New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Ez ditzagun ahantz

Kirmen Uribe

New Yorkeko Metropolitan Museum-eko artelanen artean, Ponpeia aldeko freskoak dira altxorretako bat. Vesuvio sumendiak eztanda egin zuenean, 79. Urtean, Boscoreale izeneko etxaldea errautsez estalia geratu zen. Fannius Synistor izeneko bankari baten bizilekua zen. XIX. mendearen bukaeran, industen hasi zirenean, freskoekin apaindutako egongela zoragarri bat aurkitu zuten, bere horretan, denbora igaro ez balitz bezala, bi mila urtean.

00:00 / 3:24

Entzuteko beste bide batzuk

Ez ditzagun ahantz

Kirmen Uribe

2021ko martxoak 15

New Yorkeko Metropolitan Museum-eko artelanen artean, Ponpeia aldeko freskoak dira altxorretako bat. Vesuvio sumendiak eztanda egin zuenean, 79. Urtean, Boscoreale izeneko etxaldea errautsez estalia geratu zen. Fannius Synistor izeneko bankari baten bizilekua zen. XIX. mendearen bukaeran, industen hasi zirenean, freskoekin apaindutako egongela zoragarri bat aurkitu zuten, bere horretan, denbora igaro ez balitz bezala, bi mila urtean.

Gaur egun, egongela hori New Yorkeko museoan dago ikusgai. Margoek fikziozko arkitekturak azaltzen dituzte, kolore bizietan. Eta noizbait ugazaba izan zen familiaren irudiak ere ageri dira. Guk gure argazkiak jartzen ditugun eran, beraiek beraien burua ateratzen zuten margoetan. Eta gizona ageri da, gorputzaren goiko aldea biluzik, eta alaba, eta emaztea, soineko arin batekin, haurdun. Haren aldamenean, ispilu batean, mutiko bat agertzen da, abisatu nahiko baligute bezala, emakumeak mutil bat izango duela. Arreta deitu zidan, biluziak gizonezkoenak izaten zirela orduan, eta ez emakumezkoenak, gure garaietan ezarri den bezala. Eta bigarrena, etorkizunaren irakurketa. Familia horrek etorkizun zoriontsu batean egiten zuen amets, ez zuen susmatzen inondik ere sumendiak eztanda egingo zuela eta beraien bizimodua geldiaraziko zuela.

Guk ere ez genuen imajinatzen pasa den martxoan hasi zen pandemiak ekarriko ziguna. Gure bizimoduarekin jarraitzen genuen zer zetorren jakin gabe. Eta larria izan da. Gaitzaren eztandak, gauza guztien gainetik, hildakoak utzi ditu, heriotza zabaldu da gure artean sumenditik behera datorren laba bezala.

Gaitza badoala ematen duen honetan, ez ditzagun ahantz Covid 19arekin hildakoak, oroi ditzagun izen-abizenez, eta banan banan.

Ez daitezen ilunbean gera, Ponpeia aldeko familia hura bezala.
   

Saio honetako beste atal batzuk