New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Beti Itzultzen da iragana

Kirmen Uribe

Tom Stoppard antzerki idazlea Txekoslovakian jaio zen judu jatorriko familia batean. Gerran gurasoekin Asiara ihes egitea lortu zuen. Baina aita japoniarrek harrapatu eta hil egin zuten. Ama ofizial britainiar batekin ezkondu zen eta hark eman zion umeari abizena, Stoppard. Ingalaterran hazi, hezi eta egin zen famako kazetari eta antzerkigile britainiar gisa. Amari iraganaz galdetzen zionean ez zuen erantzun garbirik jasotzen. “Orain britainiarrak gara, hemen bizi gara, ingelesezko izen bat duzu”.

00:00 / 3:48

Entzuteko beste bide batzuk

Beti Itzultzen da iragana

Kirmen Uribe

2022ko urriak 10

Tom Stoppard antzerki idazlea Txekoslovakian jaio zen judu jatorriko familia batean. Gerran gurasoekin Asiara ihes egitea lortu zuen. Baina aita japoniarrek harrapatu eta hil egin zuten. Ama ofizial britainiar batekin ezkondu zen eta hark eman zion umeari abizena, Stoppard. Ingalaterran hazi, hezi eta egin zen famako kazetari eta antzerkigile britainiar gisa. Amari iraganaz galdetzen zionean ez zuen erantzun garbirik jasotzen. “Orain britainiarrak gara, hemen bizi gara, ingelesezko izen bat duzu”.


Antzerkigintza munduan bide luzea egin eta gero, heldutasunean, idatzi du Stoppardek maisu-lana. Sekula ez zuen bere familiaz idatzi. Errudun sentitzen zela ere esan izan du, bazuela noizbait zaurian sartzeko beharra. Baina orain arte ezin izan du. Kontatu ez dioten iraganean sakondu eta bera zein den aurkitu du Leopoldstadt antzezlanean.


Leopoldstadt Vienako auzo bat da, non familia juduak bizi ziren II. Mundu Gerra aurretik. Mugimendu txiki bat eginda, Txekoslovakiatik Austriako hiriburura eraman ditu gertaerak idazleak. Akzioa etxe bateko salan gertatzen da, berrogeita hamar urtez aldatuz doan egongelan. XX. mende hasieran hasten da, Gabonetan, une zoriontsu batean. Baina egoera horretan ere xehetasun deseroso bat ageri zaigu, broma baten itxuran. Haur batek juduen sei puntako izarra jarri nahi du, xalotasun osoz, kristautasuna ospatzen duen arbolaren puntan. Eta ez diote uzten. Gutxiengoa eta desberdina izateak daraman deskokapena obra guztian ageriko da. Nahiz eta dena eman Austriaren alde, bizia ere bai, ez dira hangoak. Kide batzuk ihes egin nahi dute beren identitatetik, munduko hiritar sentitzen dira, baina erroak agertu egiten dira ustekabean espaloia zartatzen duten zuhaitzen sustraiak legez, iragana beti itzultzen da. Egongela hori ikusiko dugu, hasieran oparoa, eszenaz eszena pobretzen, hutsik geratzen den arte. Ez al da heriotza azkenean hustasuna?


Obra bukatu denean nire albokoa negarrez aurkitu dut. Asiar amerikarra zen. Agian bere familiak ez zuen halakorik biziko, baina sentitu, berdin sentitu, bai.

Saio honetako beste atal batzuk