New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Eric Carleren beldar koloretakoa

Kirmen Uribe

Eric Carlek esan omen zuen berak ez zuela nahi bere liburuak gurasoek hautatzea umeentzat, liburu dendara edo liburutegira joaten zirenean, berak nahi zuen umeek beraiek hautatzea. Eta benetan asmatu zuen horretan. Eric Carleren liburuek forma ez ohikoa dute, eta kolore biziak dituzte. Umeek, gurasoen laguntzarik gabe, irakurtzen jakin gabe ere, haren liburuak aukeratzen, ulertzen eta maitatzen dituzte.  Gure etxean ere halaxe gertatu zen. Carleren beldar gosetia, The Very Hungry Caterpillar, haurren ohean egoten zen gauero, beraiekin batera egiten zuen lo, izara artean. Hostoak jan eta jan dabilen beldar koloretakoa, azkenean mitxeleta bihurtzen den arte.

00:00 / 4:08

Entzuteko beste bide batzuk

Eric Carleren beldar koloretakoa

Kirmen Uribe

2021ko maiatzak 31

Eric Carlek esan omen zuen berak ez zuela nahi bere liburuak gurasoek hautatzea umeentzat, liburu dendara edo liburutegira joaten zirenean, berak nahi zuen umeek beraiek hautatzea. Eta benetan asmatu zuen horretan. Eric Carleren liburuek forma ez ohikoa dute, eta kolore biziak dituzte. Umeek, gurasoen laguntzarik gabe, irakurtzen jakin gabe ere, haren liburuak aukeratzen, ulertzen eta maitatzen dituzte.  Gure etxean ere halaxe gertatu zen. Carleren beldar gosetia, The Very Hungry Caterpillar, haurren ohean egoten zen gauero, beraiekin batera egiten zuen lo, izara artean. Hostoak jan eta jan dabilen beldar koloretakoa, azkenean mitxeleta bihurtzen den arte.

Eric Carle zendu berri da 91 urterekin. New Yorken jaio zen, Siracusan, migrari alemanen familia batean. Baina nonbait herrimin ziren eta Alemaniara bueltatu ziren Eric txikiak sei urte zituela. Aitarekin batera joaten zen basora eta hark animalia txikien garrantziaz ohartarazten zion. Animalia handiak oso ezagunak dira, denok ikusten ditugu, baina txikirik gabe natura ez zen biziko. Idazten zuenean aitarekin egindako mendi buelta haiek etortzen zitzaizkion burura. “Heldu baten tresnak eta jakituria nituen, baina arima, sei urtekoa”.

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean aita nazien armadan engaiatu zuten. “Itzuli zenean ez zen pertsona bera, hondatuta zegoen, fisikoki eta psikologikoki”, idatzi zuen aitari buruz. Handik gutxira, 50eko hamarkadan New Yorkera bueltatu zen Eric, 40 dolar patrikan. Eta marrazten eta idazten hasi zen. Nazien kolore gris eta marroiak ahaztu nahi zituen eta horregatik dira bere liburuak hain koloretsuak, hain bizizaleak.

Joan zaigu Eric Carle, gure umeekin hainbeste momentu on eman digun artista bikaina, haur eta gazte literaturan handienetakoa. Hil da baina bere sei urteko arima gurekin geratu da. Arima ala, mitxeleta koloretakoa, esan beharko nuke.

Saio honetako beste atal batzuk