New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Durango

Kirmen Uribe

Gaueko hegaldia hartuta iritsi naiz Durangora. Ez dut inor euskaraz entzun Loiuko aireportuan. Lana dago egiteko oraindik, euskarak behar ditu espazioak irabazi, pentsatu dut neure bostean.

00:00 / 3:20

Entzuteko beste bide batzuk

Durango

Kirmen Uribe

2019ko abenduak 9

Gaueko hegaldia hartuta iritsi naiz Durangora. Ez dut inor euskaraz entzun Loiuko aireportuan. Lana dago egiteko oraindik, euskarak behar ditu espazioak irabazi, pentsatu dut neure bostean. Durangoko Azokara noa nerabe baten urduritasun berarekin. Hasierako garaiak hartu ditut gogoan. Ikastolatik joaten ginen lagunok, azoka merkatu zaharrean egiten zen urte haietan. Eguerdian azoka itxita egoten zen eta profitatzen genuen herriko tabernara joan eta kafea hartzeko. Gero joaten ginen liburuen ehizan, ondo aukeratuak izan behar zuten, dirua justu genuen-eta mutil koskorretan. Eta banan banan joan zen gelako apalategia betetzen, iritsi ziren Atxaga eta Sarrionandia eta Saizarbitoria eta Lertxundi eta Urretabizkaia eta Borda eta Izagirre. Lehen azoka horietako batean Maiakovskiren kartela eskatu nuen Susako stand-ean. “Ez da kartela, koloretako fotokopia bat da, baina etortzen bazara azken egunean emango dizut”. Gorka Arresek eman zidan hitza eta afixa, urte batzuk barru nire liburuen editore izango zenak. Arresek berak bultzatu ninduen poemak bildu eta lotsak albo batera utzita poema-liburua ateratzera. Horrela sortu zen Bitartean heldu eskutik, berak esan zidalako, “urrirako liburua egin behar duzu, ez dago bueltarik”. Edizio laburra egin genuen, poesiak eskatzen duen neurri txikian, eta azokan bertan bukatu ziren aleak. Horra Durangoko lehen poza. Gerora etorri dira, Bilbao-New York-Bilbao, Mussche, Elkarrekin esnatzeko ordua eta 17 segundo, atzena. Irakurleei galdetzea dut gustuko, liburuei buruz galdetu, eta sinatzerakoan, nongoak diren egin itauna. Iruña eta Maule eta Agurain eta Azpeitia eta Barakaldo eta. Ederra da entzutea bazter guztietatik datozela irakurleak. Zenbat lan Durangorako eta Durangon, zenbat jende euskararen inguruan. Idazlea beste bat da, talde handi bateko kide bat baino ez. Behar dugu euskaldunok Durango. Behar dugu elkarrekin egon, behar dugu jakin badagoela toki bat non euskara osasuntsu dagoen, baduela espazio bat, ohiko estuasunetatik aparte. Bai, behar dugu Durango. Goizeko hegaldia hartuta banoa New Yorkera. Ez dut inor euskaraz entzun Loiuko aireportuan.

Saio honetako beste atal batzuk