New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Gabon teknologikoak

Kirmen Uribe

Gaur egun dena dago sarean, edozein itaun duzula internetari galdetu: non zegoen Tebas?, edo, non sortzen da oxigeno gehiago ozeanoetan ala oihanetan?, zenbat ordu behar ditu espazio-ontzi batek ilargira iristeko? Bilatzaileari galdetzea b

00:00 / 3:03

Entzuteko beste bide batzuk

Gabon teknologikoak

Kirmen Uribe

2022ko abenduak 12

Gaur egun dena dago sarean, edozein itaun duzula internetari galdetu: non zegoen Tebas?, edo, non sortzen da oxigeno gehiago ozeanoetan ala oihanetan?, zenbat ordu behar ditu espazio-ontzi batek ilargira iristeko? Bilatzaileari galdetzea besterik ez dago. Horixe egiten dugu helduek eta, gu konturatu ez arren baita haurrek ere.
Eta umeek, Gabonetan, bilatzailean sartzen duten galdera behinena hauxe da: “Olentzero benetakoa al da?”. Semeak esan dit Santa Klaus existitzen dela probatzen duen artikulu bat aurkitu duela sarean. Gainera, ez edonolako atarian. The Guardian egunkari britainiarraren zientzia artikulu bat aipatu dit. “Guardian egunkari serioa da, ezta?”, galdetu dit. “Bai, oso”, aitortu diot. “Bada, zientzia ataleko artikulu batek probatzen du egun bakarrean ahal dela matematikoki munduari bira eman, beraz Santa existitzen da”. Orria erakutsi dit eta halaxe zen, jeinu gorri zaharraren existentzia zientifikoki probatua dago.
“Eta Olentzero?”, galdetu diot. “Olentzero ere bai, jakina. Santa Klaus egiazkoa bada, bera ere bai”, argudiatu dit zalantza izpirik gabe. “Begira, azalduko dizut. Badakizu nola egiten duten lan Amazon eta horrelakoek. Beraiek ezin dute munduan zehar dena banatu eta batzuetan tokian tokiko banatzaileekin lan egin behar dute, bada Olentzero da Euskal Herriko banatzailea”.
Poza hartu dut semeak oraindik Olentzeroren sinesmenari eutsi nahi diolako. Eta nonbait badagoelako jendea sarean hori bermatzeko gauzak idazten dituena, jakinik haurrek bilaketak egiten dituztela eta haien inozentzia gorde nahian.
Baina Olentzero Santaren subkontratatua izatea, ez dakit ba.
Espero lan baldintza onak izatea.

Saio honetako beste atal batzuk