New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Berriro ikusiko ez dudan emakumea

Kirmen Uribe

Berriro ikusiko ez dudan emakumea niri begira geratu da 79. kalean metroko bagoira sartu naizenean. Berokiko poltsikotik ateratzen zitzaidan liburuari begira. Berriro ikusiko ez dudan emakumeak galdetu dit Bilbao ote duen izenburua.

00:00 / 2:54

Entzuteko beste bide batzuk

Berriro ikusiko ez dudan emakumea

Kirmen Uribe

2022ko abenduak 5

Berokitik liburua atera eta esan diot izenburua Bilbao-New York-Bilbao dela, eta lagun bati oparitzeko dela. Berriro ikusiko ez dudan emakumeak esan dit Bilbo ezagutzen duela. Penintsula osoa igaro zuela autoz, Lisboatik hasi eta Bilbora, eta hantxe geratu zela egun batzuez. Maitemindu egin zela esan dit, hiru lau egunetako maitemina. Itzultzean euskara ikasi nahi izan zuela. Justu maitasun gutun bat idazteko adina euskara. Bidali nuen gutuna baina ez zidan erantzun. Agian nire euskara txarragatik, hasi zait barrezka. Berriro ikusiko ez dudan emakumeak erakutsi dit New Yorkeko Filarmonikoko kontzertu baten programa. Beethoven eta Mendelssohn. Ederra izan da, esan dit. Ahal baduzu joan. Berriro ikusiko ez dudan emakumeak galdetu dit nongoa naizen. Bilbo ondokoa, esan diot. Hara! Eta zein da zure lana? Idazlea. Metroa iritsi da nire geltokira eta ateak zabaldu dira. Agur, esan dit berriro ikusiko ez dudan emakumeak. Agur, esan diot. Bagoitik atera eta trena abantean jarri da. Barrura begiratu dut eta eskuarekin keinu egin dit berriro ikusiko ez dudan emakumeak.

Saio honetako beste atal batzuk