New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Hans Haacke

Kirmen Uribe

Hans Haacke 83 urteko artista kontzeptualaren atzera begiratua ikustera joan naiz New Museum-era. 33 urte zen Estatu Batuetan erakusketarik egiten ez zuela. Ikusmin handia piztu du artista aleman newyorktarraren bildumak.

00:00 / 4:22

Entzuteko beste bide batzuk

Hans Haacke

Kirmen Uribe

2019ko azaroak 18

Hans Haacke 83 urteko artista kontzeptualaren atzera begiratua ikustera joan naiz New Museum-era. 33 urte zen Estatu Batuetan erakusketarik egiten ez zuela. Ikusmin handia piztu du artista aleman newyorktarraren bildumak. Museoko solairu guztiak hartzen zituen.

 Haackek ideiekin egiten du lan. Gustuko du artearen sakonera joatea, artearen inguruan dagoen negozio hori dena salatzea. Ikusgai dauden piezetako bat, “Shapolsky et al. Manhattan Real Estate Holdings, A Real Time Social System, as of May 1, 1971,” izenekoa, New Yorkeko Guggenheim museoak egindako eskakizun batetik sortua da. Erakusketa egiteko galdegin zioten eta Haackek museoari dirua ematen zioten familien izenak bilatu zituen. Konturatu zen batzuk etxejabeak zirela eta alokatu egiten zituztela etxeak jende pobreari. Eraikin batzuk oso itxura kaskarrean zeuden. Haackek etxe horiei argazkia atera eta etxe jabeen izena jarri zien alboan, museoari dirua ematen zioten aberatsena, hain zuzen. Bertan behera utzi zuten erakusketa.

 Beste pieza batean, Seurat margolariaren “Les Poseuses” koadroa hartzen du ardatz. Koadroak urteetan zehar izan dituen jabe guztien izenak jaso zituen, esku batetik bestera nola pasatzen den, eta nola igotzen zaion prezioa lanari. Gela handi batean, zaldi baten hezurdura erraldoia ageri da. Hanka batean pantaila digital bat du korapilatua. Londresko burtsako datuak datoz bertan. Trafalgar plazarako sortu zuen. Berak esan zuen Londresko plaza horretan errege eta militarren irudiak baino ez zeudela (egia da, bertan dago Nelson famatua) eta zer hobeto han jartzeko gerran hildako zaldi bat baino, inor gainean jarri ezin zaion zaldia. Beste pieza batean automobilen marketako iragarki dotoreak jartzen ditu, eta gero marka horiek berak nola erabili izan diren gerretan, argazki gordinekin.

 Ikusmin handia sortu zuen erakusketak. Eta niri ez dit hutsik egin. Gustuko izan dut Haacke-ren jarrera bitala eta artistikoa. Batzuen batzuk gehiago esperoko zuten igual, uste zuten beharbada 1971an Guggenheimeko hura bezala bertan behera geratuko zela erakusketa hau ere. Baina garaiak ez dira berak. Egun transgresioaren tartea txikiagoa da, edo okerrago dena, hausturak berak ere prezioa du.

 Guggenheimek atzera botatako pieza hori bera, MoMA museoak erosi zuen gero.

Saio honetako beste atal batzuk