New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Estudianteen zorra

Kirmen Uribe

Ramadanaren bukaera eguna dela eta, gaur jai dute umeek eskolan. New Yorkeko eskola egutegian erlijio guztiak hartzen dituzte kontuan, eta badaude jai kristauak baina baita ere judu edo musulmanenak. Ekialde urruneko urte berri eguna ere ospatzen da, eta 1492tik aurrera konkistatutako herriena, urriaren 12an. Martin Luther King-en eguna ere bada, afroamerikarrei keinu eginez. Gizatalde bakoitzak du gutxi gora behera haren eguna.

00:00 / 3:36

Entzuteko beste bide batzuk

Estudianteen zorra

Kirmen Uribe

2022ko maiatzak 2

Ramadanaren bukaera eguna dela eta, gaur jai dute umeek eskolan. New Yorkeko eskola egutegian erlijio guztiak hartzen dituzte kontuan, eta badaude jai kristauak baina baita ere judu edo musulmanenak. Ekialde urruneko urte berri eguna ere ospatzen da, eta 1492tik aurrera konkistatutako herriena, urriaren 12an. Martin Luther King-en eguna ere bada, afroamerikarrei keinu eginez. Gizatalde bakoitzak du gutxi gora behera haren eguna.
    Eskolako patioan egoten naiz arratsaldeetan, umeek jolastu egiten dute eskola orduak eta gero, eta ni haiek jagoten egoten naiz, irakurtzen edo gainontzeko gurasoekin berbetan. Gai guztiak ateratzen dira. Iragan astean, gurasoetako batek kontatu zidan zorretan dagoela oraindik gobernu federalarekin. Unibertsitatera joateko kreditua eskatu zuen eta hogei urte eta gero ordaintzen dago oraindik.
    Oso garestiak dira Estatu Batuetan unibertsitateak. 50.000 dolar inguru urteko. Hori biderkatu behar da lau urtez. Berrogeita hamar bider lau, berrehun mila. Eta nahiz eta bekak jaso gutxi dira kreditua eskatzen ez dutenak. Beste gauza bat ere jakin nuen: gobernu federalari kreditua eskatuz gero, sinatu egiten duzu, armadak hala beharko balu, armak hartuko zenituzkela, erreserban geratzen zara. Horrelaxe daude milioika pertsona Estatu Batuetan, ikasle izandakoak, kreditua ordaindu ezinik eta armadarako engaiatuta.
    Demokraten hautes-promesetako bat izan zen zor hori atzeratu edo kitatzea. Bidenek atzeratu egin du eta badirudi zorra barkatu ere egingo duela. 1,6 bilioi galduko lituzke horrela gobernuak. Baina jende askoren lasaitasuna irabazi.
    Maiatzean unibertsitateetan graduatu direnak ikusten dituzu kalean, togekin, kapelekin, jai giroan. Udaberriko beste ezaugarri bat da hirian, lorez dauden gereziondoen antzera, kolorezko togekin estudianteak. Zor hori kitatzeak are zoriontsuago egingo lituzke gazte horiek. Tartean, solaskide dudan gurasoa. Nahiz eta gaur arratsaldean ez dudan ikusiko, jai eguna da eta hemen, Ramadanaren bukaera, Eid al Fitr eguna.

Saio honetako beste atal batzuk