New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Benetako Olentzero

Kirmen Uribe

Benetako Olentzero Amazon da New Yorken. Edo hobeto esanda, Santa Claus Amazon da. Etxera gatozen bakoitzean han ikusten ditugu kutxak eta kutxak espaloian ilaran jarrita.

00:00 / 3:21

Entzuteko beste bide batzuk

Benetako Olentzero

Kirmen Uribe

2019ko abenduak 16

Benetako Olentzero Amazon da New Yorken. Edo hobeto esanda, Santa Claus Amazon da. Etxera gatozen bakoitzean han ikusten ditugu kutxak eta kutxak espaloian ilaran jarrita. Banatzaileek atariaren aurrean pilatzen dituzte, ilara luzeak, etxeetan banatzeko. Benetako Olentzerok irribarre bat marraztuta duten kutxak banatzen ditu. Eta etxeko atearen aurrean uzten dizu. Asmatu egin dute horretan, ez dut gezurrik esango, ilusioa egiten du kutxak zabaltze horrek, umetatik nahi izan dugu hori egin. Kutxa zabaldu eta ikusi zer dagoen barruan. Bada hori da irribarredun kutxen magia. Hala ete guztiz ere, magia horrek badu beste aldea, aurkiak badu bere ifrentzua. Aberastasuna gutxi batzuen eskuetan pilatzen ari da, eta lanpostuak eta lanbideak galtzen ari dira. New Yorken bertan jarri behar zuten Olentzero birtualaren egoitza erraldoia eta aurkako erantzun handia jaso zuen. Hainbestekoa izan zen zalaparta, ezen azkenean beste hiri batean jartzea erabaki zuten. Baltimore hiri post industriala biziberritu egin omen du enpresak, lanpostu asko sortu omen ditu han. Baina galarazi ere beste milaka. Eta jende asko ari da galdezka benetan euskarria den kutxen banaketa eskerga hori, nola kudea dezakegun, ingurumenari dagokionez  ere. New Yorkeko liburu dendak kexu dira. Duela hilabete batzuk bigarren eskuko liburu denda bat ixtekotan izan zen. Ixtera zihoazela iragarri zutenean irakurleak dirua biltzen hasi ziren. Eta irakurleek emandako diruari esker aurre egitea lortu dute. Eskerrak hori ere badagoela. Adibide hori bera jarraituz, beste liburu denda kate alternatibo bat ere, Book Culture, diru eskean dabil. Denda atseginak dira, gustuz egindakoak, umeentzako irakurraldiak antolatzen dituzte asteburuetan, ugazabak editore ohi eta irakurzaleak dira.
    Etxera goazela postariarekin egin dugu topo. Emakume atsegina da, etxe barrukoen izen-abizen guztiak dakizki eta halaxe deitzen digu, izenez. Esan digu gorroto dituela Gabonak. “Normalean egunean behin banatzen dugu baina egun hauetan egunean hirutan. Nekatuta gaude”. Eta gero jarraitu du, “zer egingo diogu, lana dudan bitartean gaitzerdi”. Irribarre egin digu, baina irribarre hau ez zen kutxetakoa bezalakoa. Irribarre tristea izan da.

Saio honetako beste atal batzuk