New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Debatea

Kirmen Uribe

Seme-alabekin batera ikusi genuen debatea. Trump eta Biden-en artekoa esan nahi baita. Semeak, zortzi urte ditu, arbel txiki bat hartu du eta marratxoak egiten hasi da, presoek kartzelan igarotako urteak horman markatzen dituzten eran. Zertarako dira lerro horiek? Galdetu diot. Bada, neurtzeko batak eta besteak zer esan duten ondo.

00:00 / 3:38

Entzuteko beste bide batzuk

Debatea

Kirmen Uribe

2020ko urriak 26

Seme-alabekin batera ikusi genuen debatea. Trump eta Biden-en artekoa esan nahi baita. Semeak, zortzi urte ditu, arbel txiki bat hartu du eta marratxoak egiten hasi da, presoek kartzelan igarotako urteak horman markatzen dituzten eran. Zertarako dira lerro horiek? Galdetu diot. Bada, neurtzeko batak eta besteak zer esan duten ondo. Hara. Ez da txarra, pentsatu dut. Aita, esan dit, ez da erraza Trump nor den eta Biden nor den bereiztea. Biak dira helduak eta biak dira zuriak. Debateak aurrera egin ahala, eta marratxoak gehitzen zihoazen neurrian, esan dit. Orain argiago dut desberdintasuna. Trump haserre dagoen txotxoloa da. Eta bestea, aitona lasaia. Umeak sumatzen du etxean Trump ez dugula bereziki maite, nahiz eta berari zuzenean ezer ez diogun esan, zer edo zer entzun digu. Bat batean, telebistari berbetan entzun dut haurra. Hori ezin da, esan du. Mexikoko mugan gurasoengandik banatzen dituzten haur horiek aipatu dituztenean, hain zuzen. Nik ez nuke nahi horrelako zerbait gertatzerik, aita. Neuk ere ez, seme. Bozkatu duzu dagoeneko? Ez horretarako Estatu Batuetako hiritarra izan behar da. Eta gu ez al gara? Ez. Hemen bizitzen uzten digute eta hori nahikoa. Ez da erraza hiritartasuna lortzea hemen. Eta mugako horiek ere ez dute hiritartasunik? Ez, horregatik tratatzen dituzte hain gaizki. Umea pentsakor geratu da, arbeleko marratxoei begira. Debatea bukatu denean, ez du telebista itzali nahi izan. Tira, bihar eskola eguna da eta lotara joan behar dugu, esan diot. Itxaron ba. Itxaron, zergatik? Hauteskundeak nork irabazi dituen jakiteko. Seme, hori hamabost egun barru jakingo da. Hamabost egun? Ze geldoak diren amerikar hauek.

Saio honetako beste atal batzuk