New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Gasteizko lagun bat

Kirmen Uribe

Gasteizko lagun bat aurkitu nuen unibertsitatera bidean, ehungarren kale inguruan. Duela hogei bat urte bizi da hemen eta tarteka geratzen gara kafe bat hartzeko. Broadway aldean kafetegi on bat zegoela esan zidan, Silver moon, etxean egindako opilak dituztela bertan eta kafe goxoa.

00:00 / 3:15

Entzuteko beste bide batzuk

Gasteizko lagun bat

Kirmen Uribe

2021ko urriak 18

Gasteizko lagun bat aurkitu nuen unibertsitatera bidean, ehungarren kale inguruan. Duela hogei bat urte bizi da hemen eta tarteka geratzen gara kafe bat hartzeko. Broadway aldean kafetegi on bat zegoela esan zidan, Silver moon, etxean egindako opilak dituztela bertan eta kafe goxoa.
    Tokira iritsi eta lagunak esan zidan, “hartuko duzu hutsik dagoen mahaia? Ni bitartean kafearen eta opilen bila joango naiz”. Hartu nuen mahaia espaloian zegoen, errepidearen alboan. Auto bat geratu zen bazterrean, nire aurrean, pare bat metrora. Trafikoko polizia bat hurreratu zitzaion esanez han ezin zuela geratu eta mesedez alde egiteko. Poliziak, konturatu nintzen, ez zeukan armarik. Barruko gizona agirika hasi zitzaion, ez zegoela eskubiderik, eta kafea bota zion gainera poliziari. Ostean, autoa abantean amorruz jarri eta martxa egin zuen.
    Polizia guri begira geratu zen, ikaratuta. Gaztea zen, beltza. “Soilik handik kentzeko esan nahi nion”, esaten zuen. Kafetegi barrutik langile bat hurreratu zitzaion eta trapu bat eskaini zion, garbitzeko. “Ikaratu egin naiz, kafea bota didan moduan tirokatu ahal ninduen”, esaten zion. Ez zen hain harrigarria izango, handik hurre tiroketak izan baitira duela ez asko.
    Gero, ni neu beldurtu nintzen. Tirokatu balu, ni neu ere harrapatuko ninduen, seguru. Ganora gabe hilko nintzen, kafea hartzeko zain, New Yorken. Armak izatea hain erraza den herrialde bateko ajeak, nahiz eta egia esan, New Yorken debekatuak dauden.
    Horretan nengoela, laguna agertu zitzaidan kafea eta opilekin. “Zerbait gertatu da? Zurbil zaude”.
    “Oraintxe kontatuko dizut”.

Saio honetako beste atal batzuk