New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Hart islandeko hilotzak

Kirmen Uribe

Aste honetan mundu zabalean egin dira ezagun New Yorkeko irudi batzuk, non COVID 19aren ondorioz hildakoen gorpuak hobi komunetan sartzen zituzten. Irudiak lazgarriak ziren. Adreiluzko eraikin hondatuen artean, lubaki zabalak, pinuzko kutxa izengabeak, lurrez estaltzen. Leku hari, Hart island deritzo, East River-eko irla bat da, eta Bronx auzoa du hegal batera. Asteon, ospitaletan inork eskatu ez dituen gorpuak lurperatu dituzte han.

00:00 / 2.52

Entzuteko beste bide batzuk

Hart islandeko hilotzak

Kirmen Uribe

2020ko apirilak 13

Aste honetan mundu zabalean egin dira ezagun New Yorkeko irudi batzuk, non COVID 19aren ondorioz hildakoen gorpuak hobi komunetan sartzen zituzten. Irudiak lazgarriak ziren. Adreiluzko eraikin hondatuen artean, lubaki zabalak, pinuzko kutxa izengabeak, lurrez estaltzen. Leku hari, Hart island deritzo, East River-eko irla bat da, eta Bronx auzoa du hegal batera. Asteon, ospitaletan inork eskatu ez dituen gorpuak lurperatu dituzte han.
    Hart Island hilerri publikoa da 1869 urtetik hona. Gutxi gora behera milioi bat pertsona hilobiratu dituzte han mende eta erdi honetan. Hobi komunetan. Hobi bakoitzean ehun eta berrogeita hamar heldu edo mila haur sartzen dira. Etxerik gabekoak izaten ziren gehienak, edo besterik gabe hileta ordaindu ezin zuten horiek.
    Senitartekoek 2014 urtea arte ia ezinezkoa zuten bertara joatea bisitan. Ez zegoen hara ailegatzeko garraiorik. Batzuk arraunean ere joaten ziren, bateletan. Hori dela eta, duela lau hilabete eskas, Bill di Blasio alkateak lekua parke bihurtzeko erabakia hartu zuen. 2021ean gertatuko da hori. Bitartean, Department of Correction sailaren ardurapean jarraituko du irlak. Sail honek kondena laburrak dituzten horien ardura du. Gorpuak lurperatzen laguntzea egokitzen zaie kondenatuei.
    Irlak New Yorkeko historia jasotzen du. Hantxe dago, esate baterako, hiesaren ondorioz hildako haurren hobia. 80 eta 90eko hamarkadetan, bakarrik New York hirian 100.000 lagun baino gehiaho hil ziren hiesaz. Erraz esaten da 100.000 lagun. Horietako asko Hart Islanden daude ehortzirik.
    Aitzitik, dena ez da lazgarria. Duela bi urte, Hart Island project weborria zabaldu zuen Melinda Hunt artistak. Dron batekin irlako argazkiak atera zituen eta saiatu da geroztik hildako bakoitzaren izenak eta bizitzak berreskuratzen. Hobi baten gainean klikatzen baduzu, han agertzen dira izenak eta bizitzak. Jakina, asko eta asko izenik gabe daude. Hutsik. Jendeak egin behar du lan hori. Ezagunak, senitartekoak, web orrira idatzita, betetzen doaz hutsuneak. Eta horrela badoaz hobi komunak memoriaz duintzen.
    Izan ere, duintasuna eta memoria denei zor zaie.

Saio honetako beste atal batzuk