New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Gereziondoak

Kirmen Uribe

Bronxeko lorategi botanikoan goizeko zortzietan ilarak sortzen omen dira. Ateak zabaltzeko zain egoten da jendea, lorean dauden gereziondoez gozatzeko. Belaze oso bat hartzen dute han, hainbat daude, eta gereziondoen artean gal zaitezke. Lorategi botanikoa ez da gereziondo ikusgarriak dauden parke bakarra. Ale ederrak daude Central parkean edo gure auzoko Riverside apalagoan. Trenbide bat estali eta gainean eraikitako parkea da Riverside, Hudson ibaiaren ondoan. Eta orain gereziondoak loratzen dira azpitik badoazen trenen gainean.

00:00 / 3:28

Entzuteko beste bide batzuk

Gereziondoak

Kirmen Uribe

2023ko apirilak 17

Bronxeko lorategi botanikoan goizeko zortzietan ilarak sortzen omen dira. Ateak zabaltzeko zain egoten da jendea, lorean dauden gereziondoez gozatzeko. Belaze oso bat hartzen dute han, hainbat daude, eta gereziondoen artean gal zaitezke. Lorategi botanikoa ez da gereziondo ikusgarriak dauden parke bakarra. Ale ederrak daude Central parkean edo gure auzoko Riverside apalagoan. Trenbide bat estali eta gainean eraikitako parkea da Riverside, Hudson ibaiaren ondoan. Eta orain gereziondoak loratzen dira azpitik badoazen trenen gainean.

Parke hartan, emakume nagusi bat aurkitu dugu gereziondo bati begira. “Ezal da ederra?”, galdetu digu, iloba bati buruz hitz egiten den ilusio berarekin. Han inguruan hiritarrak baratze komunala lantzen ari ziren, landareak ureztatu eta aldatzen, elkarri kalakan.

Duela bi aste ezer ez zegoen lekuan loreak eta solasak zeuden orain.

Hainbat gereziondo daude Riverside parkean. Neguan adar biluzik egoten dira, uda partean hosto berdez. Baina udaberriko aste bakarrean izaten dute haien gorena. Eta aste bakar horrengatik daude han landatuta, urteko egun gutxi batzuetan sortzen duten lilurak, horrek bakarrik, merezi duelako.

Matsuo Basho poeta japoniar handiak esan zuen gereziondoa kimono arrosaz doan emakume liraina dela, baina laban bat daramala aldean. Edertasuna eta mehatxua. Arbolak erakusten baitigu bizitza haren loreak bezain iragankorra dela, eta badoala bizkor, parke azpiko trenak bezain fite.

Saio honetako beste atal batzuk