New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Central Parkeko izarrak

Kirmen Uribe

Larunbat mugitua izan nuen. Goiz partean, Basque Culinary Center-en lan egiten duten lagun batzuekin nuen hitzordua. Horiekin beti ikasten da zerbait, esan zidaten askoren artean, janari ikerketetan badagoela esparru bat deitzen dena “espazioko janaria”. Espazio ontzietan jaten dena? Galdetu nien nik, xalo. Ez, gauza konplexuagoa da. Martera bizitzera joaten garenean han jan beharko duguna aztertzen duena. Hara!

00:00 / 3:40

Entzuteko beste bide batzuk

Central Parkeko izarrak

Kirmen Uribe

2022ko irailak 26

Hurkoak agurtu eta Central parkeko kontzertura bildu ginen arratsaldean. Global Citizen deritzo ekimenak eta pobreziaren, klima aldaketaren eta berdintasunaren gaietan kontzientziatzea du helburu. Maila handiko taldeek jo zuten bertan, Metallicak edo Rosaliak, besteak beste. Kontzertua debaldekoa zen, zozketa batean atera behar zenituen sarrerak. Ez zuten alkoholik saltzen eta ur botila hutsak betetzeko eskatzen zuten. Kontzertua ez zen soilik musika izan. Tartean aktibistak igotzen ziren eszenatokira eta datuak eman. Mundu mailakoak eta Estatu Batuetakoak. Berrogei milioi pobre omen daude munduko lehen potentzian. Eta gauza harrigarriago bat, bost nesketatik batek eskola egunak galtzen ditu ez duelako konpresarik eskura. Ezin dutelako erosi edo gaia tabua delako oraindik kontinente beteko herrialdeko toki batzuetan. Abortoaren gaia, nola ez, oso presente egon zen. Txalo gehienak jatorrizko herrien eskubideen alde hitz egin zuen emakume gazte batek jaso zituen, “indigenen aurkako gerra sistematikoa” salatu zuen, gaztelaniaz.

Kontzertua bukatu eta gau izarratuaren azpian parkean barrena etxerantz gindoazela, Marteko baratzeen kontu hori jaio zitzaidan burura berriz. Marte kolonizatzen dugunean, barazkiez gain, eramango al ditugu bertara gurekin batera pobrezia, desberdintasuna eta biolentzia?

Gauzak horrela, hobe etxean geratzea.

Saio honetako beste atal batzuk