New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Ez okertu, faxismoa da

Kirmen Uribe

Errege egunekoa eta gero New Yorkeko lagunen artean harridura lehenik, haserrea gero eta azkenik beldurra nabaritu ditut. Izua, bai, konturatu direlako totalitarismotik pausu bakar batera daudela.

00:00 / 03:02

Entzuteko beste bide batzuk

Ez okertu, faxismoa da

Kirmen Uribe

2021ko urtarrilak 11

Errege egunekoa eta gero New Yorkeko lagunen artean harridura lehenik, haserrea gero eta azkenik beldurra nabaritu ditut. Izua, bai, konturatu direlako totalitarismotik pausu bakar batera daudela.

Tentazioa izan da Europan Washingtonen gertatutakoaz erdi-trufaz aritzeko, pentsatuz bezala, a ze ganora estatubatuarrena.

Tamalez, kontua hori baino larriagoa da. Ezen mozorro zelebre horien eskuetan bandera arrazistak eta supremazistak baitzeuden. Kontua aspalditik dator. Ez zen urtarrilaren seian hasi ezta bukatuko ere. Eta, gainera, Estatu Batuetan gertatzen denak gero itzala izaten du munduan, beraz ez sentitu horiek baino askeago, arazoa sakonagoa da, mundu mailan gertatzen ari den zerbaiten isla.

Erne eskuin muturrak asmatzen dituen konspirazio teoriekin. Adi sare sozialetatik datozen gezurrekin. Hannah Arendt-ek, totalitarismoaren teorikorik behinenak  esan zuen, “gezurra hobeto hazten da arima bakartietan”. Estatu Batuetan horixe gertatu da.

Beraz, ez bakartu, elkartu, hitz egin. Lortu dugun gutxia galtzeko arriskuan egon gaitezke. Eskubide zibil eta sozialak, berdintasuna, gutxiengoen eskubideak, hizkuntzenak, hori dena, ezbaian dago. Udaletxeetan, han balkoian ikusten dugun ikurrin hori, ez da beti egon hor. Debekatua egon zen gure gurasoen sasoian. Ez duela asko. Eta odol asko isuri zen haren defentsan.

Hitz egin gazteekin, kontatu gertatu zena duela ez hain asko, esan askatasuna hauskorra dela, oso.

Ez okertu, Washingtongoa ez da txantxa, ez da barregarria, faxismoa da. Eta horretan, euskaldunok dena dugu galtzeko.

Saio honetako beste atal batzuk