New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Agintari hurrekoa

Kirmen Uribe

Newyorktarrek bi ekintza dituzte eguna banatzeko. Arratsaldeko 7etako txaloaldia da bata eta bestea Andrew Cuomo New York Estatuko gobernadorearen agerraldia. Gobernadoreek botere handia dute hemen, Estatu Batuak horixe baita, estatuen batasuna, eta nahiz eta Trump-ek bonba atomikoa botatzeko botoia izan, estatuen barneko bizitzan ezin da sartu. Presidenteak aholkatu baino ezin du egin, oso argi dago hemen botere banaketa.

00:00 / 4:30

Entzuteko beste bide batzuk

Agintari hurrekoa

Kirmen Uribe

2020ko apirilak 27

Newyorktarrek bi ekintza dituzte eguna banatzeko. Arratsaldeko 7etako txaloaldia da bata eta bestea Andrew Cuomo New York Estatuko gobernadorearen agerraldia. Gobernadoreek botere handia dute hemen, Estatu Batuak horixe baita, estatuen batasuna, eta nahiz eta Trump-ek bonba atomikoa botatzeko botoia izan, estatuen barneko bizitzan ezin da sartu. Presidenteak aholkatu baino ezin du egin, oso argi dago hemen botere banaketa.
Covid 19aren krisialdia hasi zenetik egunero egiten du prentsaurrekoa Cuomok eta milaka eta milaka jarraitzaile fidel ditu. Newyorktarren artean %80tik gorako onarpena du gobernadoreak. Konparazio baterako, Trumpen harrerarik onena % 50ekoa izan zen eta pozarren zegoen gizona. Bi politikariak olioa eta ura dira. Presidentearen agerraldiak kaotikoak dira, inprobisatu egiten du etengabe eta okerrena, ez die herritarrei lasaitasuna eta  konfiantza transmititzen. Pentsa, pasa den astean garbikaria edateko aholkatu zuen, nahiz eta gero brometan zela esan.
Cuomo beste muturrean dago. Gobernadore demokrataren agerpenek segurtasuna, zehaztasuna eta hurbiltasuna adierazten dute. Hasteko, datuak ematen ditu, datu zehatzak egunez egun. Gero hiritarrenganako konfiantza eta esker ona adierazten ditu. Bere ideia nagusia hauxe da, berak datuak eman behar dituela eta gero pertsona bakoitzak jokatu behar duela zentzuz, ezertara behartu gabe. Eta, horrela, jendeak jarraitu egiten ditu bere esanak.
Agerraldietan gizatiar azaltzen da. Larrituta aitortu zuen bere anaia txikiak gaitza zuela. Eta beste behin kontatu zuen nola prestatzen dituen igandetan makarroiak haragi bolekin alabentzat. Cuomoren aitona italiar etorkina zen Queens auzoan, eta bertan janari denda txiki bat zabaldu zuen. Egun osoz egoten zen bertan. Oporrik ez zuen hartzen, igandeko bazkariko hiru orduak ziren aitonaren urteko oporrak. Aita Mario, ordea, intelektuala zen, gobernadorea izan zen hiru legealditan. Poetak aipatzen zituen bere hitzaldietan, eta semea gogor hartzen zuen, literatura baino gustukoago zituelako autoak. Hala ere, etorkizun handia ikusten zioten gaztetan,  Kennedy batekin ere ezkondu zen, baina gero dena joan zen gainbehera. Desengainuak izan zituen politikan eta emaztearekin banandu egin zen. New Yorkeko gobernadore izatea lortu zuen azkenik eta bigarren agintaldian dago orain.
Atzo ere entzun genuen. Datuak ematean entzuleei esan zien, “zaudete lasai, nik ulertu badut, zuek ere ulertzeko gai izango zarete”, apal. Egoera hobetuz doa baina argi utzi zuen maiatzaren 15 arte etxean jarraituko dugula. “Jende gehiegik eman du bere bizitza guregatik, orain guk huts egiteko”.
Hiru igande gehiago Cuomorekin. Makarroiak eta haragi bolak.

Saio honetako beste atal batzuk