New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Eta bitartean, zer?

Kirmen Uribe

Ruth Bader Ginsburgek belarri txarra omen zen, epaile bikaina zen baina kantaria, ez hainbeste. Hala ere, maite zuen opera. Bada, ez dira garairik onenak lirikarentzat, poetak zioen bezala. New Yorkeko Metropolitan Operak erabaki du denboraldi osoa hutsean uztea eta ez du aterik zabalduko 2021eko udazkenera arte. Opera prestigiotsuaren erabakiak beste antzokietan eragina izango duela esan dute adituek, dominoaren efektua sortuz, gainontzeko antzokiek nekez irekiko dituztela ateak. Broadway-n hori gertatu da. Beraientzat ere amaitu egin da denboraldia. Egin kontu, 96.000 lagunetik gora daude lanean Broadway-n. Ez dira bakarrik dantzariak edo aktoreak, agerian dauden horiek, teknikariak ere hor daude, atzealdean beharrean, argiztatzaileak, soinulariak eta beste. Laguntzen faltan, bestelako lanak bilatzen ere bilatzen hasi dira batzuk.

00:00 / 03:14

Entzuteko beste bide batzuk

Eta bitartean, zer?

Kirmen Uribe

2020ko irailak 28

Ruth Bader Ginsburgek belarri txarra omen zen, epaile bikaina zen baina kantaria, ez hainbeste. Hala ere, maite zuen opera. Bada, ez dira garairik onenak lirikarentzat, poetak zioen bezala. New Yorkeko Metropolitan Operak erabaki du denboraldi osoa hutsean uztea eta ez du aterik zabalduko 2021eko udazkenera arte. Opera prestigiotsuaren erabakiak beste antzokietan eragina izango duela esan dute adituek, dominoaren efektua sortuz, gainontzeko antzokiek nekez irekiko dituztela ateak. Broadway-n hori gertatu da. Beraientzat ere amaitu egin da denboraldia. Egin kontu, 96.000 lagunetik gora daude lanean Broadway-n. Ez dira bakarrik dantzariak edo aktoreak, agerian dauden horiek, teknikariak ere hor daude, atzealdean beharrean, argiztatzaileak, soinulariak eta beste. Laguntzen faltan, bestelako lanak bilatzen ere bilatzen hasi dira batzuk.

New Yorkeko Orkestra Filarmonikoa antzeko dabil. Bertako musikari finek kamioi bat montatu dute “Bandwagon” izenekoa. Eszenatoki handia utzi eta plazarik plaza dabiltza hiritarrei musika klasikoa hurreratuz. Kalean dago orain musika, parkeetan, metro geltokietako sarreretan, jatetxeen kanpoaldean entzuten ahal dituzu musikariak. Hor nabari da hiriaren arima tematia, kosta ala kosta aurrera egiten duena.

Aldarte baikorra duen lagun batek esan berri dit hiria prestatzen ari dela pandemia pasatzen den unerako, dena dagoela gordean baina bizirik, natura neguan bezala, eta gero sekulako eztanda egongo dela. Idazleak idazten ari dira, eta zinegileak, eta dantzariak pauso berriak asmatzen, dena ari da prestatzen hiriko kultura biziberrituko duen une zoragarrirako. Oso ondo dago hori dena. Kontua da nola eutsi ordura arte, nola iritsi laguntzarik ia ez duzunean, zerua goian eta lurra behean zaudenean.

Saio honetako beste atal batzuk