New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Aintzirako urei begira

Kirmen Uribe

Iraila eta maiatza dira New Yorken hilabeterik gozoenak. Maiatzetik aurrera, ekaina eder da, baina sargori egiten ere hasten da. Irailaz gero, berriz, hotzak hasten dira, eta urriko hostoen larutzea eta gorritzea ikusgarri izanik ere, behin urria amaituta eguna laburtu egiten da eta tenperaturak zeharo jaitsi. Orduan, jendeak barrunbeetarako ohitura hartzen du, lagunekin geratu, afaldu edo, bakar bakarrik, liburu bat irakurtzeko.

00:00 / 3:23

Entzuteko beste bide batzuk

Aintzirako urei begira

Kirmen Uribe

2021ko urriak 4

Iraila eta maiatza dira New Yorken hilabeterik gozoenak. Maiatzetik aurrera, ekaina eder da, baina sargori egiten ere hasten da. Irailaz gero, berriz, hotzak hasten dira, eta urriko hostoen larutzea eta gorritzea ikusgarri izanik ere, behin urria amaituta eguna laburtu egiten da eta tenperaturak zeharo jaitsi. Orduan, jendeak barrunbeetarako ohitura hartzen du, lagunekin geratu, afaldu edo, bakar bakarrik, liburu bat irakurtzeko.
    Alta, irailean kaleak jendez beteta ikusi ditut, aldrak oinez, bizikletan, hitz aspertuan. Eraikinek urrez eta eztiz egiten dute distira arratsaldero eta musikariek kale kantoiak argitzen dituzte. Central Parkean egoten dira batzuk, aintziraren ertzean, jazz doinuak jotzen. Zelaian eserita, haiek entzuten, bista lakura joan zait. Nahiz eta euri uriola egin, nahiz eta lehortea izan, urak ez du ez gora eta behera egiten han. Txinako arrantzaleen ipuin zaharra hartu dut gomutan (ala nik neuk asmatuko nuen), esaten duena marea gora delarik jaiotzen den umea neska izango dela, eta marea beherarekin aldiz, mutila, edo alderantziz zen? Parkeko ur mugiezinei begira, ez gora ez behera, amestu dut, agian hemen umeak ez direla jaioko ez neska ez mutil. Generoa, hala nahi izanez gero, gero hautatuko dutela.
    Halako batean, taldeko baxu-joleak itzarri nau ametsetik. Eskuarekin agurtu nau. Horren musika bikaina jotzeko gai den artista aste barruko egunetan umetxo bat zaintzen egoten da gure eskolako patioan. Hortik ezagutzen gaitu. Zaintzako diru horrekin lortzen du hilabetea pasatzea.
    Ai, musikariak, zuek bai bizi dituzuela marea gorak eta beherak.

Saio honetako beste atal batzuk