LEHEN PEREDIKÜA

SATANERIA

1. jelkaldia

1257an Mauleko gaztelü zaharrean. Horren zaintzean Akitaniako dükaren armadari bürüz, güdükan hil da Xiberoko jauna, Erramun-Gillen V, Oierren aita. Jelki Markesa (alargüntsa berria), hiru semeak (Oier, gehiena, Allande eta Fontaner), lagün saldo batekin, eta Salaberri arxapeza.


2. jelkaldia

Türken aldetik jelki Longue-Epée Senexala eta de Navailles, Liginagako jauna.


3. jelkaldia

1259 urtean, Mauleko gaztelü zaharrean, jelki Oier eta Markesa.


4. jelkaldia

Jelki Markesa, Oier eta bi anaiak, Zinbideta (Xiberotarren Biltzarra) eta Xiberoko noble txipiak. Lextarreko intzaurtzearen üngürüan biltzen dira, Züberoako hiribürüa beita Lextarre.


5. jelkaldia

Jelki Oier eta Markesa.


6. jelkaldia

Oier eta Miramondaren ezteiak 1260 altean. Jelki Markesa, Oier, Miramonda, honen etxekoak, Olorueko apezküpüa, askazi eta adiskideak.


7. jelkaldia

Kanpotik jin Edouard Akitaniako düka bere armadarekin. Kiristien bortatik Oier, bere ama, bi anaiak, emaztea eta lagünekin.


8. jelkaldia

Jelki Thibaud II Nafarroako erregea, Isabela erregiña eta jaun-
andere elibat. Isabela, Frantziako Louis IX "saintüaren" alaba da.


9. jelkaldia

1270ko üdan Tünisen. Exkerretik jelki müsülman andere talde bat.


10. jelkaldia

Ber üdan, ber leküan. Kanpotik jin Louis IX "saintüa", Thibaud II eta Oier beren gizonekin. Borta gorritik aldiz Al-Malik Tüniseko erregea bere müsülmanekin.


11. jelkaldia

1274ko agorrilaren 27an Iruñea/Pamplonan, Nafarroako Estatüen jüntan. Zentü berri da Henri I erregea, Thibaud II zenaren anaia eta ondokoa (1270-1274).
Jelki Blanca alargüntsa, Joana alaba gazteñia eta erresumako hamabi "ricombre" jaunak, haietan Oier, Pedro Santxez Monteagudokoa (Erriberako jauna),
Garcia Almoravid (Gorritiko jauna)…


12. jelkaldia

Jelki Oier, Miramonda eta haur saldo bat.
Haurrak mintza.


13. jelkaldia

JParisen Joana I Nafarroako (eta Frantziako) erregiñak "Collège de Navarre" ikastetxe famatüa estrenatzen dü. Oier hor dago Miramondarekin.
Nafarroako himnoaren sonüaz lagüntürik jelkitzen dira. Erregiña mintzo.


14. jelkaldia

Jelki Bordeleko türk andereak, bereziki Arkaitxo, Bizkarroze, Gabatxa, Larreola.


15. jelkaldia

1294an, jelki Joana I Nafarroako erregiña eta Oier.


16. jelkaldia

Oier eta Miramonda Xiberoan sartzen dira Larraineko mügatik, eta Maltara heltzen.


17. jelkaldia

1295ean Mauleko gaztelü zaharrean.
Kanpotik jin Oier bere lagünekin, türken bortatik Hélie de Caupenne bere gizonekin. Hau kapitain-gaztelüzaina da, Akitaniako dükak Mauleko gaztelü zaharrean Xiberoko gobernari izentatürik.


18. jelkaldia

1299an Atharratzen. Jelki herritar andana bat, Atharratz jauna bürü, bestalde Oier eta Miramonda.


19. jelkaldia

1307an, Mauleko gaztelü zaharrean. Jelki Oier eta Miramonda.


20. jelkaldia

Bordeleko türk andereak Mauleko gaztelü zaharrean sartzen.


21. jelkaldia

B1307an Iruñean, jelki Burguzain, Nafarroako Estatüen Kortebürüa.
Kanpotik jin Oier.


22. jelkaldia

1314an Iruñean (Pamplona), Nafarroako Estatüen bilküran.
Jelki erresumako hamabi "ricombre" jaunak, haietan Oier eta Gobernaria.


23. jelkaldia

Jelki Oier eta horren lagünak, Etxeber apezarekin.


Azken perediküa
Testu osoa

XIBEROKO JAUNA

pastorala


LEHEN PEREDIKÜA

Agur, agur, jente honak
xaharrak ala gazteak
Algarrekila jarriak1
Eüskaldün ala besteak.

Istoria bat entzün arren
segür inganagarria2
Eta geroari bürüz
agian argigarria.

Oier hirugerrena zen
Xiberoko azken jauna
Bizkonte kargüarekin
Mauleko gaztelüzaina.

Erauntsi züan tai gabe3
Xiberoaren zainkatzen
Eta bizia higatü etsaiaren güdükatzen.

Bi nabusi4 beitzütüan
Bordele (e)ta Nafarroa
Bat aski zela pentsatüz
Iruñean zeion5 geroa.

Akitaniako dükari
oldartürik hanitxetan
Zonbait aldiz goitü6 züan
güdüka galdü bestetan.

Ingelesen errege beitzen
Akitaniako dük hori
Indarraren aitzinean gure jauna zen erori.

Xiberorik ohiltürik7
Nafarroan zen ohatü
Eta han armaden bürü
erregeak izentatü.

Nafarroako jüntetan
kargü handiak beterik
"Mauleon" izena han ereinik
ondokoetan dü bizirik.

Arradako mendi tinian1
gora beitü jauregia
Bardin gora gure beitan
Xiberoaren begia.

Oierren arartez egün
Xiberoa dügü aipü
Besta hau sorleküari
eskentü2 nahi deiogü.


SATANERIA

Kanpotik eskaleren goiti, Basabüztan eta Pekobürü satanak.

Basabüztan
Xiberoko Pettarra1
mezperetan dügü
Eta gük otoitzea
bereziki hügü2.

Pekobürü
Basabürütik ere
koxüa3 badügü
Erriñi4 batekila
pettoen haidürü.

Basabüztan
Arbaila galdü zaigü
Pettarrak itorik
Mauleko parropian5
osoki hurtürik.

Pekobürü
Maule hortan gisala6
badün eüskaldünik
Andana bat jin beita
küküla7 zügünik.

Basabüztan
Manexetik8 halaber
jentea saldoan
Gure dohainentako düda9 bat gogoan.

Pekobürü
Hegoaldetik ere
baita Bianorik
Oste handia date
gük inganatürik10.


1. Jelkaldia

1257an Mauleko gaztelü zaharrean. Horren zaintzean Akitaniako dükaren armadari bürüz, güdükan hil da Xiberoko jauna, Erramun-Gillen V, Oierren aita. Jelki Markesa (alargüntsa berria), hiru semeak (Oier, gehiena, Allande eta Fontaner), lagün saldo batekin, eta Salaberri arxapeza.


Salaberri arxapeza
Malür1 handi bat agitü2 zaigü Mauleko gaztelü hontan
Aitzindariak bizia galdü gure zaintzeko güdükan Hilaren alde otoitzeginez, ager gitean3 dolütan
Eta zelüko Petri giltzainak har dezala bere bortan4 !

Erditik jelki hilkütxa.

Markesa
Xiberoko bizkontea
eta ene jaun maitea
Gaur dit zure laüdatzea
bena nigar egitea.

Goratzen dit güdaria
güzien zerbütxaria
Libertatearen alde
bihoztoiki eroria.

Gure lehua5 bezala
jeiki zinen oldarrean
Bena zorte txarrak joa
laster agitü lürrean.

Oier
Aitaren esenplü honaz
bürgoi1 gütüzü güziak
Bere lorian har dezala
zelü-lürren jaun biziak.

Markesa (kantüz*)
Nigar egiten deizüt
ene haurren aita
Etsaiak egotxirik
petik none(re)beita2
Nigar halaber zuri
ene lagün hona
Atzo zaldün arraia3
gaur hotzik etzana.

Ene gizon gaixoa
goizegi joana
Heben düzü korpitza
non ote arima ?
Zütaz ürrikal4 bedi
zelüko jaun hona
Zabalik dagokizün
haren erresuma.

Xiberoaren bürü
orai nihau nüzü
Salbatürik bazira
lagüntüko naizü
Herriaren zaintzeko
etsaiaren aitzi5
Gain hortarik nezala
Jinkoak ürgatzi6.

Kaputxina elkitzen dü eta hilkütxaren gainean hedatzen.
Gerlako arropetan agertzen da, ezpata saihetsean.


Eñaut
Ama ez zirade zihau
semeak heben giaudetzü
Eta zure lagüntzeko
beti prestik gütüketzü.

Markesa
Bi nabusi beitütügü
Bordele (e)ta Nafarroa
Batekin aski dizügü
eta hura Nafarroa.

Akitaniako düka
sobera sartü ziküzü
Fitexka1 bere leküan
ezarri behar dizügü.

Lehenik Senexal hori
aitaren ehaile2 tzarra
Ohil dezagün hebentik
astoa bezain desferra.

Fontaner
Güdükala goatzan arren
amaren manaspenean3
Aita bego bakean
eta Herria libertatean.

Miramondak eta eretzean hiru semeek ezpatak hilkütxaren gainean kürütxatzen dütüe, zin egiteko bezala. Gero denak badoatza.

2. jelkaldia

Türken aldetik jelki Longue-Epée Senexala eta de Navailles, Liginagako jauna.

Longue-Epée
Orai nabusi girade
bizkonte ñapürra1 hilik
Xiberoko jabegoa2
goza dezagün trankilik.

Navailles
Alargüntsa prenda3 horrek
bere oilasko txarrekin
Gaztelüa ütz dezala
bere hontarzün4 güziekin.

Akitaniako düka da
hebenko5 bürüzagia
Eta gaztelü hau dü
zinez arranotegia.

Longue-Epée
Arranoa zü zira gaur
Xiberoko jaun berria
Edouard gure nabusiak
bere gizon ezarria.

Kiristien aldetik horra da Markesa, bere lagün eta semeekin.

Markesa
Xiberotarsa bat zer den
apentziala6 ez dakizü
Zure zanko arte hori
zainkatürik hobe düzü.

Akamarren7 behera gaur
ohiltü behar zütügü
Eta joanen zira ttattit8
bizia maite badüzü !

Güdüka. Etsaiak ihes. Xiberotarrak beren aldetik ützül.

Kanta 1

Agur Jaunak

Agur jaunak et(a) andereak,
Agur (e)t(a) erdi ! (berriz)

Jinko jaunak egin gütü1
Züek eta gü bardintsü.
Agur denak, agur
Agur (e)t(a) erdi
Heben gaude. (3 aldiz)
Agur denak !

Kantore llabür eta famatü hori, hona azkenean zübereraz egokitürik, andereak ere agurtüz. Hastapenekoa zer zen : XIX. mentean, pelota partida baten hastean, baxenabartar jokülari batek desafiozko bertset hau jaulki zeion Oiartzuneko "Urtxaile" pelotakari eta koblakari famatüari :


"Agur Jaunak, Jaunak agur,
"Agur t' erdi…
"Denak Jinkoak inak gire,
"Zuek eta bai ni ere…
"Agur Jaunak,
"Agur t' erdi,
"Hemen gire."

Geroztik kanbio txipi elibatekin emaiten da. Xiberotarrezko bat ments beitzen, hor dago, andereak ere agurtüz.

3. Jeikaldia

1259 urtean, Mauleko gaztelü zaharrean, jelki Oier eta Markesa

Markesa
Ene haurra eta jauna
berri hon bat horra1 deizüt
Gure dükak Frantziarekin
bakea sinatü dizü.

Oier
Nausiaren mahainetik
erorten diren buxiak2
Baliatü behar ditizü
pean den txakür txipiak.

Markesa
Biba zü ene semea
bertan3 ikasten beitüzü
Orai arrafera4 hona
prestatü behar dizügü.

Gaztelü honi so5 dago
Edouard printze-dük handia
Akitania güzian
hau beita lekü haitüa.

Oier
Baskoniaren hatsarrean6
heben ziagozün bürüa
Adiskide ala etsai
hau da denen helbürüa.

Markesa
Arranotegi hontan
sartzea erabakirik
Heben jabetü artean
dükak ez düke bakerik.

Presta gitean arren7
berriz horri bühürtzera
Eta goatzan berehala
harresien* azkartzera8.

4. jelkaldia

Jelki Markesa, Oier eta bi anaiak, Zinbideta (Xiberotarren Biltzarra) eta Xiberoko noble txipiak. Lextarreko intzaurtzearen üngürüan biltzen dira, Züberoako hiribürüa beita Lextarre

Sindika
Xiberoko popülüa
eta Lextarre herria
Entzün ezazü mezüa
hona gure jaun berria.

Markesa
Oier dikezü izena
hirugerrena beitate1
Aitaren primü2 xüxena
Xiberoko jaun bizkonte.

Sindika
Üsantxaren3 arabera
libro da gure Herria
Libro herritar bakoitxa
zaharra nola berria.

Lextarreko plaza hontan
intzaurtzearen üngürüan
Zin eginen düzü jauna
Üsantxako libürüan*.

Oier
Lege Zaharra gogoan
Jaunaren lagüngoarekin
Ene aldian Herria
zaintüko düt arraheinki.

Üsantxa begiratüko
eta betaraziko düt
Jüstizia bermatüko denak bardin peretxatüz4.

Jinkoak etxek dezala
beti gure Xiberoa
Eta süstenga5 ber gisan
denen ama Nafarroa.

Markesa
Zü zirade gure primüa
Xiberoko jaun berria
Aita zenaren ber gisan
zaintüko düzü Herria.

Orizü horren seinalea
Xiberoko erredola1
Baskoniako lehua2
zurekin txütik dagola.

Oier (kantüz)*
Santxo Menditarraren
lehu bihoztoia
Xiberoan zaint ezak
eüskal hariztoia
Süsta gure bihotzak
iratzar indarrak
Eta jünta gitean
isiltüz aharrak3
Eta jünta gitean
isiltüz aharrak.

Jinkoak benedika
beti gure ama
Berriz agertü beita
Xiberoko dama
Aitaren bardineko
hortan ere dena
Bien bidea diket
orai hoberena4
Bien bidea diket
orai hoberena.

Kanta 2

Ainharbe

Ainharbe Laphitzaga kaskotik
Holako begikaldü1 ederra
Etxe, hogeita zazpi eliza
(E)ta soro2, oihan zoin xarmagarri(a)k.

Jakobeko bidetik ebilka3
Agur Bentaltek(o) ospitalea
Kürütxea eta hilerria
Plaxot bat4 (e)ta plazan sar jartea.

Ainharbe hegiko ha(r)itxaren pe(a)n
Pausa, beha istorier itzale(a)n
Heia, norek hiltze(a)n oilokoka
Hala nahiz atzeman ilantxa5 ?

Norek gaü batez betatü6 züan
Arrain (e)t(a) aingeraz arramahankak7
Arto alor8 baten bazterrean
Beste batek behartü basurdeak ?

Norat jo(a)n zide osab(a) (e)t(a) anaiak
Am(er)iketan edo Pa(r)isen bizi
Bai ostirale hanitx ükenik
Goraintzi bat deizüegü deneri !

Hitzak : Christian SALLABERRY Ainharbearra
Ahairea : Arnaud LAPHITZ

5. jelkaldia

Jelki Oier eta Markesa

Markesa
Seme hona eta jauna
ez nüzü gaztetzen ari
Eta ene arrahaurren1
ikustea gogoan dit.

Emazte baten hartzeko
adin honean zirade
Ürrats horri ordü deno
pentsatü behar zünüke.

Oier
Ama hona bozten2 nüzü
solaz honen ükeiteaz
Eta ene xede baten
orai zuri aipatzeaz.

Andere batez agrados
agitzen3 nüzü jadanik
Apentziala ez nizü hügü4
nahiz ez deitan erranik.

Markesa
Berri hona düzü hori
ez beitate txerkatzerik5
Ontsa haütatü düzüla
ez nikezü lotsatzerik6.

Oier
Kasik aüzoa7 dizügü
familia honekoa
Etxekanderegei zügüna8
Miramonda Büzykoa.

Markesa
Üsantxaren arabera
banoazü arren9 Büzyra
Andere horren eskiaren
ait(a) et(a) amer galtatzera10.

6. jelkaldia

Oier eta Miramondaren ezteiak 1260 altean. Jelki Markesa, Oier, Miramonda, honen etxekoak, Olorueko apezküpüa, askazi eta adiskideak.

Oier
Egün garaile dizüt ande(re) baten xarma, ande(re) baten xarma,
Hari ene gogoa
hori beitüt arma
Agur arren maitea
bihotzeko dama, bihotzeko dama
Agian egün batez
ene haurren ama.

Miramonda
Agur zaldün bihoztoi
eta bihozpera, eta bihozpera
Ez zazüla ez apal
bürüa sobera
Etsai gogorragorik
segür badükezü, segür badükezü
Denen aitzi jagoiti
lagüntzale naizü.

Biak
Algar maita dezagün bizitze güzian, bizitze güzian
Jinkoak nahi badü
bidaje lüzean
Algar süstenga bardin
beti nekezian, beti nekezian
Xibero Herriaren
biak zerbütxüan.

Zelüko Jinko Jauna
zuri giaudetzü, zuri giaudetzü
Denbora torpe hontan
begira gitzatzü
Destorbü, eritarzün
ekaitza hürrüntüz, ekaitza hürrüntüz
Gure bideak argit
etsaiari bürüz.

Apezküpüa
Jinkoak benedika
züen batarzüna, züen batarzüna
Eta seinale düan
erraztün biküna
Algar etxeki beti
fideltarzünean, fideltarzünean
Eta haurrak eraiki
etsenplü honean
Eta haurrak eraiki
etsenplü honean.

Ahairea : Saratarra naizela


Kanta 3

Arbotiko prima eijerra

Jaun baruak aspaldin
Xederak hedatü zütin
Txori eijer bat atzaman dizü Paueko seroren komentin
Orai harekin biziren düzü, aspaldian gogun beitzin
aspaldian gogun beitzin.

Jaun barua orai zü
Felizitatzen zütügü
Zeren beitüzü Mus de La Plazaren prima eijerra espusatü
Andere hori irus düzü zuri ezteizügü dolü,
zuri ezteizügü dolü.

Igaran apirilaren bürian
Armadaren erdian
Züntüdan bihotzian, armak oro eskian
Present espiritian,
manka besuen artean
manka besuen artean.

Jauna maite banaizü
Erraiten düzün bezala
Kita ezazü, kita ezazü, erregeren zerbütxia
Eta maita herria,
üken dezadan plazera
üken dezadan plazera.

Xedera balitz halako
Merkatietan saltzeko
Xiberuako aitunen semek eros litzazkie oro
Halako txori eijertto, zunbaiten atzamaiteko
zunbaiten atzamaiteko !

Hitzak : Beñat MARDO barkoxtar koblakaria (XVIII. mentea).
Ahairea : herritarra.

7. jelkaldia

Kanpotik jin Edouard Akitaniako düka bere armadarekin. Kiristien bortatik Oier, bere ama, bi anaiak, emaztea eta lagünekin.

Edouard
Akitaniako düka niz
arren zure nabusia
Eta lege feodalez
hebenko bürüzagia.

Zin eginez men osoa
zor deitadazü jagoiti1
Eta gaztelü hau behar
beti zabalik etxeki.

Hitzemanen deitadazü
zerbütxatüko naizüla
Eta gaztelüko giltza
ützüliko berehala.

Oier
Xiberoa mentez-mente
libro izan da bere-ber
Nausi gorak jesan dütü
hürrün egoiten ziren ber.

Jabea hürrün delarik
etxezaina2 bizi daite
Ogi3 joitean zakü kontan
so arrotzik ez beitate.

Xiberoko aferetan4
sobera sartü zira zü
Eta zure nausikeria
mügatü nahi dizügü.

Güdükaren hastera doatza.
Azken püntan, presaka jelki On Gabriel, Aita Saintüaren mezülaria, eta Musde Mendizorrotz, Nafarroako erregeren kargüdüna.

On Gabriel
Gerlarik ez beita behar
kiristi1 honen artean
Aita Saintüaren manüz
antola ziteie bakean.

Mendizorrotz
Oier adiskide hona
hobe düzü plegatürik
Tziauri2 arren Nafarroalat
errege jaunaz deitürik.

Oro badoatza, nor bere aldetik.

8. jeikaldia

Jelki Thibaud II Nafarroako erregea, Isabela erregiña eta jaun-
andere elibat. Isabela, Frantziako Louis IX "saintüaren" alaba da.
Kanpotik jin Oier eta Miramonda.

Thibaud
Honki jin1 zuri Oier
Nafarroako lürrean
Manera berezi batez
gure zaldünen artean.

Zure bertüte handia
famaz ezagützen beitüt
Erresumako "ricombre"
heben izentatzen zütüt.
Nafarroako erredola emaiten deio.

Oier
Eskerrak errege jauna
zure batzarri2 nobleaz
Eta izentatze hontan
zor deizüdan ohoreaz.

Isabela
Denen beharra badügü
erresumaren zaintzeko
Gaztelako erregetik
bereziki libratzeko.

Düala berri hartü zeigün
mendebaleko lürraldea
Araba (e)ta Gipuzkoa
eta Durango aldea.

Thibaud
Aterpe handia zaigü
Louis bederatzügerrena
Frantziako erregea
eta zure aita hona.

Hortako ene aldetik
beti süstengi nahi düt
Palestinala kürütxadaz
harekila banoazü.

Oier
Nik ere jauna ber gisan
lagüntzea zor deikezüt
Arren kürütxadazale
zurekila horra nüzü3.


Kanta 4

Ezpeize-Ündüreine

Ezpeize-Ündüreine
herri ordokia
Bena bi bazterretan
oihana, makia
Batetik Larrabile
bestetik Ainharbe
Ürrüpera1 da heben
ororen axolbe.

Ezpeizeko eliza
oker aitzinean
Lamiña da gisala
hortaz ogenean
Hütsaren xüxentzea
barnen gorderik zen
Sabaia zelütürik
begi (e)ta bihotzen.

Ündüreiñekoa da
hegian eginik
Xiberoko bortüa
bortan dü lerdenik
Landetxeberri bat zen
apez protestanta
Leizarraga batekin
idazle galanta.

Ezpeizek ere badü
gizon handi zonbait
Etxe noblea heben izan beita noizbait
Lextarreko jüntetan
lehen hamarretan
Eta ber heiñekoa
bazen Sarrikotan.

Hitzak : J.-L. D.
Ahairea : Michel ETCHECOPAR

* Joanes LEIZARRAGA Lapurtarrak, Testamentu Berria eüskaraz agertü beitzüan 1571an, lan hortan lagüntzale zütüan bi Xiberotar bederen :
LANDETXEBERRI Ündüreinekoa eta TARTAS (ala Tartaz ?) Sarrikotapekoa.

9. jelkaldia

1270ko üdan Tünisen. Exkerretik jelki müsülman andere talde bat.

Haziba
Allahren güdaria
jeik hadi bertan1
Errumi erregea
hor beita bortan.

Kahina
Itsasontzi beteka
jin dün etsaia
Gure lürren hartzera
kiristi saia.

Raxida
Zaint detzagün herria
eta fedea
Bi aldiz saintüa da
gure xedea.

Zohara
Frantziako errege
fanatikoa
Tünisia ez düzü
katolikoa.

Haziba
Jesüsen hilobia
ez dago heben
Erregeak badakia
zertara jin den ?

Kahina
Europar erroi horik
beti airean
Lürrez eta diharüz2
ezin asean.

Raxida
Aberats izatea
hoien Goikoa
Gük aldiz dügün etxek3
Allah Jinkoa.

Zohara
Allahren izenean
eraik ezpata
Eta Frankoa bertan
hebentik bota !

Exkerretik badoatza.

10. Jelkaldia

Ber üdan, ber leküan. Kanpotik jin Louis IX "saintüa", Thibaud II eta Oier beren gizonekin. Borta gorritik aldiz Al-Malik Tüniseko erregea bere müsülmanekin.

Al-Malik
Frantziako erregea
saintü zirena gisala
Nolaz arren horra zitzait
honat ohoina bezala ?

Herri hau ez da zurea
ni niz heben erregea
Azkar da gure fedea
bai eta xüxen legea.

Louis IX
Charles d'Anjou anaia düt
Siziliako erregea
Harentako nahi nüke
zure ganikan bakea.

Palestinako bidetik
hortako nüzü baztertü
Eta beraz Tünisian
armadarekin agertü.

Al-Malik
Adiskide baten gisa
guri bürüz jin bazina
Borta zabalik zünükean
eta hortan honki jina.

Leihotik sartü beitzira
hantik ezkapiko zira
Edo bestelan oneski
ordü deno erretira.

Güdüka. Kiristiak ihes.

Bi errege kiristiak "tifus" izurritik hilen dira laster, Louis IX Tünisen, Thibaud II Sizilian. Haatik, Oier bizirik ützüliko da, Nafartarrekin balentia ederrik egin ondoan.



Kanta 5

Sarrikotapea

Berrogeita laueko
nde(re) Dena Mariaz
Sarrikotan agertü
güdükaren süia
Ürrüstoirik eraitxirik
oldartü makia
Gizon andana galdüz
ezkapi etsaia.

Sarrikotape hortan
biharamenean
Gizonak oro txütik
eliz(a) aitzinean
Gero hantxen behera
kamiuen barnean
Ortesen elkitzeko1
libro azkenean.

Haier mendekatzeko
mitraileten püntan
Etsaia builta batez
egon bazen düdan
Zühürtzia nausitü
hein handi batetan
Halere hirur etxe
galdü ziren sütan.

Etsaiak presa züan
hebentik joaiteko
Aliatüen trükesek2
beitzüen hartüko
Mezperan beste ba(ra)ila3
Provencen sartürik
Normandiakoari
laster jüntatürik,
Hola zen Sarrikota
jelki4 salbatürik
Hola zen Sarrikota
jelki salbatürik.

Hitzak eta ahairea : J.-L. D

11. jelkaldia

1274ko agorrilaren 27an Iruñea/Pamplonan, Nafarroako Estatüen jüntan. Zentü berri da Henri I erregea, Thibaud II zenaren anaia eta ondokoa (1270-1274).
Jelki Blanca alargüntsa, Joana alaba gazteñia eta erresumako hamabi "ricombre" jaunak, haietan Oier, Pedro Santxez Monteagudokoa (Erriberako jauna),
Garcia Almoravid (Gorritiko jauna)…

Blanca
Hamabi "ricombre" jaunak
Henri erregea hilik
Hona Joana gure prima1
erregiña izentatürik.

Gazteñi beita orano
zürkaitx2 azkarra behar dü
Gobernari bat Nafarroan
plazer düzüela haütatü.

Monteagudo
Erregiña gaztearen
lagüntzale izateko
Züen baimenaren galtoz
lehena niz agertüko.

Almoravid
Menditar izanez eta
bestetik gaztelazale3
Haütagei nüzü ber gisan
bakearen bermazale.

Oier
Gaztelari bürüz dügü
mügaren zaintü beharra
Hor dago Monteagudo
peko beitü Erribera.

Blanca
Arren orai hamabiek
bozkatü behar düzüe
Bakoitxaren aldekoak
harekin ager ziteie.

Alde batetik Monteagudo eta beste sei agertzen dira, bestetik Almoravid eta beste lau.

Blanca
Monteagudoko jauna
zü zütügü gobernaria
Joanaren irakaslea
erregeren ordaria.

Oier
Delibero1 horren berme
hona ene sinadüra
Xiberoko erredola2
hor lehu baten itxüra.


Oierrek erregiña txipiari ilezko lehu bat emaiten deio.

12. jelkaldia

Jelki Oier, Miramonda eta haur saldo bat.
Haurrak mintza.

Behin bazüzun familia bat,
izena zizün Eüskal Herria.
Ama züan lürra,
aita ekia, jente güziek bezala.

Zazpi haur zütüzün,
zazpi alaba.
Zazpigerrena txipia, eijerra, hardita,
lamiña, ama gurea,
Xiberoa !

Eta bazüzün hantxe bortü gora,
hortxe mendi apala,
heben Ühaitza,
elgea, ürrüpera.
Eta bazütüzün oihanak,
alorrak, soroak,
gaztainaztoiak,
sagardoiak,
mahastoiak ere bai.

Eta kabaleak,
etxenko abereak,
basoko basihiziak,
hartzak eta otsoak...
(Ulala ! Ebehou !)
Eskolarik ez zen gisala...
(Zer xantza1 !)

Jenteak bazütüzün halere
Eüskaldünak, Xiberotarrak ,
beren jauna bazizüen,
Oier Maulekoa,
eta emaztea, Miramonda,
beren hameka haurrekin :
ontsa züzün libertitzeko2 !

Hori oro amets bat izan zena ?
Amets bat ote gira gü ere ?
Ez jaun-andereak,
egüna da, ez gira lo,
ez da heben amets auherrik3 :
bizi gira Xiberoan,
Eüskal Herrian,

Ainharben, Sarrikotapean,
Ezpeizen, Ündüreinen,
Ürrüstoin, Larrabilen...
Eta bizi girela probatzeko,
dantza bat emanen deizüegü !


Kanta 6

Ürrüstoi-Larrabile

Ürrüstoi-Larrabilek, azken mendixketan
Eüskara süstengi1 dü fidelki mügetan
Berriki erdi galdü gazten erranetan
Orai arrapizten2 dü haurren ezpainetan.

Ürrüstoin aspalditik lerden Abadia
Frütü haitüa beitü jakintsü handia
Hendaian egin züan etxe haurridea
Eta lüzaz ikertü hortik zohardia3.

Larrabilen azkar4 da patar famatüa
Hor paseiün dabila kantüko jentea
Hegitik5 ageri dü Xibero maitea
Eta Pireneoko bortüen erdia.

Eretzean6 zütüegü, Ainharbe, Oihergi
Bortütik Maidalena eta Sant Antoni
Agur dereizüegü Gaztelütxagatik
Arbasoek eraiki lürresi goratik.

Hitzak : J.-L. D.
Ahairea : Michel ETCHECOPAR

13. jelkaldia

Parisen Joana I Nafarroako (eta Frantziako) erregiñak "Collège de Navarre" ikastetxe famatüa estrenatzen dü. Oier hor dago Miramondarekin.
Nafarroako himnoaren sonüaz lagüntürik jelkitzen dira. Erregiña mintzo.

Ni, Joana lehena, eüskaldünen erregiña subiranoa,
Frantziako Philippe le Belen erregiña kontsortea,
botzik niagozü egün züekin. Obra eder bat
estrenatzen dizügü, "Collège de Navarre" ikastetxe
handia, bihotz oroz desiratü düdana.

Eüskal Herriko mendi goxoa ez dü sekülan ahazten
haren bistan sortü denak. Egün oroz igaiten niz
Pariseko zeinütegi goreneala, hegoaldeko
zelümügari so et so egoiteko begiak higatü arte,
bena prefosta ez zait bortürik agertzen.

Arren, ama lürraren ametsa heben lantatü nahi düt,
haren korpitzetik hürrün izanik ere, haren arima
heben ager dadin, eta lüzaz bizi gü hil ondoan.

Eskerrak lehenik ene senar eta errege jaunari,
Parisen etxe honen eraikitzeko baimena emanik,
eta lagüngoa ere bai, Nafarroaren izena honartüz
gaineala ikastetxeko sargian.

Eskerrak zuri ere, Oier kapitain hardita, hain
hürrüntik jinik emaztearekin, ainera bedatsean
bezala, Herriaren mezülari, gure bortüen bi hegaletarik.


Eskerrak ber gisan etxe hau eraiki düzüen güzier.
Jinko honak benedika dezala züen lan ederra, eta
txütik etxek mentez mente, gure bizi llabürretik landa.*

Joana I erregiñak xingola mozten dü.

* Joana I Parisen hil zen 1305ean, 34 urteetan, eta Nafarroa güziak nigar egin zeion.
Gero 1794an, Frantziako Iraültza (Errebolüzione) denboran, "Collège de Navarre" delakoaren leküan plantatüko da "Ecole Polytechnique" famatüa.


Kanta 7

Nafarroako Ereserkia


Nafarroa, lur handi, zabal, beti leial,
Zure ospea da antzinako lege zaharra,
Nafarroa, gizon askatuen sorlekua,
Zuri nahi dizugu gaur kanta. (berriz)

Gaiten denok bat, denok gogo bat
Behin betiko iritsi dezagun aintza,
Bakea (e)ta maitasuna. (berriz)

Nafarroako himnoaren müsika lagün, denak erretira, nor bere aldetik.

14. jelkaldia

Jelki Bordeleko türk andereak, bereziki Arkaitxo, Bizkarroze, Gabatxa, Larreola.

Arkaitxo
Gure dük berri hori
mantso ari zigün
Xiberoko jaunttoa
bakean üzten digün.

Bizkarroze
Idorreria gogorra
sabelean badiken
Pürga baten hartzera
heltü behar liken.

Gabatxa
Hihau joan hakio
horren emaitera
Ajütaz üzkiaren
gaur killikatzera.

Larreola
Bordeleko ardoa
franko maite beitü
Jatean behar diñagu
hortara lagüntü.

Arkaitxo
Nihauk ere burrata
bertan edan niron
None(re)beita ez deitan
honat ekarriko.

Bizkarroze
Xiberotarrak ere
Bordele maite din
Barrikotean eta
botilletan bardin.

Gabatxa
Dena dela jaun hori
behar da dopatü
Mauleko gaztelüa
dezan begiratü.

Larreola
Güdükarik gabeko
istoria zoin triste
Gure püblika fite
kurrunkaz has laite.

15. jelkaldia

1294an, jelki Joana I Nafarroako erregiña eta Oier.

Joana
Berri baten emaiteko
deitü zutüt ene gana
Gerlan sartü düzü berriz
Frantziako erresuma.

Nafarroa ber bidean
ezarri behar dizügü
Bietako erregeak
hori manatzen1 diküzü.

Oier
Nafarroako erregiña
zü zirade anderea
"Philippe le Bel" ontsalaz2
gure printze kontsortea.

Joana
"Prince consort" egoiteko
azkarregi3 da Filipe
Eta Frantziaren parean4
Nafarroa ttipixe.

Oier
Arren tronüa hartürik
eta errege makila
Nafarroa manatzen dü
Frantzia balitz bezala.

Joana
Haren beharra badizü
Nafarroak bizitzeko
Bereziki Gaztelako
jaunetik begiratzeko.

Oier
Xibero gaixoak1 aldiz
iparraldetik itxesa2
Akitaniako düka dü
builta hontan ingelesa.

Joana
Mementoan horren aitzi
jünta gitean güziak
Xiberoa, Nafarroa
eta gurekin Frantzia.

Hona berriz tenorea
Xiberoaz jabetzeko
Üzten zütüt arren libro
xede horren betatzeko.

Oier
Eskerrak andere hona
Maulera nükezü laster
Nafarroako Joana
erregiña honi esker.

16. jeikaldia

Oier eta Miramonda Xiberoan sartzen dira Larraineko mügatik, eta Maltara heltzen.

Oier eta Miramonda
Agur bai Xiberoa
Larraineko jüntan1, Larraineko jüntan
Heben etxen gütüzü
bereziki Maltan
Jeiki arren artzainak
gure ola2 hontan, gure ola hontan
Pausordüa ützirik
sar gitean bestan
Pausordüa ützirik
sar gitean bestan.

Jelki artzainak artaldearekin.

Oier
Agur artzain maiteak
hor niz azkenean
Ene ber adineko
jenten aitzinean
Gazte ginen ordüan
ezin edenean3
Mente laurdenak gütü4
ezarri heinean.

Xaharrenak joanik
beste zonbait ere
Gazterik bada heben
sento5 bezain trebe
Artzaingoa bizi da
eta segür hobe
Xiberoa bestel
nontik bizi laite ?

Johañe
Bozten gira gü ere
zure ikusteaz
Ohiko nausiaren
berriz ükeiteaz6
Hürrüneko eltzean
ürrea gisala
Bena kantütik7 ore
tipiñan8 bezala.

Pettiri
Bestañi bat dezagün
hebentxek antola
Logaletü deneko
ez da hürrün ola
Apür bat dügün ahatz
üsatü9 trahola10
Kantore bat emanez
ahal den bezala.

Kanta 8

Otsogorri

Otsogorri Handiak nasai1 dü maxela
Aüzoak ere zabal, Orhi (e)ta Kartxela
Gure bidea pean aski sarri2 galta
Goraintzi deizüegü Ardane (e)ta Malta, Ardane (e)ta Malta.

Arrapika
Otsogorri, Otsogorri
Zure hegian3 azkorri4
Zure maxela5 sokorri6
Zure gabean elorri.
(Azken emanaldian emendio hau : Zure hegian azkorri !)

Iparreko baxetan7, Pixtako jauzia
Turrustaz ageri da Pettar8 zolalano
Bedatsez9 aipatzen dü karruen10 hurtzea
Bena Sardekagaiña xuri dün orano, xuri dün orano.

Ühülgüz11 ari bada pean itsasoa
Ez giteala presa, jinen da sasua12
Gesaltüren elürra, haziko belharra
Urtaro bakoitxa dün ederra, beharra, ederra, beharra.

Üztail-agorriletan, egüerdi betean
Artaldea pausüan, eta gü bakean
Ekitoltzean13 hüxtüz14, hegoaize latza
Portilloko lepoan, üngürüz ügatza, üngürüz ügatza.

Hitzak eta ahairea : J.-L. D.

17. jeikaldia

1295ean Mauleko gaztelü zaharrean.
Kanpotik jin Oier bere lagünekin, türken bortatik Hélie de Caupenne bere gizonekin. Hau kapitain-gaztelüzaina da, Akitaniako dükak Mauleko gaztelü zaharrean Xiberoko gobernari izentatürik.

Oier
Hélie de Caupenne jauna
nausia ni nüzü heben
Zoaza fite1 Xiberorik
ni kexatü2 beno lehen.

Caupenne
Akitaniako düka da
Ingalaterrako erregea
Feodalitateko legez
gaztelü honen jabea.

Gaztelüzain ezarri naü
nornahiren eretzeko3
Arren prestik nüzü jauna
zuri ere bühürtzeko4.

Epantxütik5 elki zite
Xiberotar kokillota6
Eta parkamenü galta7
txori bürü küsküilota8 !

Oier
Beste legerik dizügü
Xiberoan eüskaldünek
Auzi hontan azken hitza
har dezela hoberenek9.

Güdüka.
Akitaniarrak ihes beren aldetik.
Xiberotarrak ützül kiristien bortatik.

18. jelkaldia

1299an Atharratzen. Jelki herritar andana bat, Atharratz jauna bürü, bestalde Oier eta Miramonda.

Oier
Atharratzeko jentea
zure beharra badügü
Xiberoaren honetan1
algar ezagüt dezagün.

Ene lehen xedea da
müga honen azkartzea2
Biarnorik Xiberoaren
hobeki aterpetzea.

Atharratz
Biarnorekin aspaldian
bizi girade bakean
Bena ihork ezin erran
geroa nola datean3.

Denez mesfida gintake
arrain txipia beigira
Arren4 ahül izatetik
beti gitean begira.

Oier
Lanjer5 handiena lükezü
Akitaniako jaun düka
Behin Biarno har baleza
hortik gentzake güdüka.

Atharratzeko herrian
hiri berri bat behar düt
Harresi6 bat üngürüan
etsaier bühürtzeko txüt.

Santz
Eta gaixo1 herritarrek
zer lekü dükegü hortan ?
Bizia xühür dizügü
gosea üsüxka2 bortan.

Oier
Basabürüa gogoan
hona bigerren xedea
Merkatü bat zabaltzen düt
haz dadin bizipidea3.

Plaza honen üngürüan
eraikiko da hiria
Lau galtzadaz4 idekia
Basabürüko bilgia5.

Kanta 9

Atharratzeko hiri berria

Gainea peaz bekaitx
hain patar ez beita
Pettarrak bürüari
lagüntürik dela
Biak ezar bakean
zük arren Arbaila
Txipi da Xiberoa
dügün oro maita.

Atharratzeko hiria
denek dügü maite
Oritzapen ederrez
hain lüzaz da bete
Xaho, Constantin, Aguer
Lüküz eta beste
Jente famatü hanitx
Maidalenan haste.

Ahüñeko zelütik
arin et(a) argia
Airea horra zaizü
kristal isuria
Orhiko elürretik
bardin zohardia
Ühaitz alageraren
zilar kantaria.
Atharratzeko herria
Maule beno lehen
Oier jaunaren manüz
hiria deitü zen
Bena hiribürüa
ezin daite jelos
Mauletar bati esker / agitü delakoz.

Hitzak : J.-L. D.
Ahairea : Ozaze jaurgainean.

19. jelkaldia

1307an, Mauleko gaztelü zaharrean. Jelki Oier eta Miramonda.

Oier
Philippe le Bel erregeak
berriz bakea egin dü
Haren nahiari arren
behar dizügü plegatü.

Miramonda
Ez zaizüa berri hona
ez dügüa boztü behar ?
Ez ote dügü engoitik
aski gerla eta nigar ?

Oier
Prezioa gure bizkar da
Xiberoaren üztea
Akitaniako dükari
joanen ziozü dotea.

Pakütako1 erregeak
ordariz emanen deigü
Nafarroako lürrean
zerbait kargü eta lekü.

Miramonda
Nafarroa malerusak
aüzo handien erdian
Üdüri dü küküso2 bat
bi tximinoren artean.

Batak ützi dükeaneko
atzamanen3 dü besteak
Ai erresuma txipiak
zoin diren dohakabeak.

Oier
Eta zer erran ordüan
gure Xibero buxiaz1
Etsaiak hartüaz eta
bere lagünak ütziaz ?

Miramonda
Gihauren2 bürüaz ere
baginikezü zer erran
Beti batetik besteala
üdüri eta "Jüiferran".

Oier
Agur arren3 Xiberoa
oraikoan sekülako
Ene sor herri maitea
ez hait haboro4 ikusiko !

Oierrek :
Agur Xiberoa...

Miramondak ondotik, apalago :
Agur Xiberoa !

20. jelkaldia.

Bordeleko türk andereak Mauleko gaztelü zaharrean sartzen.

Oier
Xiberoko lehua
primantxa1 galdürik
Nabarralat joan da
nigarrez hurtürik.

Liburna
Horren bihotz beroa
doi-doia kentürik
Edouard dükari dügü
heben eskentürik.

Maidok
Gaztelü hau jagoiti2
peko dü hartüko
Eta xüxenka deio
berak manatüko3.

Marmanda
Bizkonterik gabe da
Maule baratüko4
Xiberoa ber gisan5
zaigü plegatüko.

Blaia
Arraza ñapürra6 dün
ametsik ez egin
Beti arrahastea
beitate7 horrekin.

Liburna
Halere hein batetan
etxeki8 dezagün
Independentziarik
ez dezan ezagüt.

Maidok
Popülü arrotzekin
ezar nahasirik
Eta Nafarroatik
süstut9 berezirik.

Marmanda
Manexen10 mesperetxüa
bihotzetan heda
Popülüa zatitüz
gure peko beita !

21. jelkaldia

1307an Iruñean, jelki Burguzain, Nafarroako Estatüen Kortebürüa.
Kanpotik jin Oier.

Burguzain
Sakrifizio handia
eginarazi beiteizü
Erregeak ordaria
heben eman nahi deizü.

Bikoitza deizü saria
eta hau date1 lehena
Arradako gaztelüa
eta lürralde gizena.

Oier
Eskerrak erregeari
ederra da jauregia
Haatik ez dit ahazten
Xiberoko ene kargüa.

Burguzain
Nafarroako erregek
hori ere gogoan dü
Armadako banderazain
izentatüko beitzütü.

Kapitain handia zira
denetarik hoberena2
Erregek ontsa3 badaki
ezarri zütü lehena.

Oier
Eskerrak erregeari
egin deitan ohoreaz
Eta horrekin batean
üzten deitan ondareaz.

Burguzain
Ohore bat beno haboro1
zinez kargü handia da
Zure manaspenean2 da
erresumako armada.

Gerlalako zü zirade
gure jaunaren besoa
Esküan düzü jagoiti3
nafar ezpata osoa.

Oier
Erregeari zor dikeot4
ahal dükedan güzia
Nafarroari gaineala
gogoa eta bizia.

Kortebürüak Nafarroako bandera Oierri emaiten deio.
Kiristien aldetik badoatza.


Kanta 10

Arradako gaztelüa

Erribera hegian1
Arrada herria :
Ordokien erditan
gora dü harria
Oier Maulekoa da
horko jaun berria
Nafartar erregeak
espres2 ezarria.

Gaztelü azkarra3 da
goiko jauregia
Bardeak zaintzen dütüan
arrano begia
Bena Maulekoala
hegalez gogoa
Heben ogi ardoak
han aldiz mengoa.

Getzen hil arranoa
isiltü heroia*
Harresi deseginez
jabetü erroia
Gaztelako aizea
desertü motzean
Hüxtülotsez4 horra da5
müsika hotzean.

Arrapiztüko6 zaigü
gaztelü zaharra
Harresien ikertzen
hasi da nafarra
Hegiz hegi7 dabila
berriz arranoa
Arradarik Maulera
bizi Nafarroa.

Hitzak : J.-L. D.
Ahairea : Pette ETCHECOPAR

· Getze-Noaineko güdükan 1521ean hil zen Charles de Mauléon, Arradako jauna, Oierren ondoko bat. Nafarroaren alde ari zen, erresumaren hartzera jinik zen Gaztelako (Castillako) armadaren aitzi. Nafartarrek galdü züen, eta Nafarroa Garaia Gaztelako erregearen peko dago.

22. jelkaldia

1314an Iruñean (Pamplona), Nafarroako Estatüen bilküran.
Jelki erresumako hamabi "ricombre" jaunak, haietan Oier eta Gobernaria.

Oier
Hamabi "ricombre" jaunak
egün bildürik girade
Hiri berri baten plana
dügülarik heben xede.

Errege jaunaren manüz
Aralarko müga hortan
Eraiki behar dizügü
kasi Gipuzkoako jüntan.

Gobernaria
Gaztelaren zerbütxüala
bortxaz erori beitziren
Gipuzkoarrak ari zaizgü
hor tai gabe1 zirukatzen.

Oier
Jüstoki mendi zolan da
plantatü behar hiria
Güne xüxenarentako
zoin da züen abürüa2 ?

Gobernaria
Sakanako ibarrean
behar lizate plantatü
Etxarri-Aranatz dügü
hiri batentako haütü.

Beste abürürik ez da ? Akort girenaz geroztik
Goatzan ordüan aitzina
Etxarri da haütatürrik.

Oier
Lehenik harresi hona
üngürüan eginen da
Segürtamena beitate1
denentzat horren segida.

Gero karrika2 berria
barnean antolatürik
Üngürüneko jentea
hortara date3 bildürik.

Gobernaria
Etxarri-Aranaztarrer
Foru bat emanen zaie
Eginbidearen berme
züzenbidearen alde.

Oier
Agur jaunak, ikus arte
Jinko honak plazer badü
Adin handia hüllan4 düt
orai behar düt anpletü5.

23. jelkaldia

Jelki Oier eta horren lagünak, Etxeber apezarekin.

Oier
Partitzeko1 tenorea
hona non düdan heltürik
Dener agur erraitea
hobe düt ez lüzatürik !

Etxeber
Jaunaren parkamentüa
güziek behar beitügü
Zure hütsez oritürik
arren dolü2 harrezazü.

Jelki aingürüak eta kanta :

Mündü hontako denbora
bazterreala zaizü heltü
Adin eder bat emanik
Jinko honak zütü3 deitü.

Gerla hanitx egin düzü
ez beti zure ogenez4
Jauna oritzen da bardin
obra eta xede honez.

Urte andana lüzean
ez beitzinen egon auher5
Salbatürik zirateke otoitze honari esker.


Kanta 11

Oierren azken otoitzea
(Ahairea : Itsasoa laino dago)

Üdazkena, larrazkena
Urtarorik ederrena,
Sasu1 hunaren segida
Maleruski2 negüa da.

Bizia lanez beterik
Et(a) indarrak higatürik
Bakean dizüt gogoa
Aita-amen ganat banoa.

Gaur ene dolü3 bakoitxa
Maule(r)ik hürrün heriotza
Han ützi nüan bihotza
Han behar nüan korpitza4.

Otoi parka Nafarroa
Xiberoaren erroa
Ene bigerren habia
Eta jagoiti hobia5.

Aita jüje6 hoberena
Ez nezazüla kondena
Zütan beitüt sinestea
A zer indarra fedea,
Zütan beitüt sinestea
A zer indarra fedea !

Oier hilik etzaten da. Erditik eramaiten düe, bi armada adiskideez agurtürik eta Etxahun Irurikoaren "Agur Xiberoa" kantorearen airean, müsikaz lagüntürik.

Azken perediküa

Libertataren alde
hanitx erauntsi beitzüan
Behar zena egin dügü
gure jaunaz oritzean.

Bizkonteaz gabetürik
Herria ez zen hortan hil
Bizirik da Xiberoa
honen alde gitean bil.

Oier itzali zenean
aldia hartü Lextarrek
Zinbideta han eginez
ardüra xiberotarrek.

Nafarroarekilako
tratüak arraberritzez
Borta zabalik etxeki
leheneko haütetsiek.

Hamazortzigerren mentean
bere Sindikak saldürik
Xiberotarren biltzarra
izan zen ezabatürik.

Iraültzaren hatsarrean
probintzia deseginik
Eman zeigüen Distrikak
bazüana horren heinik ?

Laster ezabatü züan
Napoleone lehenak
Orai beharrik hor daude
gure herrien batarzünak.

Etxek detzagün üskara
lürra, lana (e)ta gogoa
Indartsü bezain eüskaldün
bizi dadin Xiberoa.

Ekonomia da korpitza
hizkuntza berriz arima
Bihotzaren axolbean
pentsamentü baten ama.

Algar etxeki dezagün
lehenik besta eginez
Eta zuri püblik hona
beti eskerrak emanez !

Kanta 12

Ene Herria

Ene herria, miresten zütüt haur denborako begiez
Andere handi zira beztitü dentela fizko hegiez
Zaia zolala heltzen nitzaizü doi-doia nizan pettarra
Hatik eskütik etxeki naizü, eta zütan dit indarra,
eta zütan dit indarra.

Azkorri oroz leihoan zütüt, oi Otsogorri Handia
Pixtan behera ikusten deizüt erria edo nigarra
Eta ibarra junpatzen beitü zure kantore zilarrak
Ama hoberik asma deitea, ene Xibero maitea
ene Xibero maitea ?

Ene leihotik ageri düzü beste mendirik halere
Ortzanzurieta, Beltxü, Iparla, Urtsuia eta Baigura
Ene Herria, ez otoi bekaitx, Herria düt hura ere
Ene Herria, ez otoi bekaitx, Herria düt hura ere
Herria düt hura ere.

Oi sorterria, zure leküa bester ützi ez düt gura
Ama bat bera, eta zü zira, Xibero ama haütüa
Eüskal Herria berriz güzia maite düdan etxaltea
Eüskal Herria berriz güzia maite düdan etxaltea maite düdan etxaltea.

Hitzak eta ahairea : J.-L. D.