New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Asiarrak

Kirmen Uribe


    Astearte gauean Atlantan hildako zortzi pertsonetatik sei asiar jatorriko emakumeak ziren. Emakume eta asiar izatearren tirokatu zituztela uste da. Asiar jatorriko estatubatuarren aurkako erasoak hazi egin ziren iazko urtean. 3.800 eraso salatu ziren guztira. Trump presidente ohiak zerabilen hizkera arrazistak ez zuen lagunduko giroa baretzen. Covid 19 aipatu beharrean “virus txinatarra” esaten baitzuen edo “Asiako virus-a”.

00:00 / 3:05

Entzuteko beste bide batzuk

Asiarrak

Kirmen Uribe

2021ko martxoak 22

Astearte gauean Atlantan hildako zortzi pertsonetatik sei asiar jatorriko emakumeak ziren. Emakume eta asiar izatearren tirokatu zituztela uste da. Asiar jatorriko estatubatuarren aurkako erasoak hazi egin ziren iazko urtean. 3.800 eraso salatu ziren guztira. Trump presidente ohiak zerabilen hizkera arrazistak ez zuen lagunduko giroa baretzen. Covid 19 aipatu beharrean “virus txinatarra” esaten baitzuen edo “Asiako virus-a”.
    Asiar jatorrikoen aurkako arrazakeria ez da hainbeste aipatzen medioetan, baina gero eta handiagoa da. Oldarrak izaten ari dira kalean, metroan, ikastetxeetan, itxura hutsagatik. Asiar jatorrikoek behargin apalen fama dute, langile klasekoak izaki, beraien baliabide guztiak jartzen dituzte umeen hezkuntzan, ikasle bikainak izan daitezen eta unibertsitate-ikasketak egin ditzaten. Eta horrek ere errezeloak sortzen ditu, betikoa, goian daudenek pribilegioak galtzeko duten beldur madarikatua.
    Emakume izatearren, gainera, biderkatu egiten da kontua. Hor daude asiar emakumeen estereotipo petralak, ederrak omen dira, isilak, mendebaldeko gizon heteroentzat ohekiderik onenak.
    Asko dira asiarren inguruan egiten diren txisteak, itxuragatik, hizkera dela eta. Baina norbaiti buruz barre egitea da biolentziaren aurreneko pausua, bigarren mailako ikustea, norberaren azpitik.
    Guk ere begiratu beharko genuke hori. Badago euskaldunon artean ere asiarrenganako errezelo eta bromarako joera bat. Foroetan ikusten da. Ohartuko ez bagina bezala beraiek idazten eta artelanak egiten ari ziren bitartean, duela milaka urte, gu haitzuloetan bizi ginela.
    Salatu beharra dugu hori eta zuzentzen hasi.
    Horrek guztiak Izen bat duelako: arrazakeria.

Saio honetako beste atal batzuk