New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Hartzak New Jerseyn

Kirmen Uribe

Ikasturte amaieraren karietara, erabaki dute gurasoek asteburu pasa joatea eskolako familiak. New Jersey-ko parte natural batera. Guk autorik eta camping dendarik ez dugunez esana genuen ez ginela joango baina azken egunotan areagotuz joan da haurren presioa.

00:00 / 3:52

Entzuteko beste bide batzuk

Hartzak New Jerseyn

Kirmen Uribe

2019ko uztailak 15

 Ikasturte amaieraren karietara, erabaki dute gurasoek asteburu pasa joatea eskolako familiak. New Jersey-ko parte natural batera. Guk autorik eta camping dendarik ez dugunez esana genuen ez ginela joango baina azken egunotan areagotuz joan da haurren presioa. “Mundu guztia doa eta gu etxean”. Umeen kexuei eutsi ezinik, halako batean sartu naiz sarera eta erosi dut merkatuko camping dendarik merkeena. Ehun dolarretan denda eta bi ohe puzgarri. Ez dago gaizki. A ze pagotsa. Autoa alokatu eta abiatu gara New Jersey-ra atubideetan barrena. Estatu Batuetan autoa gidatzea aski erraza da, ez da martxa aldatu behar, pedalak zanpatu eta aurrera, barraketako autotxokeetan bezala.

     Bideko paisaia ikaragarria da, erabat bedea eta basa, hiri erraldoietik atera orduko gainera. Iritsi gara tokira. Laku baten alboan dago parkea. Hartzak omen daude inguruan, hartzak, koioteak, mapatxeak. Txartel batea dio hartzen bat ikusiz gero ez ikaratzeko, ez hasi korrika ze harrapatuko zaitu, ez egin hildakoarena ezen benetan hilko baitzaitu. Soilik eragin besoei uxatzeko eta txarrenean hark harrapatuz gero, “borrokatu”. Ai ama, borrokatu. Zaborrik ezin da pilatu parkean eta argirik ere ezin da piztu.

     Jarri dugu denda, Merkeena izateko nahiko handia da, handiegia. Albokoek, milaka metrora jartzeko denda txiki modernoa duten haiek, irribarre egin digute. Baina umeek maite dute gure“katedrala”. Dozena bat haur sartu dira bertan jolastera. Ilundu orduko, joan gara suaren inguruan afaldu eta kantatzera. Ez, ez da filma bat, horixe da plana. Oheak puzteko gailua ez dugula konturatu baiz bat batean. Galdetu eta inork ez du. Nonbait modaz paseak dirudite ohe puzgarriak. Beraz, camping denda barrura joan eta neuk puztu behar izan ditut oheak besteek kantuan ziharduten unean. Puztu, putz eginda jakina. Zorabiatzeko puntuan bukatu dut eta justu orduantxe konturatu naiz zulo handi bat zuela dendak. Umeren batek egingo zuen jolasean, normala, ez da alferrik merkatuko merkeena. Tiritatxo batzuekin estali dut. Itzuli naiz sutara eta kantatu dugu, norbait etorri zaigun arte moztera. “Ikaragarri ondo kantatzen duzue, baina gaueko hamabiak dira”. Hori bai heziketa amerikarrena, ohera bidali gaitu ahotsik altxatu gabe.

    Igaro dugu gaua hartz, koiote eta mapatxeen artean. Hotzez igaro ere, elkarri hertsiki estututa, New Yorken berrogei gradu baitziren eta ez genuen estalkirik hartu.

     Hirirantz itzuli eta New Yorken silueta urrunetik ikustean, lehen aldiz pentsatu dut etxea dei diezaiokedan tokira itzultzen ari ginela.

Saio honetako beste atal batzuk