New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Hamabostaldia Mexikon

Kirmen Uribe

Berezko dudan baikortasun, ezen ez xalotasun, honek traizionatu egiten nau batzuetan. Gaztetan maite nuen Emil Cioran-en ezkortasun beltza, baina orain, zer esango dizuet, nahiago dut Bertrand Russell-en inkonformismo bizizalea. Uste genuen abuztuaren bukaeran gauzak hobeto egongo zirela Covid-aren kontuarekin, Europa eta Estatu Batuen arteko mugak zabalduko zituztela eta ez genuela arazorik izango New Yorkera itzultzeko. Baina ez da izan horrela.

00:00 / 03:18

Entzuteko beste bide batzuk

Hamabostaldia Mexikon

Kirmen Uribe

2020ko irailak 7

Berezko dudan baikortasun, ezen ez xalotasun, honek traizionatu egiten nau batzuetan. Gaztetan maite nuen Emil Cioran-en ezkortasun beltza, baina orain, zer esango dizuet, nahiago dut Bertrand Russell-en inkonformismo bizizalea. Uste genuen abuztuaren bukaeran gauzak hobeto egongo zirela Covid-aren kontuarekin, Europa eta Estatu Batuen arteko mugak zabalduko zituztela eta ez genuela arazorik izango New Yorkera itzultzeko. Baina ez da izan horrela.

Europatik AEBetara igarotzeko hirugarren herrialde batera joan behar izan dugu hamabost egunez. Migrariak gara eta ez Estatu Batuetako hiritarrak. Mexiko hautatu dugu, familia dugulako han. Elgoibarreko raketista gaztea, Mexiko hiriko frontoietara joan zena jokatzera, gerra zibileko errefuxiatu batekin maitemindu eta han geratu zena. Bizirik da oraindik, ia ehun urteko emakumea, eta euskaraz baino ez die egiten alabei, gaztelania ahaztuta baitu. Alaben euskara txikia da baina. Hala ere, kanta dezente dakizkite euskaraz, eta halaxe, amarekin batera kantatu egiten dute.

Hamabostaldia opor batzuen gisara hartu dugu, Bertrand Russellek ere halaxe egingo zuen. Zer bestela. Coyoacan herriko etxe batean gaude. Coyoacan-en bizi izan ziren Frida Kahlo, Diego Rivera eta Leon Trotsky. Orobat, Elena Garro eta Octavio Paz. Koloniala du arkitektura, buganbilia margolariak eta kolibri ekilibristak nonahi.

Gela bat hartu dugu. Etxea idazle eta politikari ezagun bate eraiki  zuen, pasa den mendearen hasieran. Enbaxadore ere izan zen. Hala ere, garai hartako umeek ez dute oroitzapen onik. Baloia haren lorategira eroriz gero, haserre jartzen zen gizona. Etxea, edo jauregia hobeto esan, liburuz betetzen joan zen gizona. Milaka ale, gela guztiak liburuz gainezka. Azkenerako, barrura sartu ezin eta etxola bat eraikiarazi zuen lorategian familiarekin bertan bizitzeko. Etxea liburuentzat, etxola bizitzeko.

- Ez da ideia txarra-atera zait barru barrutik. 

- Aita, pentsatu ere ez- erantzun didate umeek.

Saio honetako beste atal batzuk