New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Alkate berria

Kirmen Uribe

Alkatetzarako hauteskundeak izango dira, bihar, asteartearekin, New Yorken. Tira, zehatzagoak izateko, ez dira alkatetzarako hauteskundeak Alderdi Demokratako hautagaia aukeratzeko baino. Dena den, ikusita demokratek New Yorken duten indarra, bihar irabazten duenak erraz izango du alkatetza lortzea. Horregatik mundu guztiak hartzen ditu biharkoak alkatetzako hauteskunde gisa.

00:00 / 4:28

Entzuteko beste bide batzuk

Alkate berria

Kirmen Uribe

2021ko ekainak 21

Alkatetzarako hauteskundeak izango dira, bihar, asteartearekin, New Yorken. Tira, zehatzagoak izateko, ez dira alkatetzarako hauteskundeak Alderdi Demokratako hautagaia aukeratzeko baino. Dena den, ikusita demokratek New Yorken duten indarra, bihar irabazten duenak erraz izango du alkatetza lortzea. Horregatik mundu guztiak hartzen ditu biharkoak alkatetzako hauteskunde gisa.
    Hautagai asko dira aurtengo lehian, dozena erdi baino gehiago. Inkestetan aurrena doana Eric Adams da, Brooklyn auzoko agintaria, eta polizia ohia. Pandemiarekin kaleak hustu ziren eta krimena ikusgarriagoa bilakatu zen, Times Square plazan bertan ere tiroketak izanik. Hiritarrak arduratuta daude segurtasunarekin eta, horregatik omen doa buruan. Gainera, afroamerikarra izanik, babes handia du gizatalde horretan. Aukerak dituen beste bat Andrew Yang da, Estatu Batuetako presidenterako aurkeztu zen asiar amerikarra. Eta, halaber, Kathryn lGarcia, udalean luzaroan lan egindakoa.
    Horiek denak moderatuak dira. Alta, ezkerrera egin du nabarmen alderdi demokratak azken urteetan eta hor aukera gehien dituen Maya Miley da, alderdiko ezkerreko buruzagi ezagunen babesa jaso duena. Irabaziko balu, Adams izango zen bigarren alkate afroamerikarra, Yang lehengo asiarra, Garcia lenen emakumea eta Miley, lenen emakume afroamerikarra.
    Hainbeste hautagai daudenez, hautesleek zerrenda bat egin behar dute zein gustatzen zaien gehien esanez, eta bigarren zein, hirugarren, eta horrela. Hautatzeko modu berria da hau, orain arte izen bakarra bozkatzen baitzen. Eta sistema berri honekin inork ez daki zer gerta litekeen.
    Erraza da hautagaiak kalean ikustea. Nonahi egoten dira, eskoletan, metro sarreretan, espaloian. Jendea hurreratu egiten zaie eta edozeinen kezkak entzuten dituzte. Igandean, baserritarren azokan aurkitu nuen bat. Haren lantaldeko batek galdetu zidan ea bozkatuko nuen. “Ez”, erantzun nion. “Errepublikarra zara orduan”, atera zitzaion erdeinu puntu batekin. “Ez, ez da hori. Ez dut hiritartasunik eta ezin dut bozkatu hori da dena”. Mutikoak, “bada, hurrengoan”, bat esan eta, lasai asko, propaganda banatzen jarraitu zuen.

Saio honetako beste atal batzuk