New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Azken trenaren zain

Kirmen Uribe

Azken geltokian gaude, azken trenaren zain.
A lerroko trenak bertatik ateratzen dira eta han bukatzen dute ibilbidea.
Zain gaude, tren berria noiz iritsiko.
Badiote bagoi berriak erosi dituela New Yorkeko metroak, teknologian azkenak, erabat desberdinak.
Umeak daude han tren berria ikusteko zain, eta helduak ere bai.
Geltokiko buruak abisatu gaitu, ordu erdi batean helduko da.
Beste modeloak bai, ailegatzen dira, tren zaharrak, hamarkadetan zailduak.

00:00 / 3:21

Entzuteko beste bide batzuk

Azken trenaren zain

Kirmen Uribe

2023ko martxoak 27

Azken geltokian gaude, azken trenaren zain.
A lerroko trenak bertatik ateratzen dira eta han bukatzen dute ibilbidea.
Zain gaude, tren berria noiz iritsiko.
Badiote bagoi berriak erosi dituela New Yorkeko metroak, teknologian azkenak, erabat desberdinak.
Umeak daude han tren berria ikusteko zain, eta helduak ere bai.
Geltokiko buruak abisatu gaitu, ordu erdi batean helduko da.
Beste modeloak bai, ailegatzen dira, tren zaharrak, hamarkadetan zailduak.
Baina berria ez.
Prototipo bakarra da New Yorkeko zainetatik dabilena. R211 modeloa. Eta haren zain gaude.
Geltokian garbitzaileak daude. Trenak iritsi orduko atontzen dituzte, hiru lau minututan, eta gero jendez bete eta berriz abiatzen dira.
Geltokian homeless jendea laguntzen duten boluntarioak daude. Etxerik gabekoak trenetatik jaso eta babeslekuetara eramaten dituzte, haiek nahi izanez gero.
Geltokian poliziak ere badaude.
Geltokiko zuzendaria hurreratu zaigu berriz. Tren berria atzeratu da. Ez da beste hiru ordu laurdenean iritsiko.
Badoaz iristen trenak, baina sekula ere ez gurea.
Jendez husten dira, garbitzen dituzte eta berriz badoaz.
Boluntarioek esan digute ikusgarria dela. Argazkiak ere erakutsi dizkigute.
Garbitzaileek ere irribarre egiten dute hari buruz hitz egitean.
Halako batean, geltokian jendea txaloka hasi da.
Tuneletik argi bat ikusten da.
Badator, badator!
Baina, atx, oker geunden.
Ez da tren berria.
Orduak aurrera doaz. Denak gaude zain. Umeak, gurasoak, garbitzaileak, homelessak, boluntarioak, langileak,…
Geltoki osoa dago tren berriaren zain. Pentsatu dut.
Itxaropena ekarriko digun trenaren zain.

Saio honetako beste atal batzuk