New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Back in New York

Kirmen Uribe

Aldatua aurkitu dugu hiria ekainean joan ginenetik. Kaleak jendez beteta daude, pandemia aurretik bezala ia, eta hori mundu osoko turistak falta direla. Unibertsitateetara ikasleak bueltatu dira, eta hortxe ikusten dira aldraz aldra, pozik, bizitza berri bati hasiera ematen. Broadway-n antzerkia ikusgai da eta Harlem-eko behebarruetan, berriz, betiko jazza. Dendetan eta tabernetan sartu ahal zara maskararik gabe, txertatua izanez gero hori bai, eta negozioetan txartelak daude esanez beharginak behar dituztela lanerako.  Nahiz eta Deltarekin lan hazkundea zertxobait geldotu den, ematen du hiriak atakatik atera nahi duela, bai ala bai.

00:00 / 02:49

Entzuteko beste bide batzuk

Back in New York

Kirmen Uribe

2021ko irailak 6

Baserritarren azokatik ere desagertu dira ilarak eta maskarak, baikor eta atsegin daude saltzaileak. Paraguaioak erostera joan naiz baina ingelesez ez zitzaidan ateratzen hitza, eta laborariari frutaren itxura azaltzen saiatu naiz: biribila, erdian zulo bat duela… “A bai, saturn peach”, argitu dit. “Tamalez, bukatu zaizkit”. Saturn Peach! Hitzaren poetikotasunaz pentsatzen abiatu naiz etxerantz, a ze irudi ederra, Saturnoren itxura duen melokotoiarena. Zergatik deituko ote diogu guk paraguaio?

Baina poetikotasunak badu bere muga. Konturatu naiz etxerik gabekoak ere itzuli direla kalera. New Yorkeko hiriak wifi dorreak ditu jarriak espaloietan, nonahi wifia debalde jasotzeko. Dorre baten alboan aurkitu dut homeless bat, kartoizko ohea bertan jarri eta hantxe, etzanda, mugikorrari begira.

Neure bostean pentsatu dut nori idatziko dion, noren mezua jasotzeko zain egongo ote den.

Saio honetako beste atal batzuk