New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Amets

Kirmen Uribe

Bartzelonan izan genuen berri Ondarroako treineruak Kontxako sailkapen estropada irabazi zuela. Bartzelonako aireportuan hain zuzen, New Yorkerako hegaldia hartzear geundela.

00:00 / 3:34

Entzuteko beste bide batzuk

Amets

Kirmen Uribe

2019ko irailak 2

Bartzelonan izan genuen berri Ondarroako treineruak Kontxako sailkapen estropada irabazi zuela. Bartzelonako aireportuan hain zuzen, New Yorkerako hegaldia hartzear geundela. Ondarroan arraunerako joera handia dago, aspalditik, estropadei lotutako istorioak belaunaldiz belaunaldi entzun ditugu etxean. Arraun lehia bati buruzko lehen bertso sorta ere, duela berrehun urtekoa, Ondarroa eta Lekeitioren arteko norgehiagoka bati buruzkoa da. Whatsapez bidalitako bideoetan ikusten da jendea Argoitia neba-arreben “Amets, amets egin” hura kantatzen. Mukuru betea ikusten da alde zaharra, garaipen handi bat ospatzen. Batzuentzako txikia izango da balentria baina ondarroarrentzat handia, amets egiteko aukera ematen digulako. Irabazita baino jendea pozago zegoen horrekin, ametsarekin. Oso gurea da hori. Ez al gara euskaldunok ametsarekin bizi? Ez al gara horregatik ameslari, eskuzabal eta solidarioak?

Nagi esnatu da hiri erraldoia. Auzoan ez da ikusten jenderik. Manhattan behealdean turistez betea dago baina gure auzoko kaleak lasai daude. Hustu egiten da hiria newyorktarrez udan. Datorren astean, hori bai, betiko arnasa eroa hartuko du, beharginak hara eta hona, sirenak, oinezkoez gainezka espaloiak.

Bigarren urtea egingo dugu hemen. Liburutegiko beka bukatuta Columbia unibertsitateak eman dit hurrena. Ikastaro bat emango dut XXI. mendeko literaturaz, mundu osoko literaturaz, ez soilik mendebaldeko tradizio ezagunak kontuan hartuz, txikiak, bazterrekoak, horiek ere bai. Saiatuko gara eskoletan aztertzen zertan aldatu den literatura, zerk desberdintzen duen aurreko mendekotik, ze eragin izan duten sormenean teknologia berriek. Irakastea baino areago ikastea dut asmo. Eta jakina, idazten jarraituko dut, euskaraz eta hemendik.

Ondarroan ametsa ospatzen zuten eta gu ere amets batek ekarri gaitu hona, euskaraz egindako sormena munduratzea, ahal dudan neurrian behintzat. Ez dakit lortuko dugun baina amets egitea beti da ona. Eta bizitzea, unea bizitzea. Eta gero, kantako arrantzale zahar haiek bezala, “berriz itzuliko gera, Ondarruko kaiera”.

Saio honetako beste atal batzuk