New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Esker emate eguna

Kirmen Uribe

1940ko 'Thanksgiving' egunean Jose Antonio Agirre lehendakaria New Yorken izan zen. Erbesteratua zegoen hemen orduan, Francorengandik ihesi.

00:00 / 3:32

Entzuteko beste bide batzuk

Esker emate eguna

Kirmen Uribe

2019ko azaroak 25

1940ko Thanksgiving egunean Jose Antonio Agirre lehendakaria New Yorken izan zen. Erbesteratua zegoen hemen orduan, Francorengandik ihesi. Egunerokoan kontatzen du Mari emaztearekin eta seme-alabekin batera joan zela Macy's erostetxe handiak antolatutako desfile erraldoia ikustera. Orduan ere jendetza biltzen zen hiriaren erdialdean. Gero, Valentin Agirre euskaldunaren jatetxera joan omen ziren bazkaltzera. Baina ez zuten indioilarra jan, estatubatuarrek ohitura duten bezala, gauza ezaguna da hori esker emate egunaz ari bagara. Ez, horren ordez piper beteak bazkaldu zituzten, Errioxatik ekarritako ardo goxoaz lagunduta.

Gauzak ez dira gehiegi aldatu ordutik hona. Oraindik ere karrozak atontzen dituzte desfilerako, eta piper beteak jaten duen euskaldunik ere izango da nonbait. Nik neuk ere indioilarra baino nahiago.

Thanksgiving edo esker emate eguna azaroko azken ostegunez izaten da. Ospakizuna ez da erlijiosoa eta horregatik mundu guztiak ospatzen du. Sinesmen, pentsaera, jatorri desberdinetako jendeak. Estatubatuar denek dute berea Thanksgiving, Gabonak ez bezala. Jairik handiena izango da hemen, beharbada. Mugimendu handia egoten da. Autoan sartu eta orduak igarotzen dituzte errepidean, etxera bidean, edo lagunak bisitatzeko.

Gustatzen zait eskerrak ematearen ideia hori. Eskerrak eman bizitzan zehar lagundu zaituzten guztiei, beraiekin gogoratzea, ez da gauza txarra. Aitortzea estimatzen ditugula. Ezen jende asko dago laguntzen zaituena, eta ahaztu ere egiten ditugu gero. Beharbada euskaldunok ere hasi beharko ginateke hori egiten, hain gara ezgauzak maitasun aitortza kontuetan. Tamalez, horrelako jaiekin gertatzen dena da jatorrizko ideia bazterrera uzten dela, eta denak hartzen duela alde komertzial bat, beste guztia estaltzen duena. Eta hori ere gertatu zaio Thanksgiving-i.

Baina utzidazue aproba egiten. Esker emateko keinua egiten. Banoa: Mila esker Berria aukera ematearren, mila esker podcast honen entzulea, astero hor egotearren.

Tira, egin dut. Ez da hain zaila. Ala?

Saio honetako beste atal batzuk