New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Bernie zaharra

Kirmen Uribe

    Bernie Sanders-ek irabazi zituen New Hampshire-ko primarioak eta Iowan ere aurretik geratu zen bozketan. Pixkanaka pixkanaka aurrera doa bere iraultza txikia.

00:00 / 3:11

Entzuteko beste bide batzuk

Bernie zaharra

Kirmen Uribe

2020ko otsailak 17

Bernie Sanders-ek irabazi zituen New Hampshire-ko primarioak eta Iowan ere aurretik geratu zen bozketan. Pixkanaka pixkanaka aurrera doa bere iraultza txikia. Bere ustez ezinezkoa da, Estatu Batuetan, munduko lehen ekonomia izanik, Europako antzeko osasun sare publikorik ez egotea. Mitinetan esaten duenez Estatu Batuetako biztanleen ehuneko 1ak du aberastasunaren ehuneko 20a. Areagotuz joan den joera da hori, aberatsak gero eta gutxiago eta aberatsago dira. Egia da ekonomia sasoian dagoela eta langabezia ehuneko 4koa dela. Baina lan asko oso eskasak dira eta nekez bizi daiteke soldata bakar batekin. Sandersek eskatzen du unibertsitatea libre izatea, eskatzen du beste kanpo politika bat, eskatzen du orain arte baztertuak egon diren horiek ahotsa eta tokia izatea gobernuan.
    Trump-ek “Bernie txoroa” deitzen dio, uste baitu, Europan hain zentzuzkoak diren neurri hauek “komunismoaren hasiera” direla. Alta, gazteen artean jarraitzaile ugari ditu Berniek. Beraientzat berak baino ezin du burutu igartzeko moduko aldaketa.  Auzoetan bizi diren, internetekin hazi diren eta gutxiengoetatik datozen gazte horiek beraiek bigarren aukera bat ematen ari dira Bernieri. Eta hori bera dela hautagai adinekoena, 78 urterekin. Alderdiak, seguru, nahiago izango du beste bat, apalagoa. Eta tarte horretan daude lehian Buttigieg eta Klobuchar, besteak beste. Dena den, demokrata askoren artean, “zergatik ez?” bat ari da zabaltzen. Hillary moderatuak Trump-en aurrean presidentetza galdu zuen 2016an (nahiz eta bozetan irabazi), zergatik ez probatu ezkerreko batekin? Egia dena da, boto-emaileak txoratzen dituen hautagai bakarra dela Sanders, jendea mobilizatzen bakarra dela.
    Behin izan nuen Sanders zuzenean ikusteko aukera. Iowan, 2017an. Liburua aurkezten zuen. Liburu-dendan tokirik ez eta antzokia alokatu zuten. Hura ere bete betea zegoen. Txiki txikia ikusten zen taula-gainean Bernie baina hitz egitean hazi egiten da gizona. “Jakin behar dugu zergatik eman dioten babesa Trump-i langileek, zertan egin dugun huts, aurrera egiteko. Errua besteari botatzearekin ez da nahikoa”. Eta bukatu zuen esaten. “Beraiek gorroto gaituzte. Guk ez. Gu ez gara beraien modukoak. Guk ez ditugu gorrotatzen. Soilik irabazi nahi diegu”.
    Ea noraino iristen den.

Saio honetako beste atal batzuk