New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Geltoki fantasmaren bila

Kirmen Uribe

Hiri arkeologia egin dugu asteburuan. New Yorkeko metroa ezaguna da legenda asko sortu izan dituelako. Batzuk egiazkoak, beste batzuk, ez hainbeste. Garai batean esaten zen piztiak bizi zirela bertan. Aberatsek etxerako hartutako maskota kume exotikoak, krokodilo txikiak, edo tigre kumeak, hantxe askatzen zituztela hazten zirenean.

00:00 / 4:12

Entzuteko beste bide batzuk

Geltoki fantasmaren bila

Kirmen Uribe

2023ko urtarrilak 16

    Hiri arkeologia egin dugu asteburuan. New Yorkeko metroa ezaguna da legenda asko sortu izan dituelako. Batzuk egiazkoak, beste batzuk, ez hainbeste. Garai batean esaten zen piztiak bizi zirela bertan. Aberatsek etxerako hartutako maskota kume exotikoak, krokodilo txikiak, edo tigre kumeak, hantxe askatzen zituztela hazten zirenean.
    Geltoki abandonatuena ere maiz kontatu izan da, hainbat daude, eta esaten da jendea ere bizi dela haietan. Horietan ezagunena, City Hall deritzona da. Rafael Guastavino arkitekto valentziarrak diseinatu zuen XX. mende hasieran. Udaletxe azpiko geltokia zen, hiriko geltokirik garrantzitsu eta dotoreena izatea nahi zuten eta horretan saiatu zen Guastavino zaharra. Bobedadun geltokia diseinatu zuen, bidrierekin, argi naturala sartzen zela, ikusgarria. Munduko geltokirik apainena izango zen. Kontua da, handik urte batzuetara, alferrekoa zela iritzi ziotela. Geltokia bihurgune formarekin zegoen eraikia, Guastavinoren beste balentria bat, eta deserosoa bihurtu zen. Itxi egin zuten.
    Gure semea liluratuta zegoen geltokiarekin. Internetetik jakin zuen bi era zeudela hura ikusteko. Bat, ordainduta, bisita gidatu batekin, nahiko garesti. Bestea, musutruk. Dohako aukera hobetsi zuen.
Geltokia debalde ikusteko hauxe da egin beharrekoa. 6 trenak ibilbidea bukatzen duenean bira hartzen du geltoki zaharrean, haren bihurgunea profitatuz. Kontua da trenera sartzea eta azken geltokian ez ateratzea, barruan geratzea. Eta trenak, buelta hartzen duenean hantxe ageriko da ilunbetik geltoki zaharra.
    Urduri joan ginen gure arkeologia ariketa egitera. Bidaiari guztiak azken geltokitik atera zirenean  sartu ginen gu. Martxan jarri eta bira egin zuenean leihoetatik begira joan ginen, alde batera eta bestera, artega, baina ez genuen ezer ikusi.
“Probatuko dugu berriz?” galdetu zidan semeak. “Agian arreta jartzen badugu…”. Eta bigarrenez sartu ginen 6 trenean. Oraingo honetan astiroago joan zen eta bira egitean “hantxe dago!” oihukatu zidan semeak. Aho bete hortz ikusi genituen Guastavinoren bobedak, bidriera, XX. mende hasierako jende dotorea maletekin, musikariak, dantzariak, krokodiloak eta tigreak ere bai, handik zehar.
    Atera ginenean, emakume gidariak itaundu zigun, “gustuko izan duzue bidaia?” Izan ere, guk ikuskizunaz gozatzeko geldoago eraman zuen trena.
    Eta hau guztia, musutruk.


Saio honetako beste atal batzuk