New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Balitz eta bazan

Kirmen Uribe

Haurtzaroko esaera zen hau, “balitz eta bazan, biak alkarren kazan”. Edo horren bizkia den beste hau, “balego ta balitz, alkarren atzetik dabiz”. Umetan ez nuen oso ondo ulertzen haien esanahia. Balitz eta bazan, bi hitz irudikatzen nituen saltaka urruntzen, bata bestearen atzetik, zerumugan galtzen ziren arte.

00:00 / 3:32

Entzuteko beste bide batzuk

Balitz eta bazan

Kirmen Uribe

2022ko azaroak 14

Haurtzaroko esaera zen hau, “balitz eta bazan, biak alkarren kazan”. Edo horren bizkia den beste hau, “balego ta balitz, alkarren atzetik dabiz”. Umetan ez nuen oso ondo ulertzen haien esanahia. Balitz eta bazan, bi hitz irudikatzen nituen saltaka urruntzen, bata bestearen atzetik, zerumugan galtzen ziren arte.
Amamak maitekor argitzen zidan zer esan nahi zuten: “esaerek esan nahi dute ez dagoela atzera begira egoterik, hau egin banu, beste hau gertatu balitz, horrela egoteak ez dute bueltarik. Iraganean ez egindakoaren damu izateak ez du zentzurik, aurrera egin behar da eta kitto”, horiek amamaren berba zuhurrak.
    Literaturan, antzerkian eta zinean bada “What if” deitzen den genero bat. Historian jazo den gertakizun ezagun bat jazo ez balitz bezala idaztea, gauzak beste era batera gertatu balira nola egongo ginatekeen pentsatzea. Laurent Binet nobelagileak adibidez imajinatzen du europarrek Amerika “deskubritu” beharrean, hango herriak datozela Europara.
    & Juliet deitzen den musikala estreinatu berri dute Broadwayn, Londreseko West Enden arrakasta izan eta gero. Obran Shakespearek Romeo & Juliet entzutetsua idatzi zuen garaia hartzen da gogoan. Baina oraingoan, emazteak, obra berridazteko eskatuko dio genero ikuspegia kontuan hartuz. Esate baterako, Julietak ez duela bere buruaz beste egin behar. Hori soberan dago. Shakespearek kasu egingo dio andreari eta bestelako obra idatziko dute elkarrekin. Eta gizarteak ere, hura ikusita, beste era batera egingo du aurrera.
    Haurtzaroko esaera hartu nuen gomutan musikalaren ostean.  Balitz eta bazan horiek ez dira guztiz alferrekoak, izan daitezke emankorrak ere, iraganera begira egon beharrean etorkizuna bera hobetzen lagun dezakete.
Datozela ba balitz eta bazan, zerumuga berriz zeharkatu eta saltaka, gure mundua argitzera.

Saio honetako beste atal batzuk