New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Azken txaloak

Kirmen Uribe

Bart arratsean izan ei zen Euskal Herrian azken txaloaldia. Krisiaren egunik latzenetan lehen lerroan egon diren horiei eskerrak emateko eguneroko keinua. Egoera hobetuz doa, urak baretzen, baina ezin erabat lasai egon. Badugu zer ikasia, badugu zer hobetu gizarte bezala, ez dadila dena lehenera bueltatu, irakaspenik atera gabe.

00:00 / 3:09

Entzuteko beste bide batzuk

Azken txaloak

Kirmen Uribe

2020ko maiatzak 18


    Bart arratsean izan ei zen Euskal Herrian azken txaloaldia. Krisiaren egunik latzenetan lehen lerroan egon diren horiei eskerrak emateko eguneroko keinua. Egoera hobetuz doa, urak baretzen, baina ezin erabat lasai egon. Badugu zer ikasia, badugu zer hobetu gizarte bezala, ez dadila dena lehenera bueltatu, irakaspenik atera gabe.
    New Yorken ari dira horretan. Hiria nola berrasmatu, nola egin bizigarriago. Ospitalak gehitu behar dira, eraiki berriak. Baina ez hori bakarrik. Hiria bera ere aldatuko da. Bizikletentzako bide gehiago zabalduko dituzte, abenida luzeetatik autoak atera eta oinezkoei eman, baratzeak sortu orube hutsetan. Hiria geratu egin da baina ez ideiak. Hiritarrak idazten ari dira, proposamenak egiten udalari.
    Estatu Batuetan New Yorkek zehaztu du martxa. Kutsatu gehien han izan dira, eta gauzak hobetu direnean herrialde osoan hobetu dira. Jendeak ahalegin handia egin du, etxean geratu da, maskarak jantzi ditu, bi metrotako tartea egoki zaindu du. Oroimena du hiriak, eta hortxe daude aurretik igarotako krisialdiak. Hiesarena adibidez. Hiesaren memoria zitala hortxe dago eta horrek baldintzatu du hiritarren jarrera Covid 19-arekin ere. Hemen ez dira egon manifestaldiak zabaltzeko, hemen jendeak eskatu du ixtea eta esker onez dago, eta ez bakarrik osasun arloko langileekin. Txartelak jarri dira atarietan, umeek marraztuta, banatzaileei eskerrak ematen.
    Guk jarraituko dugu txalo egiten. Arratsaldero, zazpietan. Bart arratsean txaloaldia eta gero leihotik begira geratu nintzen. Haize leunak arboletatik askatutako loreak airatzen zituen. Tximeletak ziruditen, hegan, tximeletak kalean gora.
    Agian iritsiko ziren ospitalera ere. Txaloak ziren, lore formarekin.

Saio honetako beste atal batzuk