New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Arrotza

Kirmen Uribe

Ostiralaz geroztik aurpegia estalirik gabiltza New Yorken. Maskarekin ez, horiek hobeto ospitaletarako uztea. Jendeak zapia jartzen du bisaian, edo etxean egindako mozorro koloretakoa. Tutorialak ere zabaldu dira sarean horretarako. Sentsazioa arraroa da. Erosketak egitera zoazela ez duzu inor ezagutzen, aurpegia estalirik.

00:00 / 2:52

Entzuteko beste bide batzuk

Arrotza

Kirmen Uribe

2020ko apirilak 6

Ostiralaz geroztik aurpegia estalirik gabiltza New Yorken. Maskarekin ez, horiek hobeto ospitaletarako uztea. Jendeak zapia jartzen du bisaian, edo etxean egindako mozorro koloretakoa. Tutorialak ere zabaldu dira sarean horretarako. Sentsazioa arraroa da. Erosketak egitera zoazela ez duzu inor ezagutzen, aurpegia estalirik.
    Supermerkatuko ilaran jarri naiz, bi metroko aldearekin. Atzeko gizona hizketan hasi zait. “Militarra nintzen baina hau ez dut sekula ezagutu. Jendeak zorrotz betetzen ditu aginduak”. Pausu bat eman du aurrera, nirekin hitz egin nahiko balu bezala. “Arbolak lorean daude, neguaren gorriaren ostean eskertzen da udaberria. Nork esango zigun etxean sartuta egon beharko genuela”. Pentsatu dut bakarrik biziko dela eta nahiko zuela norbaitekin berba egin, ilarako tartea zaindu baino nahiago izan du hitz egin. Bakardadea. Denda barrura sartzeko txanda iritsi zait.
    Etxera bueltan atarian aurkitu dut auzoko bat. Ume txikiarekin zetorren kaletik. Hemen behintzat badugu aukera hori. Umetxoak kalera ateratzeko aukera dago, buelta bat emateko, laburra bada eta tarteak zainduz. “Konturatu zara? Eraikinean soilik atzerritarrak geratu gara. Bigarren etxea duten guztiek alde egin dute”, esan dit.
    Nabari da hori arratsaldeko zazpietako txaloaldian. Jende gutxi ikusten da leihoetan. Hustuta dago kalea. Gaudenok gogoz txalotzen dugu. Oihu egiten du jendeak, lapikoak kolpatu, umeen jostailuekin ateratzen du zarata.
    Gaur arratsaldean ezohiko bisitaria izan dugu. Zazpiak eta minutu gutxira Trump-en bandera handi batekin pasatu da gizon bat kalean behera. Errepidearen erditik pasatu ere. Berarentzat nahi zituen txaloak antza. Jendea kexuka hasi zaio. Zaratotsa handitu egin da.
    Poliziak eraman duenean etxera sartu gara denok.

Saio honetako beste atal batzuk