Entzuteko beste bide batzuk
Zazpigarren alaba
Peru Abarrategi
2021ko irailak 11
Peru Abarrategi. Aramaion jaioa (Araba), 1997an. Arabako Eskolarteko txapelduna izan zen 2013an eta 2014an. 2013ko Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen, lehendabiziko aldiz, eta, kuadrilla artekoan, Aramaioko taldearen partaide izan da. Bertso eskolako irakaslea da.
Doinua: Agur intxorta maite
Sei bertsotan nondik hasi leike
ni naizena azaltzeko
paper gainean naukazue gaur
karanbola bat tarteko
bertsolaritza gustuko daukat
dosi txikitan hartzeko
ez dut gehiegi behar izaten
doinu (er)rimaz asetzeko
hainbeste modu ezberdin daude
bertsogintza ulertzeko.
Bizi naiz Bizkaiko lurretatik
ez gertu ez apartean
Gipuzkoa zapaldu izan dut
sarri-sarri ikastean
beste zerbait errotua daukat
aldiz identitatean
gehiegitan bizi izan gara
hemen konpleju artean
jaio nintzen Araban dagoen
oasi txiki batean.
Bertsolaritza afizio dut
bertsolaritza enplegu
ingurukoak izaten ditut
behar ezkero eredu
baina erakutsi behar horrek
sarri hainbeste ernegu
gehiegiri askotan gorantza
begiratu ohi diegu
aurretik beste guztiak daude
eta ondoren gaude gu.
Maitatua sentitzea ez da
inolaz gauza kaxkarra
baina jakin ez dugu bilatzen
zuen onarpen beharra
askotan askok entzuna duen
komentario baldarra
erdi piropoaren tonuan
laudorio hain zatarra
arabarra izanik ez duzu
Peru horren maila txarra.
Bertso eskolak hazten dabiltza
hori dugu erdietsi
aurrerapausoak gutxinaka
behar ditugu berretsi
guzti honek daukan meritua
nahiz askotan gutxietsi
jakin hazia loratuko da
ziur bihar edo etzi
bide onetik dihardugu ta
inork ez dezala etsi.
Konparazioak egitea
dugu gauza kaxkarrena
inor ez dugu bizkorregia
inor ez dugu herrena
gogoraraziz kanturen batek
bere letran dakarrena
hainbat alaba omen ditugu
gure lurretan barrena
paparra puztuta esango dut
nirea zazpigarrena.
Saio honetako beste atal batzuk
-
Oihana Arana, Gortinak itxita
2022ko uztailak 2
-
Kontra erranak, udarak emanak
2021ko irailak 4
-
Tubacex, 200 egun greban
2021ko abuztuak 28
-
Denek esaten didate
2021ko abuztuak 21
-
Larrugorritan
2021ko abuztuak 14
-
Maindi Murua, Arbonatik
2021ko abuztuak 7
-
Garaiak eta penak
2021ko uztailak 31
-
Altzairuzko traste horri
2021ko uztailak 24
-
Ardi beltzaren bertsuak
2021ko uztailak 27
-
Naizen 'ni' guztiei
2021ko uztailak 10
-
Haritz Mujika, Tourrari begira
2021ko uztailak 5