New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Gorri

Kirmen Uribe

Erabat nahastuta naukate Estatu Batuetako bi alderdien koloreek. Trump-en alderdiarena gorria da, eta urdinak dira demokratak. Europara begiratuz gero, guztiz kontrakoa litzateke. Aurrerazaleek kolore gorria izango lukete eta kontserbadoreek urdina. Ez naiz ohitzen. Ingalaterran automobilez ibiltzea bezala da, gu eskumatik joaten gara eta beraiek ezkerretik. Eta han gidatuta erraza da nahastea. Berehalaxe pasatzen zara kontrako errepidera. Bada horixe gertatzen zait hemengo alderdien koloreekin.

00:00 / 03:16

Entzuteko beste bide batzuk

Gorri

Kirmen Uribe

2020ko azaroak 2

Erabat nahastuta naukate Estatu Batuetako bi alderdien koloreek. Trump-en alderdiarena gorria da, eta urdinak dira demokratak. Europara begiratuz gero, guztiz kontrakoa litzateke. Aurrerazaleek kolore gorria izango lukete eta kontserbadoreek urdina. Ez naiz ohitzen. Ingalaterran automobilez ibiltzea bezala da, gu eskumatik joaten gara eta beraiek ezkerretik. Eta han gidatuta erraza da nahastea. Berehalaxe pasatzen zara kontrako errepidera. Bada horixe gertatzen zait hemengo alderdien koloreekin.

Ikaragarria da ikustea nola mugitzen ari den jendea hauteskundeekin. 90 milioi lagunek eman du bozka dagoeneko. Parte hartzea inoiz baino handiagoa izango da. Afixak daude nonahi bozkatzeko eskatzen, oinezkoak pegatinekin, parke ondoko eraikin luzeetan pantaila erraldoiak, botoa emateko deia eginez. Ez dute eskaria erakundeek egiten, han bezala, hemen herriak egiten du. Aurtengo bozak benetan muntakoak direla sentitzen dute hiritarrek, baita artistek ere. Patti Smith, Paul Auster edo Jenny Holzer, hor ari dira herrialdeari beste norabide bat emateko bozkatzeko eskatzen. Sekula baino konpromiso handiagoa dago.

Korrika egitera atera naiz goizean. Eta konturatu naiz, niri begira geratzen zirela bidean gurutzatzen nituenak. Ez al dut ba maskararik atera, galdetu diot neure buruari. Hori ere gertatzen zait batzuetan. Eta etxera bueltatzen naiz bila. Baina ez. Aurpegia ukitu dut eta maskara hantxe zegoen. Azkenean asmatu dut zergatik begiratzen zidaten harriduraz. Ondarroako arraun taldearen maskara eraman ohi dut, harro, herriminez. Gorri gorria da. Bada, jendeak pentsatzen du Trumpen aldekoa dela, horren gorria.

Ai ama, hauteskundeak igaro arte hobe dut beste bat jartzea, tonu urdinak dituena, arrantzaleen zapia edo. Arraun taldekoek ulertuko dute.

Saio honetako beste atal batzuk