Bertso jarriak

Bertso jarriak

Kontra erranak, udarak emanak

Estitxu Arozena


00:00 / 4:40

Entzuteko beste bide batzuk

Kontra erranak, udarak emanak

Estitxu Arozena

2021ko irailak 4


Estitxu Arozena Albizu. Mutrikun (Gipuzkoa) jaio zen 1975ean, eta hiru hilabeterekin joan Lesakara (Nafarroa). 16 urterekin hasi zen plazetan, eta bitan irabazi du Nafarroako Bertso Txapelketa: 1995ean eta 1998an. Bertsolaritza irakasle da ikastetxeetan eta bertso eskoletan.


Doinua: Egunaren izena ez dakit nola zanĀ 


Bertsoak maiz izan du
salaketa usai,
aldarrikapen edo
erantzuteko gai,
baina gaur norberari
begiratu lasai
udara iritsita
kontraerranez blai,
denak ez dira nere,
baina gureak bai.


Baztango turismoaz
hausnarketa nahi zen.
Hasiko banitz nire
bidaiak epaitzen
uztailan, abuztuan,
ahalik ta maizen,
galdera(re)n erantzunak
ni ez nau lasaitzen;
zenbat aroztegitan
egon ote naizen.

Itxura baldin balitz
bizitzeko gasoil,
ilea litzateke
azalaren erdoil,
igerileku, laku
hondartza zein arroil,
emeen irudia
aldatu dugu txoil:
buruan luze-luze,
gorputz guztia soil.

Lesaka, Bera, Leitza,
Goizuta, Hernani,
gaupasa laburretan
txoznetako lami,
auzoan tokatuta
agerraldi, mani,
zaborra, bolumena
protesten legami.
Orain zuek parrandan
eta ohean ni.

Gure elikadura
da gure botika,
sinestea erraza,
lortzea epika,
xuri pare bat hartuz
girotu karrika,
bapo bazkaldu, postre,
noski gintonika,
lekutan gelditu da
makrobiotika.

Nahiz zaila izango den
egotea ados,
onartu behar dira
Tanatos ta Eros,
koherentzia inon
ez daiteke eros,
gure kontraerranak
onartuta behingoz,
hurrengo ekainean
gainditzeko gogoz.

Saio honetako beste atal batzuk