New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Eskolako azken eguna

Kirmen Uribe

Azken eguna da New Yorkeko PS 87 eskola publikoan eta gurasoak patioan daude haurrak jaso zain. Maila bakoitzak patioko lurrean letra bat du margotua eta letra haren gainean egon behar dute esperoan. Gela bakoitza patioko bazter batean.

00:00 / 4:32

Entzuteko beste bide batzuk

Eskolako azken eguna

Kirmen Uribe

2019ko uztailak 8

Atera orduko, gurasoak haurrak saritzen hasi dira, opari txikiak, etxean egindako diplomatxoak, besarkadak. Gauza handia da ikasturtea bukatzea, lan eskerga egin dute haurrek eta badakite hori baloratzen gurasoek. Guretzat, New Yorken igarotako urtean ezustekorik onena eskola izan da. Jauzi handia dago irakasteko eran, han eta hemen. Formei dagokionez eta edukiari. Ordutegia trinkoa da, umeek gosaria eta bazkaria eskolan jaten dute, debalde. Horrela bermatzen da haurrek behintzat egunean birritan jatea, gero etxean afalduko ez balute ere. Han ez daude gure bazkalorduko patio ordu luzeak, non haur asko baztertzeko edo kolpatzeko arriskua egoten den. Maila bakoitzak bere jolastordua du, eta txikerrak ez dira zaharragoekin nahasten. Umeen komunek ez dute generorik. Eta nagusiek debekatuta dute sartzea. Alderantziz zen gure sasoian. Irakasleak ez du ahotsa jasotzen, txalo egin eta isiltzen dira ikasleak. Atsegina da beraiekin, maitekorra. Irakurketak, idazketak eta matematikak dute garrantzia gehien ikasgaiei dagokionez. Beraien ustez, bizitzan aurrera egiteko horiek dira tresnarik muntakoenak, baita internet garaian ere, edo horregatik. Eta musika, kantua (irakaslea desberdina da), artea, dantza, antzerkia eta kirola (multikirola) eskola orduetan lantzen dira. Etxean irakurtzea derrigorrezkoa da, egunean 20 minutu gutxienez, eta jarri behar du umeak argi eta garbi ze liburu irakurri duen, orrialdeak zehazki aipatuz. Asko irakurtzen da New Yorken. Eskolak liburutegi erraldoia du, edozein liburutegi publiko bezain handia, liburuzain profesional batekin. Eta gurasoen parte hartzea handia izaten da eskolan. Bolondres gisa lan handia egiten dute, eta ilusioz, eskolak eta gurasoek auzolana egiten dute haurren hezkuntzan. Adibide bat jarriko dizut. Ikasturte bukaeran rock gau bat izan genuen. Eskolako antzokian, eskola guztiek baitute bat. Bateria, gitarra eta baxua gurasoek jotzen zituzten eta umeek kantatu. Ramones, Velvet Underground, Janis Joplin… Gurasoak askotan joaten dira ikasgeletara, umeek egindako artelanekin erakusketak antolatzen dira eta horiek ikusten dituzte kafetxoa hartuz. Konfiantza emateko umeei, egiten dituzten lanei balioa. Dena da debalde eskola publikoan, hala ere, nahi duenak dirua jartzen du. Jaiak antolatzen dira, subastak, dirua emateko. Diru muntua biltzen da horrela. Eta ez duenak, ez du ematen. Horrek, hori bai, badu beste aldea. Dena ez da hain zoragarri izango. Guraso pobreak dituzten eskola publikoek oso errekurtso gutxi izaten dituzte. Eta desberdintasunak sortzen dira. Abiatu gara patioko letraren gainera. Galdetu diogu irakasleari zer egin udan: “umeekin egon, ondo pasa beraiekin eta irakurri, irakurri etengabe”.


Saio honetako beste atal batzuk