New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Egunkariarekin gosaltzen

Kirmen Uribe

Atsegin dut egunkaria irakurtzen gosaltzea. Asteburuetarako dudan gutizia da. Egunkaria hobe paperezkoa. Kafea hartuz pasatzen ditut orrialdeak. New Yorken ere egiten dut, The New York Times-era harpidetu ginen eta larunbat eta igandetan jasotzen dugu etxean. Aste barruan digitala hobe, azkar behatzeko. Baina asteburuetan denbora geratu egin gura izaten dut, umeak lo dauden bitartean, momentutxo hori hartu, niretzat. Covid-aren krisia hasi zenetik beheko atarian uzten dute alea, eta ez gure etxeko atean lehen bezala, goizean goiz, eskailerak jaitsi eta jaso egiten dut. Kafe beroa eta orriak pasatzera.

00:00 / 04:35

Entzuteko beste bide batzuk

Egunkariarekin gosaltzen

Kirmen Uribe

2020ko maiatzak 25

Atsegin dut egunkaria irakurtzen gosaltzea. Asteburuetarako dudan gutizia da. Egunkaria hobe paperezkoa. Kafea hartuz pasatzen ditut orrialdeak. New Yorken ere egiten dut, The New York Times-era harpidetu ginen eta larunbat eta igandetan jasotzen dugu etxean. Aste barruan digitala hobe, azkar behatzeko. Baina asteburuetan denbora geratu egin gura izaten dut, umeak lo dauden bitartean, momentutxo hori hartu, niretzat. Covid-aren krisia hasi zenetik beheko atarian uzten dute alea, eta ez gure etxeko atean lehen bezala, goizean goiz, eskailerak jaitsi eta jaso egiten dut. Kafe beroa eta orriak pasatzera.

Itzela izaten da larunbateko alea, aste osoan irakurtzeko adina orrialde ditu. Pasa den zapatuan ezusteko polita zekarren, Aritz Aduriz-en argazki bat kirolen ataleko azalean. Igandean coronavirusaren ondorioz hildako mila lagunen izenez egin zuten azal printzipala. Ikaragarria. Estatu Batuetan 100.000 hildako egon dira eta haien omenez. Baina ez ziren izenak bakarrik agertzen, izen-abizenak hori bai, adina, jatorria eta halaber zer egin zuen bizian. Izen hutsa jartzea hotzegia baita, datu hutsa, inpertsonala. Antzinako ohitura da hori The New York Times egunkarian, eskelak, ez dira izaten hildakoaren izen-abizenez bakarrik, familiakoek haren bizitza kontatzen dute, non jaio zen, non ikasi, zer lan izan zuen, zeintzuk ziren bere zaletasunak, lagunak, bidaiak, dena. Istorioak kontatzen dira eskeletan eta horrela ohartzen gara galeraz.

Gehigarri berri bat du egunkariak etxeko itxialdia hasi genuenetik, “Etxean” deitzen da. Ideiak ematen dituzte etxeko orduak laburtzeko, ze irakurri, zer entzun, ze jolastu umeekin, zer prestatu jateko, nola egin kirola etxetik atera gabe. Bada hori, “etxean”.

Datuak irakurri ditut gaitzaren aztarna iluna. Nabarmen egin dute hobera. Hala ere, jendea larri  dabil. Hiritarren lautik batek zailtasunak ditu jana lortzeko. Janari bankuak ezinean dabiltza milaka lagunei janaria banatzen. Kalean bizitza kimuak ikusten dira, tabernek barra inprobisatuak jartzen dituzte kalean, zerbeza, margaritak, kafea eramateko eskainiz. Ez dute betiko itxi nahi, eutsi nahi diote kosta ala kosta, hiriak bizi nahi du. Harlemeko musikariek kalean jotzen dute, Broadway-ko aktoreek espaloian antzezten dituzte bakarrizketak. Washington-eko diru laguntzak enpresa handietara joan dira gehienbat baina txikerrek ez dute ia ezer jaso. Eta New York txiki askoz egina dago, hori da hiria, beti izan da eta gehiago orain, aberatsek hiritik alde egin dutenean.

Kafea amaituta, pasa dut azken orria. Hiria esnatzen ari da, badatoz umeak tipi tapa sukaldera.

Saio honetako beste atal batzuk