New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Besarkada garaia

Kirmen Uribe

New Yorken atzetik goaz, ematen du gaitzak ekialdetik mendebaldera egiten duela, gauaren mugimendu bera errepikatuz. Txinan izan zen eztanda eta orain Europa da krisiaren erdigunea. Laster pasako da Amerikara, Estatu Batuetara. Eta jendeak badaki hemen hori.

00:00 / 3:09

Entzuteko beste bide batzuk

Besarkada garaia

Kirmen Uribe

2020ko martxoak 16

New Yorken atzetik goaz, ematen du gaitzak ekialdetik mendebaldera egiten duela, gauaren mugimendu bera errepikatuz. Txinan izan zen eztanda eta orain Europa da krisiaren erdigunea. Laster pasako da Amerikara, Estatu Batuetara. Eta jendeak badaki hemen hori.
    Ostiralean azkenik larrialdi egoera ezarri zuen presidenteak baina ordurako, eskerrak, gizarteak etxeko lan asko eginak zituen. Unibertsitateek eskolak saretik emateko erabakia hartua zuten pasa den astetik. Ikasturtea bukatu arte izango da horrela. Aktibistak sare sozialetatik deika ibili dira etxean geratzeko eskatzen. Auzoetan gazteak antolatu dira adinekoei jana eta botikak eramateko. Langileak metroa ez hartzen hasi ziren eta lanera bizikletaz edo oinez joaten, edo besterik gabe etxetik lan egiten.
    Ostirala baino lehen itxi zituzten ateak museoek, liburutegiek eta antzokiek. Baita taberna askok ere, borondatez. Jatetxe batzuk janaria etxera eramateko eskaintzen hasi ziren, eta liburu-dendek liburuak. Liburuak eta jatetxeak, New York.
    Supermerkatuak jendez gainezka zeuden baina baita ere gailu elektronikoenak, ordenagailuak eta tabletak itxialdi luzerako. Kioskoko gizonak eskuetako desinfektatzailea 15 dolarretan saldu nahi zidan.
    Bai, gu atzetik goaz. Eta espero bezala, bart esan digute New Yorkeko eskolak zarratu egingo direla. Apirilaren 20a arte gutxienez. Hala nahi izanez gero umeek jana izango dute bertan eskura, gosaria eta bazkaria, hori baitzen alkatearen kezketako bat, ume txiroak jatekorik gabe geratzea. Ordenagailurik ez duenari utziko zaio bat etxerako, eskolak etxetik jarraitzeko.
    “Ze laburra izan den besarkada garaia”, esan dit aste honetan gure amak telefonoz. 81 urte ditu eta bere garaian maitasun keinuak urriak izaten ziren. “Oraintxe hasiak ginen elkar besarkatzeko ohitura hartzen eta begira”, kexatu da.
    Ea hau ere laburra den.
    Eta iristen den berriz besarkada garaia.
   


Saio honetako beste atal batzuk