New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Beste Amerika

Kirmen Uribe

Madison parkean kaleko zirkua dago, txotxongiloak, haurrentzako jolasak. Alaba hara eta hona dabil. Emakume bat hurbildu zaio aitari. "Zu zara aita?". "Halaxe da, zergatik". "Oso bizia ikusten da umea, artista arima dauka, ez zenuke nahi aktoresa izatea?".

00:00 / 4:13

Entzuteko beste bide batzuk

Beste Amerika

Kirmen Uribe

2019ko irailak 23

Madison parkean kaleko zirkua dago, txotxongiloak, haurrentzako jolasak. Alaba hara eta hona dabil. Emakume bat hurbildu zaio aitari. "Zu zara aita?". "Halaxe da, zergatik". "Oso bizia ikusten da umea, artista arima dauka, ez zenuke nahi aktoresa izatea?". Aitak hasieran mesfidati begiratu dio emakumeari, baina pertsona ona iruditu zaio. "Debbie naiz. Hau da nire txartela, etorri agentziara eta hitz egingo dugu. Konpromisorik gabe". Aitak txartela sartu du poltsikoan.

Jolasak eta antzerkiak bukatu direnean, "konpromisorik gabe" hura etorri zaio aitari burura. Agian zineko aktorea izan ahal da, nork jakin. Zergatik ez amets egin. Alabari galdetu dio ea probatu nahi duen. Hark, zergatik ez?

Bulegoa Broadway erdigunean dago, etxe orratz batean. Sartu orduko, mugimendu handia sumatu dute. Jendea hara eta hona dabil, umeak, neskatoak, emakumeak. Debbie-ri buruz galdetu eta nor denik ere ez. Zenbaki bat eman diete. "Oraintxe egingo dizute kasu". Kristaletatik neskatoak ikusten dira desfilatzen. Alabak esan dio aitari, "aita nik aktoresa izan nahi dut, ezerengatik ez nintzateke modeloa izango". Galdetegi bat bete dute. Zer da zuretzat garrantzitsua? Zer izan nahi duzu handitan? Umeak erantzun du, ikasketak, lagunak, familia. Biharko egunean aktoresa, futbolaria edo biologoa izan nahi dut. Zain egon dira gero, luzaroan, zenbakidun umeez betetako gela batean.

Luze joan da itxaronaldia, bizpahiru aldiz pasatu zaie burutik handik joatea, eta halako batean hara non etorri den emakume dotore bat beraiengana. "Zatozte, agentzia erakutsiko dizuet. Hemen daude gure modeloen argazkiak, batzuk Munduko Miss izatera iritsi dira. Ni neu ere modeloa izan nintzen garai batean. Nire bi alabak ere badira. Baita iloba ere, umetxoa den arren. Munduko marka guztiak datoz hona modelo eske". Paretetako argazkietan ez dago aktorerik. "Baina ez al da hau aktoreen agentzia?". "Bai, hori ere bai. Oraintxe azalduko dizuet". Behin bulegoan, kontatu die agentzian neskei "ondo portatzen" erakusten zaiela. "Ondo esertzen, ondo jaten, ondo oinez egiten, probetxuzko emakumeak izateko". Aho bete hortz geratu dira aita-alabak. "Badugu ikastaro bat modelo eta aktore izateko baina zuek ere ahalegin txiki bat egin behar duzue. 3600 dolar ordainduta aztertuko genuke alaba gai den ala ez agentziako kide izateko. Oso erraza da, kreditu txartela eman eta listo". "Tira, pentsatuko dugu", modu onean eskua emanez agurtu dute emakumea.

Igogailuan behera doazela, alabak esan dio aitari. "Aita, lasai, nahiago dut biologoa izan".

Saio honetako beste atal batzuk