Entzuteko beste bide batzuk
Harlem
Kirmen Uribe
2019ko abenduak 2
Federico García Lorca Columbia unibertsitatean egon zen estudiatzen gerra aurrean. Bere egunerokoan idatzi zuenez, unerik atseginenak Harlemen pasatu zituen hango tabernetan jazz musika entzuten. Harlem Columbiatik gertu dago, maldaren beheko aldean. Asko aldatu da Harlem ordutik hona, eta gentrifikazioa dela eta gero eta afroamerikar gutxiago, hots, pobre gutxiago bizi da auzoan, alokairuen prezioen igoera dela eta. Hala ere, badaude oraindik Lorcaren garai hartako zaporea duten taberna ale batzuk.
Halako batean izan ginen larunbat gauez lagun batzuekin Julliard arte eskolan graduatu berria zen neskato afroamerikar bat entzuten. Bera zen taldeko burua, kontrabaxua jotzen zuen ume baten alaitasunarekin. Taldeko musikariek partiturak izan bazituzten aurrean baina sekula ez zuten orria pasatzen, inprobisatu egiten zuten. Ikusgarria da nola bizi duten musika artista horiek. Kontzertu hori eta gero beste bi lokaletara joan ginen. Eta hirugarren kontzertuan aurpegi ezagun bat bat ikusi genuen oholtza gainean. Lehenengo emanaldiko klarinete jole berbera zen. Gau berean bi kontzertu eman zituen, gutxienez. Ez dute diruagatik jotzen, edo baita ere. Kontua da musikariak bandara gehituz joaten direla, elkar ezagutu gabe ere, inprobisatuz doaz.
Shrine deritzon tabernan bi oholtza daude, goiko solairuan musika jotzen da eta sotoan bakarrizketak egiten dira. Hara jaitsi ginen. Aktorea neska gazte bat zen, afroamerikarra hau ere. Eta inprobisatzen ari zen, gidoirik gabeko monologoa zen berea. Sartu ginenean galdetu zigun: “Are you regular whites?” (Ohiko zuriak zarete?) Gure harridura aurpegiak ikusita beste era batera egin zigun itauna: “Where are you from?” (Nongoak zarete?). We’re from the Basque Country, guk. Euskaldunak. Neskak, barre algara eginez, esan zigun: Ok. So you’re not regular whites. (Orduan ez zarete ohiko zuriak).
Eskerrak!
Saio honetako beste atal batzuk
-
Durango
2019ko abenduak 9
-
Esker emate eguna
2019ko azaroak 25
-
Hans Haacke
2019ko azaroak 18
-
Bozkatzera
2019ko azaroak 11
-
Philip Rothen liburua
2019ko azaroak 4
-
Halloween
2019ko urriak 28
-
Itsasargia eta kabina
2019ko urriak 21
-
Iggy Pop eta Jim Jarmursch
2019ko urriak 14
-
Marabilli re
2019ko urriak 7
-
Lurraren denbora
2019ko irailak 30
-
Beste Amerika
2019ko irailak 23
-
Distantzia
2019ko irailak 16
-
Parkeko kometa egilea
2019ko irailak 9
-
Amets
2019ko irailak 2
-
Kanpaiak eta mugikorrak
2019ko abuztuak 26