New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Bizitza lehen zen bezala

Kirmen Uribe

New Yorken dendak eta jatetxeak berehalaxe aldatzen dituzte eskuz. Negozio bat itxi eta beste bat zabaltzen dute lokal berean, di-da batean, konturatu ere egin gabe. Lehen burdindegia zena orain kafetegia da. Negozioak ez badu saltzen zarratu egiten da gupidagabe, alokairuen prezioak ez baitu bihotzik.

00:00 / 3:39

Entzuteko beste bide batzuk

Bizitza lehen zen bezala

Kirmen Uribe

2021ko azaroak 1

New Yorken dendak eta jatetxeak berehalaxe aldatzen dituzte eskuz. Negozio bat itxi eta beste bat zabaltzen dute lokal berean, di-da batean, konturatu ere egin gabe. Lehen burdindegia zena orain kafetegia da. Negozioak ez badu saltzen zarratu egiten da gupidagabe, alokairuen prezioak ez baitu bihotzik.
    Nolanahi ere, eraikinek salatu egiten digute haien iragana, matxinatuko balira bezala eskaintza-eskariaren legearen aurka. Columbus etorbidetik paseatzen, gora begiratuz gero, adreiluzko eraikinen teilatupera, hantxe daude ikusgai antzinako idazkunak harrizko frontisean zizelkatuak. Eta halaxe irakurtzen da, esate baterako, “izozki fabrika”, modako arropa denda dagoen eraikin berean.
    Columbusen bertan, 70. kalearekin gurutzatzen, XX. mende hasieran bazen Doll Hospital izeneko leku bat. Doll Hospital, bai, panpinen ospitalea. Entzute handikoa omen zen Lamb doktorearen klinika eta hiri osotik eramaten zituzten andareak bertara. Behin, umetxo bat joan zitzaion erregutuz sendatzeko bere andrakila, hil ala bizikoa zela kontua, hurrengo egunerako behar zuela, osatuta. Lamb doktoreak erantzun zion lasai hartzeko, gau osoan egingo zuela lan beharrezkoa izanez gero. Halakoxea zen Lamb. Hala ere, artisauaren etxekoak larritu egin ziren ez zelako lotara agertu. Biharamunean, dendan aurkitu zuten, hilda, andrakila hautsia eskuetan zuela.
    Lamben istorioak barrua hartuta, New Yorken “Doll Hospital” gehiago ba ote dagoen hasi naiz bila interneten. Egongo al da oraindik lanbide hori duen norbait? Emango al dio bizimodua ateratzeko?
    Nire sorpresarako, aurkitu dut toki bat. Panpinak eta peluxezko hartzak sendatzeko klinika, non eta New Yorken, noiz eta XXI. mendean.
    Izango da oraindik behar dugula norbait, edo zerbait, besarkatu.

Saio honetako beste atal batzuk