New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Bi-bietara

Kirmen Uribe

New Yorken dohainetako bat da filmetako pertsonaiak bizitza errealean ezagutzen dituzula. Jose Tasende eta Milton Sterow-ekin geratu gara bazkaltzeko. Edadetuak dira biak baina ez erretiratuak, hemen ez da inor erretiratzen, are gutxiago sormen munduan. Josek sekulako bizitasuna dauka, begiekin egiten du berba. 40 urte bete berri ditu La Joya-n duen galeriak.
00:00 / 4:12

Entzuteko beste bide batzuk

Bi-bietara

Kirmen Uribe

2019ko ekainak 10

New Yorken dohainetako bat da filmetako pertsonaiak bizitza errealean ezagutzen dituzula. Jose Tasende eta Milton Sterow-ekin geratu gara bazkaltzeko. Edadetuak dira biak baina ez erretiratuak, hemen ez da inor erretiratzen, are gutxiago sormen munduan. Josek sekulako bizitasuna dauka, begiekin egiten du berba. 40 urte bete berri ditu La Joya-n duen galeriak. Berak egin zituen famako Estatu Batuetan Chillida, Moore edo Botero eskultoreak. Baina ez du bizitza erraza izan. Amarekin batera atera zen Euskal Herritik gerraostean, ama-semeak bakarrik, umetxoa zela. Mexikon hartu zituzten errefuxiatu. Nondik bizi ez zutenez zesta puntan hasi zen jokatzen Jose. Orduan estatubatuar asko joaten ziren pilota ikustera, aktoreak, idazleak, politikariak. Horien artean Helen, bere emaztea. New Yorkeko arte munduan mugitzen zen jendea ezagutu zuen Helenekin batera. Eta horiek animatu zuten galeria bat jartzen, hasieran Mexikon eta gero Estatu Batuetan. Josek New Yorken kokatzen zuen galeria, baina Helen-ek nahiago izan zuen Kaliforniako bizitza lasaia. "Beti egiten nion kasu Helen-i, ni baino askoz bizkorragoa zen". Alboan du Milton Sterow, Holokaustotik bizirik atera zena. Milton-ek Elia Kazan eta Arthur Miller ditu mintzagai. "Kazan badaezpadakoa zen, Miller beti izan zen atsegina nirekin. Berari egin nion nire lehen elkarrizketa. Gaztetxoa nintzen eta, hala ere, baietz esan zidan". The New York Times-en aritu zen eta gero ArtNews aldizkariko zuzendaria izan zen luzaroan. Aurrez aurre eseri natzaie eta ematen du dokumental bat ikusten ari naizela. XX. mendea kontatzen duen dokumentala. Bi-biek jasan izan zuten gerraren laztasuna, eta gero jakin izan zuten bizitzan aurrera egiten. Joseri bere arrakastaren zergatiaz galdetu ziotenean esan zuen, "beti egiten dut igerian korrontearen kontra". Horixe sekretua. Oraindik ere lanean dihardute. Milton saiatzen ari da II Mundu Gerran naziek lapurtutako liburuak (ez bakarrik artelanak) jabeei bueltan emateko ekimenak bultzatzen. Jose arte enkanteetara joaten da. Kexu dabil. "Jendeak oso gauza garestiak nahi ditu, milioiak balio dituzten gauzak erraz saltzen dira, baina gauza merkeagoak ez, eromena da". Artearen merkatuaren hanpadura. Agurtzean, "Bilbon etxea erosi dut, etorri behar duzu", esan dio Josek Miltoni. Hainbeste urte eta oraindik planak egiten, bizitzak etenik ez balu bezala. Milioiak zuek bai balio dituzuela milioiak, pentsatu dut nire bostean, bi laguntzarrei begira.

Saio honetako beste atal batzuk