New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Halloween

Kirmen Uribe

Halloween da beharbada New Yorkeko jairik bereziena. Egun polita da, egia esan. Urriaren azken egunean, arratsaldez, jendea kalera ateratzen da mozorroturik, umeak etxerik etxe dabiltza balde bat eskuan goxokiak jasotzen, ”trick or treat” hura esanda. 

00:00 / 3:22

Entzuteko beste bide batzuk

Halloween

Kirmen Uribe

2019ko urriak 28

Halloween da beharbada New Yorkeko jairik bereziena. Egun polita da, egia esan. Urriaren azken egunean, arratsaldez, jendea kalera ateratzen da mozorroturik, umeak etxerik etxe dabiltza balde bat eskuan goxokiak jasotzen,” trick or treat” hura esanda. Atariak ere apainduak egoten dira horretarako, munstro, mamu eta amaraunekin. Ikusgarri atontzen dituzte batzuk, kaleak ere ixten dituzte horretarako. Bitxia da, segurtasunak halako presentzia handia duen hiri batean goizetik gauera halako aldaketa izatea, hain egun askea bizitzea, kaleetatik jendea libre, ezezagunei etxeko atea zabaltzen zaie, mozorroak nonahi. Village-eko gaueko desfilea famatua da oso, horrek bai ematen duela benetan izua. Luzaroan errebindikaziorako lekua ere izan zen, barrutik zarena bertan adierazteko. Bitxia izaten da ikustea jende helduak nola atontzen duen etxe ataria eta nola egoten den zain auzoko umeak bertara joateko. Gurpildun aulkian zegoen gizon nagusi bat ikusi genuen iaz umeei goxokiak banatzen, pozik. Ez dut ukatuko honek guztiak daukan alde komertziala ere, Estatu Batuetan gaude, baina jendea zoriontsu ikusten da egun horretan.

 Mozorroak ez dira nolanahikoak. Batzuen ateraldiak arras bizkorrak dira. Iaz Banksy-ren koadro bat ikusi genuen kalean, enkantean erosi eta berehala desegin zen margo famatu hura.

 Eskolan gurasoek beraiek antolatzen dute etxe sorgindua, benetan ikara ematen duena. Ipuin bat kontatzen dizute etxe bati buruz eta gero hara barrura zoaz, den dena eskola barruan, eskola-komunitateak eginda. Gutun bat ere jaso dugu bertatik. Hemen oso arduratuta daude azukrearekin. Ez dute uzten gozorik sartzen eskolan. Edo fruta edo gazia, gozorik ez. Alta, Halloween egunean dena da gozokia, umeek baldea bete gozo lortzen dute etxerik etxe joanda. Ohitura da altxorra egun batean etxean izan eta gero botatzea. Bada, gutunean eskatu digute nahi izanez gero goxokiak emateko munduan zehar dauden soldaduei bidaltzeko. Gutunean sartu ditut goxokiak. Baina ez baseetara bidaltzeko, Euskal Herriko senideei baino. Eskertuko dute horko umeek gutun bat jasotzea hemendik, hemengo munstro, mamu eta amaraunen zaporearekin. Eta ez dituzte armarik aldean.

Saio honetako beste atal batzuk