New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Erdu Durangora

Kirmen Uribe

Trumoi tximistekin esnatu ginen atzo igandez, euria zarra zarra, ez zen giro Durangora joateko. Horrelaxe joan zen eguna, saretzen zuen zerua zertxobait tarteka, baina berehalaxe mazitzen zen berriz, biltzen ziren hodei ilunak, erauntsia iragarriz.

00:00 / 3:23

Entzuteko beste bide batzuk

Erdu Durangora

Kirmen Uribe

2021ko abenduak 6

Trumoi tximistekin esnatu ginen atzo igandez, euria zarra zarra, ez zen giro Durangora joateko. Horrelaxe joan zen eguna, saretzen zuen zerua zertxobait tarteka, baina berehalaxe mazitzen zen berriz, biltzen ziren hodei ilunak, erauntsia iragarriz.
    Zerua urdinetik grisera igaro den bezala, halaxe mudatu da Azokaren egoera azken hilabeteotan, itxaropenetik kezkara pasatu gara.
    Gure kulturak behar du babesa, ez du zerikusirik osterantzekoekin. Ez pentsa dena berez aterako dela ondo, kendu burutik hori. Gure kulturak behar du jendearen berotasuna, behar du sostengua, behar du sortzaile eta hartzaileen arteko komunikazioa.
    Kezkatuta ikusi ditut argitaletxe eta diskoetxeetako langileak, Urrats bat aurrera eman da aurten, egia da, egoera ez da iazkoa, baina urrats baikorra izan arren ez da nahikoa.
    Horrexegatik erdu Durangora, jabe egin liburuak eta diskoak, zaude hizketan sortzaileekin, parte hartu ekintzetan. Ezen euskal kultura gozamena baita, harrapatu egiten zaitu. Nik neuk, Ahotsenean, lau aurkezpen ikusi nituen atzo segidan, Itziar Ugarte Irizar, Fermin Etxegoien, Hedoi Etxart eta Maite Larbururenak, poesia, narratiba, musika. Bata bestearen atzetik gozatu nituen, ia konturatu gabe, eta denek asebete ninduten.
    Ez geratu etxean, hartu aterkia (eta maskara ere bai) eta zatoz. Eta gero, joan bueltan etxera zorroan liburuak eta diskoak gordeta eta, orobat, kulturgileon esker ona.

Saio honetako beste atal batzuk