New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Betiko jatetxea

Kirmen Uribe

Ezaguna da The New Yorker aldizkariko bineten umore absurdoa eta zitala. 1925ean hasi zenetik, ilustratzaile bikainak izan ditu aldizkariak, marrazkien soiltasunagatik bai, baina batez ere darabilten ironiagatik. Aldizkaria hirian sortu zen eta bertako umorea jasotzen du, intelektuala, konplexua, garratza ere bai. New Yorkeko ironia.

00:00 / 3:22

Entzuteko beste bide batzuk

Betiko jatetxea

Kirmen Uribe

2023ko urtarrilak 23

Ezaguna da The New Yorker aldizkariko bineten umore absurdoa eta zitala. 1925ean hasi zenetik, ilustratzaile bikainak izan ditu aldizkariak, marrazkien soiltasunagatik bai, baina batez ere darabilten ironiagatik. Aldizkaria hirian sortu zen eta bertako umorea jasotzen du, intelektuala, konplexua, garratza ere bai. New Yorkeko ironia.
Bilboko lagun batekin joan nintzen iragan astean Barney Greengrass jatetxera. Amsterdam etorbidea eta 87 kaleen artean, ez da ezer aldatu bertan azken berrogeita hamar urteotan. Hirian geratzen diren “benetako” toki horietako bat da, frankiziak baino zabaltzen ez diren sasoi honetan. Turistak ere aleka iristen dira bertara, auzoko jendea dabil batez ere, jatetxea West Side-ko janari judua ematen duen azkenetakoa baita.
Filma andana egiten dira bertan, hantxe dituzte Leonardo Di Caprio edo Tom Hanksen argazkiak. Dekoratu bizi bat da sasoiko filmetarako. Zerbitzariak ere garai batekoak dira, hitz gutxi eta zakar antzera, New Yorkeko erara. Antzinakoa da dena, kartoizko kutxak han hemen, denda zaharreko apalategiak… ikusgarria. Beste garai batera eramaten zaitu. Imajinatu dut, une batez, Isaac Bashevis Singer idazlea sartzen dela bertara, espaloiaren beste aldean bizi baitzen, New Yorken bizi arren bere hizkuntza zaharrean, yiddishean, idazten zuen erbesteratua.
Eta Isaac ondoan eserita, bazkaldu dugu izokina eta pastrami bokata. Ordaintzeko, zerbitzariak kontua eman digu kutxara eramateko. Lagunak sartu du patrikan. Kutxan baina paperaz okertu eta patrikatik taxiko faktura atera eta eman dio gizonari.
Gizonak, taxiko papera eskuartean hartu eta esan dio:
-Tamalez hemen soilik Uber-eko fakturak onartzen ditugu, ez taxikoak.
-Nola?
-Taxiko faktura eman didazula eta ez kontua.
-Ai, ama. Barkatu!
Lagunak poltsikoan miatu eta kontua eman dio azkenik.
-Sentitzen dut baina uste dut taxia baino garestiago aterako zaizuela– esan digu gizonak barrezka.
Barney Greengrass. Janaria ona baina gizonaren umorea, hori bai bikaina. New Yorkerrekoa.

Saio honetako beste atal batzuk