New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Esne-hortza

Kirmen Uribe

Esne-hortz bat, historiaurreko esne-hortza. Horixe aurkitu zuen Jose Migel Barandiaran arkeologoak Axlorreko leizean, han Dimako mendialdean. 70eko hamarkadan jazo zen hori eta Barandiaran adindua zen ordurako. Hortza arkeologia pieza txikien kaxoian gorde zuen, bere altxor kutxa berezian, pentsaturik gulako gizaki batena zela. Eta hantxe geratu zen gordean, ahaztuta. Duela gutxi arte. Kutxako piezak aztertzean gaur egungo zientzialariak konturatu dira hortz txiki hura Neanderthal ume batena dela. Aurkikuntza garrantzitsua, inolako zalantzarik gabe.

00:00 / 03:22

Entzuteko beste bide batzuk

Esne-hortza

Kirmen Uribe

2020ko uztailak 20

Esne-hortz bat, historiaurreko esne-hortza. Horixe aurkitu zuen Jose Migel Barandiaran arkeologoak Axlorreko leizean, han Dimako mendialdean. 70eko hamarkadan jazo zen hori eta Barandiaran adindua zen ordurako. Hortza arkeologia pieza txikien kaxoian gorde zuen, bere altxor kutxa berezian, pentsaturik gulako gizaki batena zela. Eta hantxe geratu zen gordean, ahaztuta. Duela gutxi arte. Kutxako piezak aztertzean gaur egungo zientzialariak konturatu dira hortz txiki hura Neanderthal ume batena dela. Aurkikuntza garrantzitsua, inolako zalantzarik gabe.

Barandiaranek landa eremuetako biztanleekin hitz egiten zuen indusketa lanak hasi aurretik. Baserrietako arkupeetan eseri eta herriko nagusiekin hitz egiten zuen. Izaki mitologikoei eta haien bizilekuei buruz galdetzen zien. Bazekien jenio miragarriak bizi ziren kobazuloetan historiaurreko gizakien aztarnak egoten zirela. Idatzi gabeko legea zen, ia beti betetzen zena. Horrelaxe irakurri diot apunteetan.

Atsegin dut imajinatzea ahozko oroimenak milaka urtez mantendu duela nolabait egun batean kobazuloetan bizi izan ziren izakien oroitzapena. Ez ziren Neanderthal bezala gogoratzen, ez noski, denborak, belaunaldien joanak, bere irudia eraldatu zuen. Kondairazko jenioak bezala oroituko ziren, noizbait auzo eta maitale ere izan genituen gizaki haiek.

Fikzioa memoria baita, denboraz biderkatua. Horixe da bere formula matematikoa. Denboraren joanak gertakizunak aldatu eta fikzio bihurtzen ditu.

Duela gutxi analisi genetikoa egin nuen. Espero nuen sorpresaren bat aurkitzea bertan, halako senide afrikar edo asiarren bat, baina ez, ia denak izan dira hemen ingurukoak, kilometro gutxi batzuk gora behera, milaka urtez. Hori bai, badirudi nire geneen ehuneko laua Neanderthala dela.

Oso portzentaje txikia da. Esne hortz bat bezain txikia.

Saio honetako beste atal batzuk