New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Bizarginarekin literaturaz berbetan

Kirmen Uribe

Literaturaz berba egin nahi badut, ez naiz joaten Columbia Unibertsitatera, ezta New Yorkekora ere ez, barberura joaten naiz. Auzoan ilea pikatzeko hara joaten gara etxeko mutilok, Amsterdam etorbideko lokal txikira. Argazkien galeria batekin partekatzen du lokala irakasleak. Irakaslea esaten diote eta bizarginari. Niri beti berak mozten dit. Izan ere ez da gauza bera nork mozten dizun ilea. Horretarako ere maniak ditugu. Ez da nola mozten dizun, hori ere bai, bada zertaz hitz egiten duen ere. Eta irakaslea beste bezero batekin lanean baldin badago, zain egoten natzaio banku txikian eserita, hark bukatu arte.

00:00 / 03:02

Entzuteko beste bide batzuk

Bizarginarekin literaturaz berbetan

Kirmen Uribe

2020ko uztailak 6

Literaturaz berba egin nahi badut, ez naiz joaten Columbia Unibertsitatera, ezta New Yorkekora ere ez, barberura joaten naiz. Auzoan ilea pikatzeko hara joaten gara etxeko mutilok, Amsterdam etorbideko lokal txikira. Argazkien galeria batekin partekatzen du lokala irakasleak. Irakaslea esaten diote eta bizarginari. Niri beti berak mozten dit. Izan ere ez da gauza bera nork mozten dizun ilea. Horretarako ere maniak ditugu. Ez da nola mozten dizun, hori ere bai, bada zertaz hitz egiten duen ere. Eta irakaslea beste bezero batekin lanean baldin badago, zain egoten natzaio banku txikian eserita, hark bukatu arte.

Libratzen denean, agurtu egiten nau, “hemen euskalduna, zatoz eseri hemen”. Irakasle deitzen diote bera horixe zelako, literatura irakaslea, Almaty hirian, Kazakhstanen. Errusiako literaturan aditua zen, eta Dostoievskiren Jokalaria nobelaz edo Txejov-en Seigarren pabiloiaz hizketan mozten dit ilea. Ez dut uste Amerikako unibertsitate irakasle batek hobeto egingo zukenik. Liburu guztiak ezagutzen ditu, xehetasun txikienaren jabe da, baina klariona eta arbelaren ordez, artaziak ditu orain ogibide. New York-ek horrelako gauzak ditu. Gutxien espero duzunean aurkitzen duzu pertsona berezi bat. Eta lanbideak ez du zerikusirik.

Irakaslea Kazakhstanetik etorri zen duela urte batzuk hona, familiarekin. Eta familia osoak egiten du lan ile-apaindegian. “Denok gara auzo berekoak, Almaty-n eta hemen ere bai, hemen Queens-en bizi gara”. Euskal Herriaz ere badaki, badaki gurea antzinako hizkuntza dela, eta Kaukasoko hizkeren berri ere ematen dit, euskarekin konparatuz. Galdetu diot nola etorri ziren hona. “Badakizu? Sasoi batean barberu denak italiarrak ziren. Orain ez, orain denak dira Kazakhstanekoak, New Yorken Kazakhstandar gehiago dago gure herrian baino, eta denak bizarginak”, dio barrez. Urte batzuk barru beste nonbaitetik etorriko dira hona eta bizargin hasiko eta gu beste zerbaitetan ibiliko gara lanean, zorterik bada”.

Eta aurrean dudan ispilutik antzeman zaio begiradaren nekatua.

Saio honetako beste atal batzuk