertan

Maltako zaldüna
128 - Ikusirik alagera
Erramü egünez etxen
Ihor ez beita ohartzen
Malürra delarik heltzen

Margarita
129 - Bereterretx gure nigarrek
Ez haüe ez arrapiztüko
Ben'izana gatik krima bat
Ez hizate hil deüserentako

130 - Lerinek hitarik fite
Pakatü dik bere krima
Goiz ala berant mintzo beita
Jaungoikoaren jüstizia

Marisantz
131 - Hebentxeko harri honek
Sala beza mündüari
Bortizkeriaren izenean
Zer agitü zeion Bereterretxi

Olerkaria
132 - Kanta ditzagün bertsetak
Gure lagüna gogoan
Horien medioz agian
Egon zaikü memorian

Bereterretxen kantorea

Haltzak ez dü bihotzik / Ez gaztanberak ezürrik
Enüan uste erraiten züela aitunen semek gezürrik
Andozeko ibarra / Ala ibar lüzea
Hiruretan ebaki zeitan armarik gabe bihotza
Berterretxek oheti / Neskatoari eztiki
Abil eta so egin ezan gizonik denez ageri
Neskatoak berehala / Ikusi züan bezala
Hiru dozena bazabilzala leiho batetik besteala
Berterretxek leihotik / Jaun konteari goraintzi
Ehün behi bazereitzola bere zezena ondotik
Jaun konteak berehala / Traidore batek bezala
Bereterretx aigü bortala ützüliren hiz berehala
Ama indazüt atorra / Mentüraz sekülakoa
Bizi denak orrit ükenen dü Bazko biharamena
Heltü nintzan Ligira / Buneta erori lürreala
Buneta erori lürrila eta eskürik ezin behera
Heltü nintzan Ezpeldoira / Han haritx bati esteki
Haritx bati esteki eta bizia zeitan idoki
Marisantzen lasterra / Bostmendietan behera
Lakharri Buztanobila sartü da bi belainak herresta
Buztanobi gaztea / Ene anaie maitea
Hitzaz honik ez balinbada ene semea joan da
Arreba ago ixilik / Ez otoi egin nigarrik
Hire semea bizi balinbada mentüraz Mauleala da
Marisantzen lasterra / Jaun kontearen bortala
Ai ei eta Jauna non düzüe ene seme galanta
Hik bahiena semerik / Berterretxez besterik
Ezpeldoi altean dük hilik abil eraikan bizirik
Ezpeldoiko jenteak / Ala sentimentü gabeak
Hila hain hüllan üken eta deusere etzakienak
Ezpeldoiko alaba / Margarita deitzen da
Berterretxen odoletik ahürkaz biltzen ari da
Ezpeldoiko bukata / Ala bukata ederra
Berterretxen atorratik hiru dozena ümen da

AZKEN PEREDIKÜA

133 - Hona beraz adiskideak
Ürrentzen dela pastorala
Jokatü dügü bihotzez
Bereterretxen trajeria

134 - Ezi amiragarria
Hainbeste urteren bürüan
Kantore bat gogoetan
Bizirik Eüskal Herrian

135 - Gaixo Bereterretx tristea
Ez hizatek'ez lehena
Handi mandien gütizian
Ogen gabeko bitima

136 - Haatik nor haboro galtzeetan
Kriminela al'inozenta
Honek galdürik bizia
Besteak aldiz arima

137 - Nah'izan dügü erakutsi
Bortizkeriaren saria
Gizonen jaidüra beltza
Atzo egün den bezala

138 - Ber denboran ere ustea
Amodioaren indarra
Ezi herioa beno
Handiago beita bizia

139 - Esker hoberenak egiazki
So'gile maitagarriak
Züer medio beitüke
Biharamen jokü xaharrak

140 - Aurten Andozeko ibarran
Apaintü zaizkü herriak
Pastoralaren oldarrak
Iharrausirik bihotzak

141 - Ikus arte adixkideak
Zoazte sosegü handian
Drago ba edan ondoan
Kasü egin üngürüagietan

142 - Gora gure Eüskal Herria
Bizi dadila bakean
Hartan irus Xiberoa
Arbasoen ametsetan
Azken kantorea
Andozeko ibarran
Heltzen delarik Bazko bere tenorean
Harpe zilo barnetan iraztorra berdeetan
Arroka ixiletan erreka gordeetan
Irrintzin bat jeikitzen da gaüaren erdian
Andozeko ibarran
Herrian baratü zaikü oihartzün ozena
Herraren altarean odolaren saria
Maitasünaren botza Ezpeldoiko hargian
Bereterretx hire auhena herritarren gogoan
Andozeko ibarran
Eüskaldünak nahi dü izan libro etxean
Arbasoen lürretan besteen errespetüan
Damürik mentez mente ebilirik galtzeetan
Atzo egün den bezala arranoen menpean
Andozeko ibarran
Jauna begira ezazü heben dügün bizia
Azkena galdü gabe Eüskaldün jentea
Bere mintzajeareki Herri bat zabala
Bereterretxen odoletik beikira gü ere
Andozeko ibarran

Hitzak eta ahaidea : P.-P. B.
Moldaketak : Juana Etchegoin